• agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik,  musika,  teknologia berriak

    Larrabetzu Eskura webapp eta Badok.info

    Informazioaren aroan bizi gara, baita herri txikietan ere.


    Larrabetzu eskura aplikazioaren azken bertsioak aurkeztu ditugu gaur. Orain arte mugikorretarako garatutakotik, pausu bat emon eta webapp be aurkeztu dugu jendaurrean. Sarean dago jada: larrabetzu.net/app< gunean.
    larrabetzuAPP
    Tresna honek berdin balio du FirefoxOS sistema eragiledun mugikorrentzat zein iOS edo Android telefonoentzat -iPhone eta beste guztiak…-.

    Aurrerantzean gure herriko berri, askoz modu eraginkorrean eskaintzeko aukera izango dugu: kultur agenda, elkarteen berri, herriko abisu eta mezuak, albisteak, blogetako informazioa….

    Badok.info


    Ekitaldi berean Badok.info euskal musikaren ataria ere aurkeztu du Jon Eskisabel kazetariak. Musika entzuteko eta bizitzeko sekulako tresna sortu du Berria egunkariak. Zorionak!
    barkatu, ama

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Kultur eremu berriak

    berrikuntza soziala eta kultur eremuak

    Luzuriaga fabrika garbitzen ari dira antxotarrak, Astrak urtebeteko ibilibidearen balantzea aurkeztu du gernikarren aurrean, Sestaon labe garaien sasoiko bulegoetan kultur eremu librea osatu zuen Txirbeleneak, Iruñean Katakrak liburu denda baino zerbait gehiago da kale nagusian, antzerki obrak ikusten ahal ditugu asteburuetan Deustuko Erriberakok Pabellon 6 arte eszenikoen aretoan, Bilboko alde zaharrean berriz Zirikak etengabeko dinamika sozio politikoa dauka, Donostiako Bidebietan eskola zahar batean zentru soziala egin gura dutela jakin berri dugu, Gasteizen Errekaleor auzoa berritzeari ekin zioten ikasleek, Iruñean Jaso ikastola zaharrean artistak batu dira, Baionan egurrezko etxeak okupatu dituzte, Donaixtin eskola kulturgune bilakatzeko lan izugarria egin zen aurretik….

    txirbelenea

    Euskal Herrian mapa berria osatzen ari da kulturgintzaren eremuan. Asanblada irekiak, parte hartze kolektiboa, berrikuntza eta kulturgintza eskutik ari dira lanean. Kultura ofizialetik landa, eremu eta gune berriak ari dira sortzen, eraikitzen, apurka apurka. Beste dinamika bat, beste prozesu batzuk, beste adibide berri eta berritzaileak orain arte izan dugun kultur panoramara.

    astra

    Merezi du gogoeta bat egiteak mugimendu berri guzti hauen inguruan.

    • zergaitik sortzen ari dira gazte mugimendua baino esparru sozial zabalagoetatik?
    • kulturari lotutako, sorkuntzarekin harremanetan diren espazioak dira… kulturgintza berrikuntza fase baten murgilduta?
    • maiz okupazioarekin lotura dute, orain arteko EHko okupazio mugimenduaren eskaerekin zerikusi handirik ez badute ere
    • Eremu lokaleko ekimenak dira, parte hartze irekia, ikuspegi alternatiboa eta antolatzeko modu berriak bere baitan ezaugarri moduan dituztenak: kooperatibak, asanbladak, bizitza, kultura, eraldaketa helburu

     
    Donaixtiko adibidea Kanaldude telebistan

    Erreka lehorra hondartza nahi dute Gasteizen

    gogoetarako ekintzarako garbiketarako antolaketarako uneak bizi ditugu. sorkuntza ez da eten, espazio berriak berreskuratzen ari da, bizi gara! biziko gara!

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  literatura,  musika

    pop pilulak

    Julen Azpitarte: euskalgintzarekin loturarik ez duten kultura gaiak bildu nahi ditu POP PILULAK fantzineak, pop ikuspuntu batetik abiatuta

    -zer dira POP PILULAK?

    “Pop Pilulak” pop-kulturari buruzko euskaraz egindako fanzinea da. Bertan, kultura horrekin lotutako hamaika adierazpide, artikulu, pilula, jorratuko dira; tartean, artea, musika, fikzioa, diseinua… euskalgintzarekin loturarik ez duten kultura-gaiak bildu nahi ditu; betiere, pop ikuspuntu batetik abiatuta. Argitalpenari dagokionez, fan-zinea da; hau da, zaleek egindako artisau-produktu, edo tramankulu.

    -Aldizkari bat orduan, hutsunea baino zuloa ezta?

    Aldizkari baino, fanzine da, eta hori garbi utzi nahi dut… ez da ohiko aldizkaria. Eta bai, zuloa izango da, jendeak papera arbuiatzen duen garai honetan zelulosazko produktu bat artisau-bidetik plazaratzea kamikaze hutsarena egitea baita. Dena dela, paperezko produktuak desagertzen diren heinean, balio gehiago izango dute. Lehen artisau adjektiboa aipatu dut, artisau lana delako “Pop Pilulak”: ez dut diru-inbertsio handirik egin; bai, ordea, talentu-inbertsio handia; idatzi duten guztiak lagunak izateaz gain, euren jardunean pop joera nabarmena erakusten dutelako.

    -atzera begira? nostalgia? ala aurrerantzean be pop kultura bizirik mantentzeko beharrezkoak izengo dira pilulok?

    Fanzineak atzera eta aurrera begiratzen, bertan parte hartu duten lagunek talde anitza osatzen duten aldetik: Hollywood-eko urrezko garaiko aktore batekin, zein elektronika munduko azken joerekin egingo du topo irakurleak; dena dela, lehendabiziko alea baino ez da… ikusiko dugu nolako bidea egiten duen: aurrera, atzera, edo bere horretan gelditzen den. Bestalde, euskaldunok pop ulturarekin lotutako gaiak euskaraz irakurtzeko aukera ere izan behar dugu; hortaz, euskaldunok (batzuk, behintzat) gai popzaleak euskaraz irakurtzeko dugun gogoa betetzera dator Pop Pilulak, gogo hori bizirik mantentzeko sortu fanzinea, bestelako argitalpen eta hedabideek egiten duten lan txukuna baztertu barik… Pop Pilulak finean, nik nahi nuen fanzinea da, gustuko ditudan gaiekin eta idazleekin… ikusi beharko orain ea hor kanpoan pilula zalerik dagoen!

    pop-culture

    -pop musika, pop art, modak, aldizkariak, estetika… zer hartuko dozue aintzat?

    Denetarik, pop-kultura oso zabala baita, agian, bere ezaugarririk nagusiena da ez dela transzendentea, gure inguruan, gure egunerokotasunean, pop-kulturaren makina bat adierazpide izan arren. Hala, kolaboratzaileek askatasun osoa daukate gaiak aukeratzeko, betiere, filosofia hori errespetatzen badu: arropa-dendak, binilozko diskoa, olerkiak…

    -ez da aspaldi, pop kultura orohar landu zan UEUko ikastaro baten, Lekeition… han egondako hainbat, idazten jarri dozuz…. zelango gogoetak oraingoan?

    Pop kultura, musikarekin lotzen da gehienetan, aipatzen dituzun jardunaldietan ere asko jorratu genuen musikaren atala, baina herri-kultura hori hamaika adierazpidetan azaltzen da. Horrelako zerbait gertatu da fanzinearen estreinako atalean, askok musikara jo nahi zutela; izan ere, kolaboratzaile asko musikazale amorratuak; beraz, batzuei musikaz ez idazteko eskatu diet, alea anitza izan zedin. Hala, musika artikulu asko badira ere, arropa-dendak, turismoari buruzko kultura-hausnarketa, iritzi artikuluren bat, fikzioa, diseinua eta bestelako gaiak ere jorratu dira.

    -diseinua garrantzitsua izengo da, ziurrenik… ze irudi erakutsi gura dozue ba?

    Fanzineak, eskuz eginiko produktuekin lotzen dira, tradizioz; halere, egun ditugun baliabide teknologikoak eskura izanda, eta fanzinean parte hartu duten lagunen maila ikusi eta gero, itxura dotorea nahi izan dut. Horretan, Iñaki Landa lankide eta lagunak lan bikaina egin du. “Pop Pilulak” irakurtzeko argitalpena den heinean (artikulu mamitsuak dira), itxura ona behar du izan, irakurgarritasunari laguntzeko! A! hori bai, zuri eta beltzean, beti!

    -musikaren munduan aspalditik ezagutzen zaitugu… eneuke esango pop musikara murrizten danik zure playlista, ezta?

    Nire playlist-a geroz eta askotarikoagoa da, eta geroz eta irizpide zabalagoa daukat (hori irizpide ezaren isla ez ote den beldur naiz, kar, kar). Hala, batzuk aipatzearren: zine beltz klasikoa, Nouvelle Vague-a, kontrakulturari eta abangoardia artistikoei buruzko liburuak, La Felguera argitaletxea, Screwball generoko film zoroak, noir idazleak (Jim Thompson), Raymond Carver-en ipuin eta
    olerkiak, euskal poetak (Sarasola, Borda, Otamendi, Montoia…), Blacksad komikia, Johnny Guitar western-a, Mexikoko jatekoa, amak prestatzen dituen txipiroia patata beltzekin eta itsasoko arraiarekin egindako entsalada, Edward Hopper pintorea, Mad Men telesaila…

    -aldizkariko artikuluak irakurtzeko kantu zerrenda bat osatuko zenuke?

    Hori zure esku utziko dut… behin fanzinea irakurrita, ea zer datorkizun burura…
    (eta nik Beñat Sarasolari eskatuko diot laguntzeko, honetan oso ona da eta…)

    – pop gomendio batzuk Durangoko azokan hasi eta aurrera begira…

    Mursegoren disko berria, Hiru, aipatuko nuke, LP formatuan ere argitaratuko da; Xabier Montoiaren Azken Afaria eleberria; Bide Ertzean-en azken lana, 77… horiek datozkit burura, lehenengo kolpean.. a! eta mahai gainean Joxan Artzeren bi aleak ditut, eta kriston itxura daukate: paperezko objektu erakargarriak!

    popilulak01

  • Euskal Herria 2.0
    agit/prop,  EUS,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Euskal Herria 2.0 topaketatik puntuEUS dominiora

    2006ko irailean burutu genituen Euskal Herria 2.0 topaketak Donostiako Artelekun. 2013ko udaberriaren azken egunotan ospatuko dugu puntuEUS dominioa eskuratu dugula Bilbon. Tartean… bide luzea egin du dominioaren aldeko lan isil eta malguak, irekiak eta zabalak, temati eta sutsuak.

    Euskal Herria nazioartean |
    euskararen herria munduan

    Lokalizazio eta Internalizazio estrategiak genituen aztergai Artelekun batu ginenean. Eta urratsak ematen jarraitu dugu bitartean. Software librearen eremuan eman ditugu urratsik handienak, baina komunitatea osatzean ere aurrera egin dugula esan dezakegu. Gero eta gehiago gara euskarazko tresnak, hedabideak, guneak eta mezuak darabiltzagun erabiltzaileak. Eta gero eta ozenago da gure oihartzuna; gurean bezala, gure mugetatik kanpo ere.

    Funtsezkoak izan dira horretarako, Kataluniatik eskainitako aholku, laguntza eta sustengua. 2006an Vicent Partal gurera gonbidatu izana, eta ostean irekitako bide emankorrak, urratsez urrats, ibilbidea erreztu eta bideragarri egin du. Ondo gogoan ditugu oraindik Vicent Partalen hitzaldia eta gogoetak.

    Eta orain, puntuEUS dominioa eskuratuta, berau martxan jartzeko dinamikan murgilduko da euskararen herria. Lorpen handia, tresna izugarri garrantzitusa eta abadagune aproposa nazioartean gure hizkuntza, kultura eta herria erakustera emateko, gure ekonomia, gure jarduna, gure adierazpenak oro.
    Zorionak mundu guztiari. Aurrea doan herria da gurea, euskararen herria.

    2006ko kronikak garaiko guneetan

    EuskalHerria.bipuntuzero.org gunea, argazkiak, egitaraua eta kronikak

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

    korrika Euskal Herri osoan

    Andoainen hasi zen, duela hamar urteko Egunkariaren itxiera gogoratuz, atzo gurean, gaur beste nonbaiten, bihar han… eta domekan azkenik Baionan bukatzeko.
    Gaur denok horretaz mintzatu gara, pozik, alai. gogoan ditugu herriko uneak, irudiak, koloreak, giroa, gogoa eta ilusioa. Korrika hori dana delako. Eta gehiago. Korrika zazpi Euskal Herriak dira, hamaika herri, amets ugari…. emozioa.
    Txikienek, gazteagoek, guk, beraiek, denek parte hartzen dugu, dute…

    Larrabetzuko irudiak 11amaika Telebistan

     
    Teknologia berriak eta Korrika aspaldidanik eskutik

    Info 7 irratian gogoetatxo hau bota nuen, Korrika eta teknologia berrienen arteko harremanaz.

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  i+g,  teknologia berriak

    Eguneratzen

    aztertzen, ikasten.

    Bloga beharrezko tresna izan da azken urteotan teknologia berrien olatuotan murgilduta ibili garen bidaiariontzat. Kultura librea, software eta hardawareari buruzko ikasketa prozesu etengabea, informazioaren inguruko komunikazio ekintzak, sare sozialak, komunitatea… asko ikasi dugu. Asko eman dugu. Asko ezagutu dugu.

    oztopen gainetik irudimena lau haizetara
    oztopen gainetik irudimena lau haizetara

    Eta bide horretan jarraitu behar dugu. Sareak askorako ematen du, eta bakoitzak bere lubakian, bere trintxeran jarraitzen dugun arren, kalean maiz batzen garen arren, gure ikasketa eta garapen prozesuek jarraitu behar dute martxan.

    Ikasi dugun guztia hedatzen saiatu gara. Eta asko daukagu oraindik ikasteko. Garenaren zati garrantzitsu bat hemen dago. Hemendik sortu dugu. Hemen adierazi. Baina izaten jarraitzen dugunez, asmatu beharko dugu ere sorkuntza telematikoan irauten, gehiago sortzen, dinamika berriak pizten.

    Laburrera eta azkarrera jo dugu maiz. Mikromezu intelegienteenetan murgilduta daude gure eguneko ordurik emankorrenak. Eta pentsamendu azkarrari, gogoeta gehitu behar diogu. Irudi gehiago, irudimen loriatsuagoa.

    Behin eta berriro saiatzen garen arren, askotan ez dugu tabernarako astirik, iritzi artikulurik sakonenak aztertzen hasteko betarik, lagunekaz berba egiteko denbora hartzen, bisitatzeke daukagun toki horretarako tarte lortzen… baina saiatu beharra dago.

    gaztelumendi.org proiektuak adar asko ditu, eta ikusgarriena hau izan da luzaz. Orain nagiak astindu, eta berrosatzen abiatzea egokitzen da.

    Honetan jarraitzeko arrazoi asko dago, eta egin egingo dugu.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  info 7,  teknologia berriak

    kultura digitalaz


    Kultura digitalaz aritzeko baliatzen dugu asteroko tartea Info7 irratian. Eta sarean gertatutakoak, ikusi eta ikasitakoaz aritzen gara. Maiz, irratiko edukiak sarean ere hdatzen ditugu, eta eztabaida sortzen ere saiatzen gara, gaiak garrantzia duenean.

    euskal kulturaz, GAUR
    behatoki digitala

    Huheziko fakultatean Euskal Kulturgintzaren Transmisioa graduondokoa egin ostean, euskal kultura eta kultura digitala arreta gehiagorekin begiratu eta jarraitzen dut. Eta ekultura.net gunea bera, gogoetarako eta zabalkunderako baliatzen dut. Ikasketa prozesu etengabea, egoera jarraitzeko talaia ezin hobea da; hizkuntza, kultura, sorkuntza, sarea eta orohar kultura eta teknologia berriekin zerikusia duten gaiak lantzeko.
    ekultura.net euskal kulturaz GAUR

    Hemen eta orain, aztertu eta ikasi, erakutsi eta hedatu. Eztabaida sustatu eta sareko joerak arretaz jarraituz badugu nahiko lan. Ikusi eta ikasi, arreta galdu barik eta sozializatzen saiatuz.

  • agit/prop,  literatura,  maitatasunetik,  musika

    Durango ugari

    Aurrekoan lagun batek, Durangorako joan etorriak urteetara ekartzen zituen. Mende laurdena urteroko zitan. Eta gogoetan jarri ninduen. Noiztik?
    Eta txikitako oroitzapena datorkit. Ikastolatik autobusean, atentatua Erletxetan. Liburu eta diskoak.
    80. harmakadako Andramari elizpeko diskoak eta estetika gogoan dut, Tijuan in Blue eta Potatoren diskoaren inguruan Soinuakoen estand hura, Kortaturen aizkolariaren posterrak, Hertzainaken kartel marroi handia, lehen diskoarena.
    Akerraren fisika liburua nire diruarekin erosi nueneakoa.
    Arkeologia esaten diote horri. Oroitzapenak. Aititerena egitea, gerra kontuetaz berbetan.
    Eta urteak joan urteak etorri, abendua, nobedadeak, musika eta letrak. liburuak eta diskoak besapean, diruak xahutu eta urte berriari ekin diogu, behin eta berriro.
    durengo

    Liburu artekoak

    Eta bapatean konturatzen naiz, liburuak saltzen 20 urte eman ditudala konturatu barik. Eta aurten ere, gogotsu aritu garela Twist edo Egarri egunak portualdean, Kartzelako poemak eta Scanner, Zaharrak ez zuen hil nahi eta Zamaontzia jendearen eskuetan jartzen. Eta aupa, eta kaixo, eta zelan, eta zu be bai, eta musu bat eta besarkada beroak, eta joandakoak, eta etorri datozenak.
    Idazle berriak, lagun zaharrak. Belaunaldiak eta ostekoak.
    Poza eta ilusioa ere egiten digu Durangoko azokak. Ez da liburuengatik bakarrik, ez dira doinua eta berbotsa soilik. Badago beste zeozer. Herrigintza zela pentsatu izan dut beti, baina badago beste zeozer be…. lagunartea, jendea, keinuak, bat izate hori, etorri, joan, elkartu, aldarrikatu, erosi, irakurri, egon, sentitu…. eta agian bai, herrigintzaren zati da hori. Herri gara. Eta herri osoa karpa baten azpian sartzen dugu agian; ahots, soinu, letra, irudi eta amets.
    Zer litzateke gure herria Durango barik?
    Durango gara gu ere, han ez gaudenean ere.
    eskerrik asko guztioi.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika

    Herria eta hizkuntza 1220 eurotan

    Berriki Hasier Etxeberriak bere bizipozak eta bizipenak kontatu dizkigu blogean. Liburu elektronikoen salmentatxoak sortutako mezuen berri jasotzeak eta abar..
    Tristeagoa iruditu zait, triste eta batez ere haserre jarri nau, Herria eta hizkuntza kantuaren ahapaldi batzuk dokumental batean jartzeko asmoagatik, 1220 euro kobratu nahi izan dizkiotela jakiteak.
    Xalbador, Wikipediako argazkia
    Eta erantzunak ere arretaz irakurri ditut. Eta euskal kulturaren izenean egiten den iruzurra salatu nahi dut, ozen. Egile eskubideena patxanga bat da, goitik behera. Aitzakia merke bat. Eta Elkar erridikulua egiten ari da behin eta berriro, egile eskubideen afera horretan. Bahituta dauzka egileak, eskubideak, obra eta euskal kulturgintzaren zati bat… dirua ateratzeko helburuz. Eta euskal kulturgintzak, XXI. mende honetan ikuspegia aldatzen ez badu… hankasartze galantak egingo dituzte. Gaur negozioa dena, bihar miseria izango baita.

    Nik neuk, herria eta hizkuntza zein ditudan jakinik, aldarrikatzen dut kantu horren, Xalbadorren bertsoen publikatze librea. Ozen abestea, irratian jartzea… youtuben iragartzea… eta datozela Elkarreko euskal enpresari txit jatorrak, datorrela SGAE eta Audientzia Nazionala ere…


    Batzu herriaz orroit, euskeraz ahantzi
    bertzek euskera maite, herria gaitzetsi;
    hizkuntza ta herria berex ez doatzi,
    berek nahi daukute konpreniarazi
    bata bertzea gabe daizkela bizi.

    Herria eta hizkuntza, gorputza eta beste DRMpean edo museoko bitrina batean ezarri aurretik, hausnartu dezagun, mugitu gaitezen, egin dezagun zerbait… sorkuntza eta jakintza guztia negozio eredu neoliberaletan ezartzen duten jauntxo berri hauen aurrean.

  • hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  larrabetzutik

    herrigintza

    Aspaldiko berba da gurean. Herri kandidatura izan zen 1979an Larrabetzun. Eta 26 urte besterik ez zituen Jose Antonio Lekuek udaletxea gobernatu zuen beste 5 lagunekin batera. Lau urtez. Ordukoak gitxitan kontatzen dira. Egin beharko da errepaso bat. Horrenbeste urte igaro eta gero.

    Baina herrigintza, kandidatura bat eta asko baino gehiago da. Jarduteko modua da. Aukera bat. Bizitzeko modu bat ia ia. Eta horretan ari gara aspaldion 2.000 biztanleko muga gainditzear duen herritxo honetan.

    herrigintza sortzen garatzen laguntzen ikasten

    Eta horrek kezka ugari sortzen dizkigu, eta kontraesanen bat edo beste, eta nekea, eta ilusioa. Harrotasun apur bat, harrokeria batzutan, eta jarraitzeko indarra. Eta adorea.

    Herrigintza bizi dugu, umorez, gogoz, kritiko, sortzaile, kamuts, interesante eta baldar.

    Herrigintza da hirigintza, urbanismoa. Herrigintza da kultura eta hizkuntza eta kirola eta herrriko ekonomia. Baserriak eta soloak, basoak eta kale bazterrak, errekako ura eta fabriketako kea. Umeen geroa eta jantokiko janaria, gaztetxeko oihuak eta jubilatuen dantzak, bizikleta karrera eta mendi irteerak, futbola eta minbizia, wifi konexioak eta plazako iturria.

    Herrigintza da herri bat bizirik mantentzeko giltza. Funtzioa. Soziala eta politikoa.

    Herrigintza da azoka bat, jai bat, asteburu bat, ikasturtea, logurea eta biharamuna.

    Herrigintza danok gara, zu eta biok, gu, harek be bai, eta besteak. Danok beharrezko eta danok bakoitza beretik. Herrigintza da etorkizuna. hemen eta Euskal Herrian. Zorionez. Zorionak!

    literaturia | hori bai | larrabetzuko eskola | informazioa | komunikazioa | udalgintza | kultura eta kirola