• agit/prop,  gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    ██████████████████████ #sopa STOP

    @ekulturanet ██████████████████████ #libre ██████████████████████ #SOPA EZ! ██████████████████████ ██████████████████████

    • Internet zer da?
    • Zer gura dugu izatea?
    • Zer nahi dute?

    Zigorra zigorraren atzetik inposatu nahi dute, munduaren jabe direnek. Munduan agintzen dutelako, nahi lukete beraien irizpidea inposatu sarean ere. Eta ez dute lortuko, ezezkoan gaude gu.
    Gaur salaketa eguna izan da munduan toki askotan, saretik ikusita. SOPA legearen kontrako jarrera erakutsi dute Interneteko haundi haundi diren batzuk: wikipedia, wordpress…
    eta txikiok ere badugu gure salaketa egiteko aukera…. hutsune beltz hau, izan dadila salaketaren ahots eta oihartzun.

    ██████████████████████ #libre ██████████████████████ #SOPA EZ! ██████████████████████ ██████████████████████

    Wikipedia

  • albisteak 2.0,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Albisteak 2.0 Zeinu hizkuntzan

    Asteroko albistegia egiten dugu telebistan. Astero ideia berri batekin hurbiltzen gara Deustuko estudioetara.
    Azken asteotan, gorrekin zerbait egitekoa piztu zitzaigunetik, zelan egin pentsatzen aritu gara.
    Eta uste baino hobeto atera zaigu.
    Zeinu hizkuntzan aurkeztu dugu albistegia. Guk ez, beraiek. Alvaro Euskal Gorrak federazioko lehendakaria da. Maitanek interprete bezala egiten du lan, eta euskalduna da gainera.

    Komunikazio oztopoen gaineko gogoeta eragiten digu, saioak berak.
    Zea Maysen bideoak, hunkitu egin du bat baino gehiago, gu ere bai tartean, eurak ere bai, saioan aitortu zigutenez. Bideo horrek eragin dituenak, gogoetak ekarri gura genituen Interneti buruz egiten dugun asteroko webtv saiora.
    Albisteak 2.0 zeinu hizkuntzan
    Pantaila aurrean jende ezberdina agertzea, hasierako asmoa da. Telebista partehartzailea bultzatzea dugulako xede. Horretan ari gara, apurka apurka. Ea zer deritzozuen.

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Zutabe puntu kom

    Aldaketa garaiak bizi dituzte hedabideek. Azkarrago batzuk, mantsoago besteek. Handiek zein txikiek. Lokalek, zein globalek.
    Ikusentzunezkoek eta paper hutsezkoek. Guztiek.
    Internet egoera berri honen paradigma da, baina baita irtenbidea ere. Interneten ondo moldatzea, klabea izango da paper, irrati, aldizkari, telebista eta gainontzekoentzat.
    Eta Goiena ur hoietan, ondo xamar dabilen hedabidea da. Papera, sarea, ikusentzunezkoak uztartzen dituen proiektu komunikatiboa da. Ondo asko, nire ustez. Eta aspaldian gainera.

    Goiena aitzindari
    Euskarazko hedabide lokaletan, aitzindariak izan dira beti Arrasate eta inguruan. Horrela jarraitzen dute. Eta gustua ematen du jarraitzeak. Saretik zein paperetik egiten dut nik. Telebista ikusteko parada handirik ez dut.

    Duela gutxi, lantzean behin telebistarako iritzi tarte batzuk partekatzea eskatu zidaten. Gustura hasiko nintzela esan niez. Enaiz sekula zutabelaria izan, baina zutabeen antza hartzen diet nik gtalk bidez grabatutako saio labur hauei.

    Horregatik, neuk egiten ditudanei zutabe puntu kom deitzen diet. Zutabe multimedia batzuk direlako. Irudiak agertzen dira, eta grabazio bat. Audioa ez da beste mundukoa… baina agian hori du erakargarriena, modu xumean eginda dagoela, truko askorik gabe. Eta gaur egun, hiper mega hedabideen garaian, gertukoak duen xarma.

  • gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Euskal Herria eta Japoniaren arteko linkak

    Link munduan bizi gara. Loturak. Harremanak. Bidaiak. Globala eta lokala uztartzen diren sasoia. Eta horregatik Ekialderen dauden herriek eta gurea bezalako kultura txiki batek harremana izan dezakete.

    Gora Japon deitu daiteke hemengo musika talde bat, eta gizon probak egingo dituzte Tokyoko kale batean bitamina iragarki baterako. Alaitz eta Maiderren doinu batek sukaldaritza progama baten sintoniarako balio dezake, eta Gosek Japoneko bideoak aurkezten dizkigu sarean.

    Albisteak 2.0 saio berezia egin dugu Japon eta Euskal Herriaren artekoa. Eta ikusirik gurean, zelango zaletasuna dagoen horrelako gaiekiko, bideoa azpititulatzeari ekin diogu, eta ea lortzen dugun japonierazko bertsiora heltzea. Demasa litzateke! Euskara bezalako hizkuntza batek, aukera itzelak ditu sareari esker. Telebista saio ttiki bati, Internetek mila aukera eskaintzen dizkio. Hoiek profitatzen asmatu beharra dago. Eta asmatzea, lagunok… inbentatzea ere badenez, ea aziertaten dugun.

  • i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Albisteak 2.0

    Telebista eta Internet bertsio barriagoan

    Eta lotsa asko barik ausartu gara gu ere. Inoren zain egon barik, ikusentzunezkoen sarean murgiltzeko beta izan dugu. Gerrilla komunikazioko ekintzetatik, iraunkorragoa izan nahi duen batera igaro gara, eta esperientzia metatzen ikasiko dugu telebistan jarduten, sarean eragiten.
    albisteak 2.0

    Gerrilla komunikazioak
    hori du, ekintzetan ikasten duzula, kalean ari zarela hartzen duzula esperientzia, eta esperientziatik teorizatzen dela gero. Gogoeta batzuk abiapuntu hartu, eta beharrak erakusten dizu bidea eta norabidea.

    Sarea hizpide
    Eta albisteak 2.0 egitarako orduan, sarea bera hartuko dugu hizpide. Euskal komunitatean sortu eta garatzen diren proiektuak hartuko ditugu gaitzat, sareko eztabaiden hariak oinarri, sorkuntzari boza ematea da helburua.

    TB partehartzailea
    Telebista partehartzailea dugu helburu. Sareko esperientziak hori erakutsi baitigu. Baina zelan egiten da telebista partehartzailea? Guk ere ez dakigu, baina horretan saiatuko gara. Horretarako, web tb hau ikusten dutenek, mandoaren aurrean zapping egiten geratu barik, sarean sortzen jarraitu beharko dute, komunikazioan parte hartuz, hartzaile izatetatik parte hartzaile izatera….

    Adibideak sarean

    Digg nation ezagutu dugu, sareko elkarrizketan. Irudi luke, hau hartu dugula eredu gurea egitean. Baina antza, beste askoren eredu da. Guk egin ostean jakin dugu telebista saio arrakastatsu honen berri. Zabaldu.com globala da digg eta hango albiste bozkatuenak hartzen dituzte hizpide digg nation saioko Kevin Rose eta Mickey Albrecht aurkezleek. Guk ez bezala, edaria beti eskuan dutela egiten dute saio biek. Oso sareko estetika, geek zamarra daukate, eta badirudi zintzotasun eta ondo entsaiatutako jarrera horrek laguntzen duela sarean atsegin izaten. Geek antzezpen ona egiten dute. Biek.

    digg nation

    eduki multimedia libreak

    Internet elkarrizketak direla diogunean, partehartzea, zabalkuntza, iritzi trukaketa eta erremix kultura ditugu buruan.
    Hasi gara, beta saioa egin genuen eta astero emankizun bat egitea dugu orain helburu.

    Albisteak 2.0 Beta saioa

    Albisteak 2.0  lehen saioa:

    Hemendik aurrera sareari buruzko albistegi hau, telebistan eta sarean zabalduko dugu. Herri telebistetan, blogetan, komunitatean…

  • hurrengo geltokia,  i+g,  ikusi eta ikasi,  teknologia berriak

    Telebista eta Internet

    Egunotan gai hauek ekarri ditugu hizpidera. Apropos? Kontestuagatik?
    Esango nuke, gaiak hor daudela, eta arretaz begiratzen diegula aspaldion. Kezka sortzen dute, irrika ere bai, gogoa, ardura…
    Videoweb10 burutu zen duela ez asko Bilboko eitb-ren egoitzan. Han izan ginen. Komunikaldiak dira gaur, eta lan kontuengatik bertan izango gara.

    Argazkiak.org | webtv web telebista telebista Interneten
    © cc-by-sa: gaztelumendi

    Greba Orokora | Egunkaria libre!
    Ikusentzunezkoen testuingurua aztertzean baina, iaz arrakastatsuak -sarearen neurrian, beti ere- izandako bi ekimen ekarri gura nituzke hizpidera: greba orokorra eta Egunkaria libre.info. Bietan, maila aktibo batean, telebista eta ikuspegi multimedia partehartzailea, librea, irekia uztartzen saiatu ginelako. Eskura genituen tresnak baliatuta -eta ez dira gitxi, egia esan- bestelako informazioa posible dela erakutsi eta frogatu gura izan genuen. Bi adibideak, auzolanean sortutako ekimenak izan ziren. Ekimen hacktibistak, informazioaren eta adierazpen askatasunaren aldekoak. Pikete informatiboa maiatzaren 21ekoa, ozen kendu digutena salatzekoa abenduaren 17aren ingurukoa.

    Zu, ni, gu
    Esan eta esan ari gara, ikusentzunezkoen garrantziari buruz, Telebista eta Internetaren uztarketari buruz, youtube bezalako guneek munduan sortu duten aztoraketaz. Gu geu garela informatzaileak, baita bideoen aroan ere. Baina horri gauzapen praktikoa eman behar zaio. Telebistak ez du iraultza emanen, baina guri kontatzea dagokigu. Ez du balio EITBren programazioaz edo informatiboen ildoaz kexu agertu eta ezer ez egitea. Kontatu zure inguruan gertatzen dena, parte hartu elkarrizketan, sortu bloga, utzi erantzuna…. norbanakoon indarrak ez du mugarik. Blogosferak erakutsi du, Euskal Herrian bezala, mundu zabalean ere, zertarako gai den. Denbora kontua izan da, Dan gillmor egilearen We the media eta antzeko liburuetan kontatzen zena, egiaztatzeko. Guk geuk frogatzeko. Eta urrats hori ikusentzunezkoen alorrean ere bizitzen ari gara. Aukera hori daukagu.

    koloretako gogoeta irratian
    Eta irratiko argi gorria piztu denean, hizketaldiari ekin diogu Teketenek eta biok. Zalantzak uxatu, orain artekoak hizpidera ekarri, aukeren gainean mintzatu eta etorkizuna marrazten hasi da Gorka Julio. Koloretan atera zaio irudia, obikua da, efimeroa… joan etorriko komunikazioan. Globalizazioa bizi dugu ikusentzunezkoen kontsumoan ere, eta horri erantzun lokalak bilatu behar dizkiogu.
    Musika lagun, pantaila aurrean, konektatuta, eta elkarrizketa digitaletan parte hartuta egin dugu saioa. Irratia ikusentzunezkoen laguna da, sare sozialetan mintzatu daitekena, bideoa adiskidetzat lukeena, blogariak entzule…. komunikazioaren historian, uhinek aportatu dutena ikusita… bide luzea du oraindik irratigintzak. Eta sarean ondo baino hobeto murgildu da mp3ak sortu eta RSS bidez igortzen hasi denean. Podcastinga baino gauza modernoagorik!
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100308.mp3]
    Saioan zehar aipatu ditugun adibide polit batzuk:

    Teoriatik pratikara, blogosferatik telebistara
    Esan bakarrik ez, ikasitakoa frogatzea gustuko duenetakoa bazara, zu ere gutarra zara. Teoria ta pratika uztartzea, oso metodo marxista ei da. Akzioa komunikazioan. Eta horretan nahi genuke frogatu. Gauza txiki batzuk egin ostean, sareak ze aukera ematen dituen ondo asko ikasi dugu. Esanetik, eta egitetik. Bizitzetik. Eta erantzunak hor daude. Orain baina, urrats bat gehiago ematea erabaki dugu komunikazio horizontal eta libre horretan. Telebista partehartzaile bat osatzea dugu helburu orain. Eta hori zelan egiten da? Nork argituko du bidea? Zer egin daiteke?
    Galdera hoiek eta gehiago guk geuk ere baditugu sorbalda gainean. Motxila bete itaun ditu gure jardunak. Baina apurka apurka, egitera goazela dirudi. Auzolanean, eragile ezberdinak inplikatuz. Telebista eta Internet uztartuz. Blogosferako esperientziak, jendea, informazioa, jakintza sozializatzera. Berriro ere gure mezuak blogosferaren bidez zabalzeko.
    Horretan ari gara Albisteak 2.0 egitasmoan. Beta saio bat sarean jarri, eta elkarrizketa abiatu da. Izan ere, gaur atzo baino argiago daukagu Internet elkarrizketak direla.
    albisteak 2.0
    0 beta saioa

    Albisteak 2.0.000 from Albisteak 2.0 on Vimeo.

    Orain gurea, zurea da hitza. Bota pentsatzen duzuena, adierazi kezkak. Parte hartu elkarrizketan. Komunikazioa, azken finean elkarrizketa da.

  • agit/prop,  ikusi eta ikasi

    puntuEUS | bideo interesgarria, abiapuntu beharrezkoa

    puntuEUS ekimena aurkeztu zeneko bideoa. Sarean zabiltzala, batzuetan topatzen dituzu horrelakoak. Aurkeztu zutenean interesgarri neritzon, eta geroztik aspaldian bisitatu gabeko gunea izan da euskara eta euskal kulturaren aterpe edo dominioarena. PuntuEUS ekimenak lan interesgarria, apala, zabala eta sendoa egin du geroztik.
    Azkenekoz Durangoko azokan agertu ziren jendaurrean, baina gure komunitateak beti presente izan beharko du ekimen hau.

    Bideak jarraitzen du. Eta noizbait helduko da dominioa eta euskararen presentziaren areagotzen bat sarean. Nortasun propioarekin.

    Bitartean, balio beza gogoetarako Xabi Erkiziak zuzendutako bideo (ikusentzunezko) eder honek.
    puntuEUS.org

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  literatura,  musika,  teknologia berriak

    Liburuen poliziaz

    Irati Jimenez | Berria

    Liburuaz ari ginen. Liburuaren lekuaz. Ergelkeriak pentsatzen hasi naiz, as usual. Liburuak politak direla pentsatu dut, baina leku gehiegi hartzen dutela (apalategietan) eta deserosoak direla etxez aldatzeko (aurten bitan egin dut, amesgaiztoa). Liburuak maite ditut, baina nireak direnean ere ezin ditut erre jendeak gaizki begiratu gabe. Halako txotxoleriak pentsatzen nengoenean irakurri dut Victor Manuel kantariak esandakoa. «Guardia Zibilean baino ez dut sinesten», dio, musikarekin bukatzear omen dauden webgune ustez ilegalen itxiera eskatuz.

    Emadazue tiro. Euskarri elektronikoa hementxe daukagunean eta jendea jo eta su dabilenean liburuak doan eskuratzen Interneten, liburu bategatik ematen didatena defenditzearren polizia etor dadila eskatzen badut, emadazue tiro.

    Hara, nire ustez musikarekin miraria pasa da. Sistema horizontalagoa daukagu, abestiak doan, diskografia osoak eskura. Musikoak ezin dira kantua latan sartzetik bizi, egia. Musika zuzenean egin behar dute, antzina bezala, eta, horri esker, iaz hiru aldiz ikusi nuen Springsteen, etxetik kilometro gutxira. Diskografiken gainbehera? Baliteke. Kontzertuak antolatzen dituztenen mesedetan. Industria aldatu, moldatu edo hil egiten da. Berdin musikarena, zein liburuena, zein ontziolena. Gizakiak beti nahiko ditu ozeanoak zeharkatu eta beti nahiko ditu ipuinak entzun. Idazleoi sistema aldatuko zaigula? Hala dirudi. Beharbada poemak zuzenean irakurtzen hasi beharko dugu, herriz herri, pintxoak eman eta sarrera kobratuz. Beharbada, egunen baten, dena horizontal, dena doan, dena Sarean jarriko duen balizko etorkizunean, inor ezingo da kultura sortzetik bizi, inork ezingo duelako kultura kobratu.

    Beharbada ez da hain etorkizun distopikoa. Jendea Interneten nire liburuak elkar trukatzen eta bilatzen, nire lanen gosez? Utopia da! Beharbada utopia horretan kulturaren profesionalak desagertu dira edozein erabiltzaile sortzaile delako, irakurle eta blogari, iritzi emale eta biltzaile. Eta?

    Gutenbergen asmakizunak liburua fraideen eta artisauen eskuetatik askatu zuen duela mende batzuk, eta gizartearen esku zikinagoetara bota. Beste iraultza batek liburua liburutik askatuko du, beharbada. Eta pantailaren begira bota. Ipuinak iraunbiziko duela, horixe baino ez dakit. Eta kulturaren izenean Guardia Zibilari deitzen diotenen lanak ez ditudala Sarean bilatuko. Ezta doan ere.

    pott datak: Artikulua irakurri eta blogean zabaltzea otu, dana bat. Berriatik sarera, pentsatuaz egilea bat datorrela edukiak holan barra barra zabaltzearekin. Edukia interesgarria da. Inor konforme ez balego esan beza… ez diogu eta jaramon askorik egingo. Distopia, ze ona!

    Idazle bat liburuen poliziaz zabaldu gura baduzue.

  • gaztelumendi.eus,  teknologia berriak

    Biba zuek! zuzeu.com proiektuan idazten

    Biba zuek!

    Argazkiak.org | biba zuek! © cc-by-sa: zuzeu.com
    Interneten, kalean, herrian, hemendik eta handik ikusi eta ezagututakoen gainean aupamenak egiteko txokoa.
    Biba zuek! zuzeu.com proiektuan idatziko ditudan lerroak izango dira.
    Biba zuek! ekimen xumea baino ez da izango, aipamen hutsa. Eta gauza askori bisualizazioa eskaintzeko saiakera. Jendeari erakustea beste errealitate hori be. Idatziz ikusteko.

  • gaztelumendi.eus,  larrabetzutik,  pasahitza

    Gaztetxetik bertso saioa zuzenean Internet bidez

    Urtero gabonetan bertso saioa egiten da gure herrian, Andoni Egañak txapela irabazi zuen urtetik. Orduan Anoetako belodromoan aritutakoak egon ziren gure herriko frontoian. Hurrengo urtean ere bertso saioa egin genuen berriz ere, eta hotz ikaragarria egiten zuen 1995eko abenduaren 25ean.
    Handik aurrera gaztetxean egiten hasi ginen, Xabier Amurizak halan proposatu eta aholkatuta. Xabier Amuriza, Andoni Egaña eta Jon Sarasua izan ziren besteak beste… eta urtero bertso saioa. Eta 2009an gaude jadanik.
    Aurten be, laukote galanta dator. Maialen Lujanbio, Miren Amuriza, Unai Iturriaga eta Igor Elortza.


    Argazkiak.org | bertso saioa Internetetik © cc-by-sa: gaztelumendi.org

    Saioa sarean eskainiko dugu, gaztetxea txiki geratzen dela aprobetxatuta. Herriko taberna batek telebistatik eskainiko du guk Internetetik emango duguna, eta munduko edozein txokotatik, Larrabetzuko edozein etxetik jarraitu ahal izango da bertso saioa zuzenean arrastiko 7etatik aurrera.

    Dagoeneko Hori Bai gaztetxeko telebista badabil.

    Watch gaztetxetik zuzenean from horibai larrabetzu.org