• hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Txirrindularitza maite baduzu

    txirrindularitza atsegin dut #ondareagaur #zarautz mila esker @kalaportu

    A post shared by Patxi Gaztelumendi (@gaztelumendi) on



    Jesus Loroñok ezagun egin zuen gure herria hemendik kanpo. Eta herritarrak, eta euskaldun asko txirrindularitzaren jarraitzaile egin ziren. Benigno Aspururen esprintak eta balentriak be sarritan entzun ditugu gure herrian. Orduko vueltak, tourra… Parisera bizkletan joan zen gure herriko txirrindulariaren kontuak. Eta KAS txirrindulari taldea, Reynolds geroago, Marino Lejarreta eta Julian Gorosperen sasoiak. Euskaltel. Eta bertan aritu zen Mikel Artetxe larrabetzuarra.

    Baina zaletasuna motelago zegoela zirudienean… 180 txirrindulariko tropela elkartu zen gurean, herriko plazatik atera eta hiru buelta eder emateko karrera antolatu genuenean. Arrakasta.

    Mikel Artetxe urban race lasterketa herrian



    Eta gaur egun, karrera honetan aritu zen Txomin Aiartza txirrindulari gaztea animatzen dugu. Zorte on, eta txirrindularitza maitatzen jarraitu eta bide bazterretik animatzen jarraitzeko arrazoiak iraun dezatela, gure herrian, Euskal Herrian.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Larrabetzu euskal herria

    Martxoan bada giro. Udaberriaren atarian hasi da loretzen herri mugimendua. Aste bizi bizia izan dugu herrian. Eta kalera atera gara behin eta berriro herritarrak. Astegunez, zein asteburuan… egon da zer garen eta zer gura dugu agertzeko aukerarik. Kolore, adin, auzo, pentsaera ezberdinetako herritarrak batu gara, plazan, kalean, auzoetan…

    martxoak 8

    Azken urteotan hauspoaldi feminista ernetzen ari da herrian. Udal berdintasun batzordea batetik, eta Zutunik! emakume taldea sortu dela bestetik, apurka apurka kontzientzia sortzeko ekimenak ugaritzen ari dira Larrabetzun. Aste honetan hainbat ekitaldi izan dira, eta frontoiko dantza eta pilota jokaldien ostean, plazako elkarretaratzea ere jendetsua izan zen. Jendetsua eta koloretsua. martxoak8

    Erretako sorginen alabak, dantzan

    BAI esateko aldarria

    Bariku iluntzean BAI esateko aldarria nagusitu zen Anguleri jauregiaren aurrean. Musika eta bertso jarriak lagunduta, herritarren argudio eta arrazoiak taularatu ziren bertan. Kantuan askatasun gosearekin aldarri egin, eta ozen entzun zen larrabetzuar askoren nahia. Datorren martxoaren 19an egin beharreko galdeketarako giroa gero eta hobea da urian.
    Jendetsua eta koloretsua izan zen ekitaldia. Herritar asko bariku iluntzean.
    bai

    Harria plazara

    Eta domeka eguerdi euritsua izan arren, Eleizaldetik urira bitarteko bidea egin zuen harriak, herritarren indarrez garraiatua. Herri froga honetan, adin ezberdinetako lagunek parte hartu dute. Eta aste osoko mobilizazio giroa nabarmendu da. Ekitaldi guztietan jende asko, giro ona, koloretsua eta irudime eta alaitasunez betetako egitaraua.

    Herri bizia da Larrabetzu, Euskal Herri hobe baten alde dauden herritarrekin. Harro egoteko moduko herria. Euskal herri bat. Hori gara gu, 1937an faxistek erre ezin izan zuten herri honetakoak. Herri zoriontsu bat.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik,  pasahitza

    Etxahun Lekue: Txapelak poz itzela eman dit, 
heldutako mezu guztiek be bai

    Zorionak Etxahun, txapelduna zara .
    Bai, ez da nire buruari inoiz derrigortzat ipinitako gauza bat, baina sari polita da. Txapelak poz itzela eman dit eta zorion moduan heldutako mezu guztiek be bai.

    Herrian be jendeak poztasunez hartu du gainera.
    Bai eta badaukat hori eskertu beharra, egia da jende askok orain zoriondu nauela, baina beste batzuk urteatan dabiltza nire atzetik; bai Bizkaiko txapelketan zein Euskal Herrikoan kantatu izan dudanean -eta ez herritik 20 kmra, urrinago be bai- beti joan da herritar multzo polita saioak ikustera. Ez dakit inoiz eskertu izan dudan baina orain bada eskertzeko momentua, batez be hasieratik jarraitu nautenei.


    Xabier Amurizak txapeldun moduan ibiltzeko. Zein izango da zure zeregina aurrerantzean?
    Gura nuke askorik ez igartzea. Badakit normalean kantatu ez dudan saioren baten kantatzea tokatuko dala, ez dira asko izango halan da be; baina batez be, nire buruari aurrerantzean jarri diodan derrigortasuna izango da normalean urtero deitu izan nauten lekuetako antolatzaileei erantzutea eta saio horretako entzuleei eskertzea. Plaza barrietan bai, baina betikoei erantzuten jarraituz.

    Bizkaiko bertsolari txapelketa Larrabetzuko frontoian.
    Bizkaiko bertsolari txapelketa Larrabetzuko frontoian.

    Oso giro ona egon zan Larrabetzuko saioan be.
    Larrabetzuko saioan danak urten eban ondo. Saioa norbere herrian danean ardura gehigarri bat egoten da, izan be, helburu pertsonalei begiratzeaz gain saio onak urtetea, jende asko batzea eta giro ona egotea gura izaten da. Aurreko egunetan be igarten zan herritar asko be joango zirala eta eurori saio on bat eskaini eta finalerako txartela lortzeak asko poztu ninduen.

    Maila onean dago Bizkaiko bertsogintza?
    Bizkaiko bertsogintza osasuntsu dago. Maila txukuneko bertsolari multzo polita dago eta finala izan da horren erakusgarri. Erreleboa modu naturalean eta apurka emoten dabil eta hori seinale hona da. Bestalde bertso eskoletan alkarregaz harremantzeko gero eta ekimen gehiago egiten dira eta horrek sano eragin positiboa deko.

    Zuk zeuk ie 30 urte bertsoaren inguruan.
    Bizitza osoa daroat bertsoari lotuta. Gaur egun lanbidea eta zaletasuna dot. Ibilbide nahiko berezia eduki dot, izan be, taldean hasi banintzen be hamalau bat urtegaz bakarrik geratu nintzen herrian. Ordurako baneukon harremana inguruko beste bertsolari batzukaz eta horreri esker segitu nuen neurri baten. Ez naz sekula damutu.

    __________ __________________ ______________ ______________

    Bizi LARRABETZU

    Bizi LARRABETZU herri aldizkarirako egindako elkarrizketa.

    Bizi LARRABETZU herri aldizkaria
    Bizi LARRABETZU herri aldizkaria

    Mixel Berhokorigoin laborari eta bakegilea gogoan

  • #Patakon,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    Roge Blasco kazetariarekin Euskal Herrian zehar egindako ibilbideari buruz berbetan

    Inoiz ez nuen pentsatuko Roge Blasco kazetariarekin horrelako bidaiari elkarrizketa bat egingo nuenik. Mundu osoan ibiltzen diren bidaiariak izan ohi dira bere irrati saioan, abenturazale itzelak, sekulakoak eta bi kontatzen dituen jendea… eta halako baten astoagaz egindako ibilbidea kontatzeko gonbitea Radio Euskaditik.

    la casa de la palabra

    Unez une:

    Saio berean gainera, beste hiru larrabetzuar, Txorierriko Lezamako trenbide zaharra aldarrikatuz, ohikoa den martxa deialdia egin, eta proiektuaren alde sutsu.

    lacasadelapalabra

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus

    josemigel etxeandia LIBRE

    1994ko azaroan Larrabetzutik ihes egin zuenetik urte asko pasatu dira. Mexikon atxilotu eta Espainian gartzelaratu zutenetik be igaro da denbora.
    Urrun eta ezlekuetan lehenengo, espetxean eta bisititetan gero.. 21 urteotan hutsune handia itxi digu Josemigelek herrian, inguruan.
    berria

    Azken bidaia

    Gaur goizean azkenik bere bila abiatu gara Salamankarantz. Azken bidaia izan da, urteotako bisiten ostean. Pozik itzuli gara handik, herritar bat gehiago gure artean izango dugula jakinik.


    Eta gaur Larrabetzun ongietorria egingo diogu, herritarrok, lagunek, etxekoek… guztiek. Bateko eta besteko izango da, besarkada, agur, kantu eta malkoen artean.
    Nik neuk, urte hauetako kantu zerrenda bat jarriko dut Hori Bai gaztetxean; izan be, Josemi gure musika aditu eta aholkularia izan zen urteetan. Gazte eguna asmatu eta herria kontzertuen mapan jartzea bideratu zuen, gaztetxea okupatzeko giroa sortu zuen herrian, eta musikazale amorratua izan da urtetoan.
    Urteotan Euskal Herrian eta Larrabetzuko gaztetxean entzun eta ikusi ditugun taldeetako kantu bildumatxoa prestatu dut, zuek ere entzun eta gozatu dezakezuena.

  • agit/prop,  larrabetzutik

    Hori Bai 50 urte lotu barik

    Aspaldian ari gara korrika, arineketan, karraderan… batetik bestera, lotu barik. Euskararen alde, kulturgintzan, mugimendu bizia da Hori Bai gazte elkartearena ere. 1965. urtean sortu eta urtez urte, Larrabetzuko Andra Mari kaleko 23an iraun du zutunik Hori Bai gaztetxeak. Urte guzti hauetan, teilatupe honetan egosi dira gure herriko kontu asko eta asko. Kili Kiliak, sasoi bateko ikastola, luzaroan dirauen antzoki iraunkorra, bertso saioetarako gune, mendi irteeretako txango eta espedizioak, kontzertu eta jaialdiak, afari eta herri bazkariak, pelikulak eta txokolatadak… 50 urteotan zer ez dan sortu eta garatu Hori Bai honetan.
    zutunik

    horibaibertsoak.jpg
    Euskara eta euskal kultura, sasoian sasoiko beste espresioekin batera uztartuz; dantzan egin dugu, kantuan, ligatu lantzean behin, mozkortu, amestu, zikindu eta garbitu, erre, busti, antolatu eta bizi… eta oraindik horretarako gogoa eta ilusioa piztuta mantentzen du Hori Bai honek, taupadaka dabilen bihotz gazte honek.
    horibailogoa

    Gaztetxe zaharra

    Baina 1965ean sortu, Frankismo garai gogorrenean, eta belaunaldiz belaunaldi iraun du gazteen esku. Sasoian. Beti gazte, eta gero eta zaharrago. Hamarkadak joan dira, eta beti kale ertzetik ekitaldiak proposatu eta antolatzen, herri dinamika pizten, eztabaidak sustatzen, belaunaldi berriak borrokara lotzen. Lehen eta orain. Gazte gara gazte, eta jarraitu nahi dugu errebelde!

    memoria ariketa

    Eta Korrika datorren bakoitzean, gure hizkuntzaren alde urten dugu kalera, beste herritar eta euskaltzale guztiekin batera. Aldarrika. Kilometroak erosi. Banatu. Margotu. Antolatu. Izan be, korrika egitea guretzat memoria ariketa bat da. Nondik gatozen gogoratuz, nora goazen esateko. Euskal Herri euskaldun bat gura dugulako, geuretik hasita, Larrabetzutik bertatik. Eta orain arte, Hori Bai beti egon da hizkuntza zahar hau biziberritu gurean. Euskal kultura egunero lantzen, anplietatik eta karteletatik, saioetatik, mezutik, musutik, beheko sutik. Bafleak apurtzeraino urratu ditugu gure ahotsak, eskenatokiak behin eta berriro montatu ditugu, eta jarraitzen dugu bide horretan, kale ertze honetan. Korrika. Arineketan. Karraderan. Lotu barik.

    Larrabetzu eta Korrika

    Eta asko izan dira ere, urte guzti hauetan Korrika batzordeetan, herri mailan zein maila nazionalean parte hartu duten herritarrak eta Hori Baiko kideak. Lehen eta orain. Euskaltegian, gau eskolan, Korrika antolatzen, Korrika kulturalean programatzen, karreran, furgonetetan, zuri beltzezko argazkiak errebelatzen, prentsa taldean…. horrek danak be, danak Hori Baiko kide aktiboak. Eta horregaitik ere maite dugu Korrika maite dugun bezala, eta pasatzen den bakoitzean sortzen da giro berezi hau gure herrian, gure kaleetan, auzorik auzo, errepidean zein bide bazterretan.

    Mugimendua

    Bizia da Korrika. Euskara. Euskal Herria. Eta mugimendu horren parte gara gu. Larrabetzuko adin guztietako gazteak. Mugimendua da lotu barik jarraitzea. Iparra ondo adierazita aurrera egitea. Hizkuntza, herria eta kulturaren alde, hori bai. Hori Bai, 50 urte lotu barik!

    www.horibai.org

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak,  telebista

    Korrika badator

    Gero eta gutxiago falta da. Giroa somatzen da jadanik… herrietan Korrika batzordeak sortzen, egitarauak, Kulturala…. eta sarean pil pilean dabilta dagoeneko bideoak eta aipamenak.


    Bart telebistan ere dokumentala berriro bota dute, eta lagunen aipamenek eroan naute berau berriro be ikustera…. oroitzapenak geroari heltzeko.
    Eriz Zapirain eta Eider Rodriguezek zuzendutakoa. Historia bat, eta hamaika istorio.

    memoria ariketa

    Gurean, Korrika egitea, parte hartzea memoria ariketa bat ere bada. Oraindik.

    Argazkiak.org | Korrika Larrabetzun, aspaldi EGIN egunkariko azala © cc-by-sa: gaztelumendi
    1980ko abenduan, Jose Antonio Lekue alkateak (Herrigintza) lekukoa eman zien Kukubiltxoko hankapaluei. Eta Korrika jarraitu zuten plazatik Andra Mari kalean zehar. Han egongo ginen gu, atzetik arineketan…. zarataka, pozik…. urtero urtero egiten dogun moduan. Belaunaldiz belaunaldi.
    Bihotzak taupadaka, oihuka, garrasika, beti aurrera, nekatu barik.

  • agit/prop,  baserritik mundua,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

    Elikadura burujabetza eta tokiko garapena eskolan lantzen

    Eskubide sozialen aldeko jardunaldiak antolatu dituzte Oarsoaldean. Ostegun honetan Elikadura burujabetza eta eskubide sozialak landuko dira mahai inguru batean, Oiartzungo udaletxean.
    tokiko
    Eskolako jantokiko esperientzia kontatzera noa bertara, baina Elikadura burujabetza, ekonomia iraunkorra eta tokiko garapena uztartu gura ditut gure herriko esperientziaren berri ematean.
    Hitzaldirako aurkezpen hauxe prestatu dut.

    Elikadura herritarron eskubidea

    eskubidealandan
    Elikadura izan ere, herritarron eskubide bat da. Mundu osoan bermatzen ez dena. Gurean ere, gero eta mugatuago, gero eta zanpatuago dagoen eskubidea da.
    Eskolan, zer jan eta zelan jan erabaki genuen aspaldi guraso elkartekook. Eta ariketa demokratikoa ez ezik, ingurugiroan, lurraren inguruan, tokiko ekonomian eta beste hainbat arduratan murgiltzeko balio izan digu. Irakaspen itzela benetan. Osasuna, kalitatea, zaporea, elkartasuna, eta beste balio askoz gehiago lantzen dira sukaldean, jantokian eta eskola inguruan, egunero egunero.
    Gaztelumendi
    Eskubide sozialen karta

  • 18/98+,  agit/prop,  larrabetzutik

    Aner Petralanda

    Lagun bat, beste lagun askorekin batera epaitzen hasiko dira gaur Madrilen.
    Auzokide bat, beste herri askotako kiderekin batera Madrilen da egun.
    Eta bihar, eta etzi….. eta ez dakigu noiz arte iraungo duen epaiketa honek.

    Epaiketa politikorik ez! dio LIBRE! afitxak. Epaiketa guztiak dira politikoak izan, guzti guztiak. Preso politikoak dira, iritzi presoak, militante politikoak direlako Aner eta beste asko…. Burgosko epaiketatik hona, auzibide handietan murgildu diren horrenbeste lagun eta kiderenak bezala. Auzia ere, politikoa delako batipat. Oraindik konpondu barik dagoen auzi bat, konflikto bat, kontu bat.

    libre

    Irtenbidea ere politikoa izango da, auzibideetakoa baino gehiago. Libre geratzea ez delako libre izatea, baina norabide onean, lagundu dezake. Hori da gure helburua, Aner eta beste asko, beste gu asko, libre izatea. anerLibre Adierazpena: Euskal herritarrak libre!

    sare sozialetan

     


    librefacebook

  • gaztelumendi.eus

    10 urte blog honetan

    2004ko abenduarekin, neguaren atarian abiatu zen proiektu hau.
    Hasieratik informazioa, iritzia eta trukea lantzeko asmoarekin. Diseinua, irudia, software librea, ideia berriak eta eztabaida sustatzeko gogo itzelarekin.
    Garaian garaiko teknologiak, aukerak, tresnak ezagutuz eta frogatuz… urtez urte, aroz aro… lekukotza digitala ematen, uzten.


    Argazkiak.org | gaztelumendi.org zaharra © cc-by-sa: gaztelumendi

    2004ko abenduko sarrera batzuk, oraindik gordeta daude behin eta berriz eraberritutako artxibo digital honetan, gaurko gaztelumendi.org proiektuan.

    Argazkiak.org | Egunkaria libre! © cc-by-sa: gaztelumendi
    Urtebete lehenago Egunkaria itxi zuten. Ez zen aspaldi egin eta egin irratia indarrez itxi zituztela. Egunkaria eta egin irratian lan egin nuen. Adierazpen askatasuna eta informazio eskubidearen kontzientzia banuen, tresna berriak behar genituen. Sortu beharra zegoen.

    gazte10mendi

    WordPress

    Lehen egunetik, lehen hitza argitaratzeko unetik wordpress software librearekin sortu eta garatu da proiektu hau. Hasierako konfiantza areagotu besterik ez da egin bertsioak ezagutu ahala. Gaur egun sarean edukiak modu erraz batean kudeatzeko dagoen tresnarik aproposena da wordpress. Mundu osoan edukiak lantzeko gehien erabiltzen den baliabidea. Librea eta komunitate handi batek garatua eta hedatua.
    Gurean gainera, euskaraz ere bertsioz bertsio gero eta errazagoa, erabilgarriagoa eta txukunagoa.
    wordpress
    Hasierako hautua, aproposa, ondo aukeratua eta estrategikoa suertatu da. Gerora, makina bat gune sortu ditugu inguruan wordpress baliatuta.

    2004ko artxiboak berrirakurrita, orduko apustuaren arrazoien indarra, eta asmatu izanaren ostea ditut orain begiko.

    Bitakora osatzeko urratsak

    Bitakora edo blog hau egiteko WordPress erabiltzen ari naiz, edukien kudeaketarako, eta batipat blogak egiteko dagoen software librean den programarik onenetakoa, aproposena bai behintzat. Une honetan euskaratze prozesuan dago programa bera, eta laister, gune honetako interfaze guztiak ere euskaraz irakurri ahalko dituzue.

    WordPress oso erraza iruditu zait. Erabilterreza. Aukera asko ematen ditu. Estiloei dagokionez adibidez, aukera asko eskaintzen ditu; css-etaz ezer ez dakienetakoa nauzue, baina Alexking adituaren gunean, estilo ugari ikusi ditut, eta gune honetarako WordPress css lehiaketan bigarren postua erdietsi zuen Rubrick estiloa hautatu dut. Denborarekin aldatuz joango naiz beharbada… ikasiaren podasuz.

    @iPtx
    Eta 10 urteotan asko idazteko aukera izan dut, erantzunak jasotzeko ere bai. Blogaren inguruan, teknologia berriei buruz aritzeko beta izan dut hemen eta han. Gauza asko ikusi, komentatu, eztabaidatu ditugu hemen berton. Gorakadak eta beherakadak izan ditu blogintzak orohar, eta neureak ere. Baina artxibo digital eroangarriak dira, gauzak idatzi, gorde, zabaldu, garatu, ikertzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eskaini didate.
    Informazio eta iritzi trukerako (EZtaBAIda) artxibo digital eguneratu bezala ikusten ditut nik oraindik. Eta horretan murgiltzeko asmoa daukat aurrerantzean.
    Ikasteko eta garatzeko aukera paregabea direnik ezin uka. Umeak ikusten dituzu eskolan, zeinen errez baliatzen duten. Elkarte mordo bat, gurean ere badiren komunikazio proiektu herritarrak, alderdiak, herri mugimenduak…. eta pozteko arrazoiak besterik ez daude.
    10 urteotan, hori guztia garatzeko aukera ere egon delako. Edukiak eta jakintza partekatuz, bestelako informazio eredu bat landuz, irekiagoa, herritarragoa libreagoa.

    Ilusioz eta proiektuz betetako urteak


    Argazkiak.org | irratia.com basque digital radio © cc-by-sa: gaztelumendi
    IRRATIA.com proiektua abiatu genuen JAbi Zabala eta biok 2000ko azaroan. Sputnik bat bezala abiatu ere, gogotsu. Ilusioarekin. Internet faxaren lineatik konektatuz, Internetik ez zegoen irrati libre batean. Zuzenean emankizunak eskainiz, elkarrizketak eginez, txat kanalak irekiz, nazioartean saretik elkarrizketak lortuz, komunitate bat eratuz…. ilusioa…. gogoa, ikasteko gogoa, grina. Kazetaritza eredu berri bat, informazioarena, hizkuntzarena eta kultura digitalarena.Podcast berba da garai horretatik gogoan daukadan. Eta Arrosa sarea, eta Bilboko irrati libre eta euskaldunak. Eta beste irrati eta medioekin izandako harremana…

    Argazkiak.org | irratigintza euskalduna © cc-by-sa: gaztelumendi
    www.irratia.com
    DeLoReaN taldeko Ekhi elkarrizketatu genuen azken saioetako batean:
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100517.mp3]
    ….//…..
    Literatur Emailuak
    2002ko urtarrilean eposta bidez Literatur Emailuak egiteko ardura hartu nuen Susa literatura argitaletxean. Sareko lanak, literaturaren inguruko agenda, berriak eskaintzen hasi ginen. Gerora astero astero jarraitu dugu Emailua igortzen. Lotu barik. Sarean erreferentzia bilakatu da. Proiektu berrien bultzatzaile eta kudeatzaile aparta da armiarma.com egun. Lantalde itzela inguruan, langile porrokatuak, literatura ezer baino gehiago maite duen jendea, jarraitzaile asko nonahi, onarpen zabala, eta sareko erreferentzia gure kulturan. Denborarekin, Literatur Emailuen artxiboa bloga bilakatu zen tresna moduan, agenda, efemerideak, liburu osoen loturak, albistegi digital… denetarik du orain formatu berrian.

    albisteak 2.0
    Ikusi eta ikasi kantatzen genuen Delirium Tremens taldearekin. Eta hor abiatu ginen Galder eta biok telebista saio berritzaile batekin. Sarea, bideoak, jarrera berri batekin. Berrikuntza eta 2.0 helburuekin. Mikrosaio bat, sarean partekatua izateko. Sare sozialetan trebatu eta mugimendua sortzeko. Hainbat egin genituen.

    Memorioa historikoa, gauza asko dago oraindik gogoratu eta kontatzeko, apurka apurka egingo ditugu… guztion artean. Irudi, mezu, sare sozialetako aipamen, artxibo eta elkarrizketen artean.