-
software librea gura dugula, jode!
Sinadurak gora doaz software librea nahi dugu gunean. Milatik gora dagoeneko, eta gorantz. Kezka sortu da, eta keza hori hedatzean hasiko dira arduradunak arduratzen. Batzutan ez dakigu axolagabekeriaz, edo benetan jakitun direlako hartzen dituzten erabaki hoiek agintariek.
Software pribatiboa bultzatzeak, beraien eredu neoliberalarekin bat egiten du, dudarik gabe. Baina hala ere, guk, herritarrok, badugu kritikatzeko, aldarrikatzeko, purrust egiteko eskubidea eta beharra ere. Eta oraingoan argi eta ozen esan gura diegu gure agintariei, administrazio lokal eta handiagoei software librea gura dugula.
Hedatzen doa mezua. Medio guztiak baliatu beharko ditugu. Nik neure aldetik, Info7 irratiko asteroko neure tartera eroan dut kontua. Entzuleak gonbidatuz sinatzera. Software librea zer den apur batean ez bada be, azaltzen saiatuz.
software librea euskaraz ikastaroa
Lantokian ere, ikastaroa antolatu dugu software librea euskaraz izenburupean. 8 sesio bi ordutakoak, Ander Elortondo irakasle librezalearekin. Sarrera bat software librera, Firefox nabigatzaile arrakastatsua, Open Office 3 progra berria, eta azken bi egunetan Ubuntun barneratzeko aukera izango da.
Ikastaroa Arrasateko KulturAten izango da, ostegun arratsaldetan.
Software librea sozializatzeko holangoak egin beharko dira maiz. Erabiltzaileari erraztu egin beharko zaio erabilera librea. Euskarazko programak dira denak, txukun eta ondo euskaratuak. Anderren laguntzarekin ondo ikasiko dugulakoan nago ni ere. -
info7 irratian teknologia berriak hizpide hartuta
Info7 irratian ere abian da ikasturte barria. Urriarekin, kolaboratzaileen txanda be heldu da dagoeneko, eta nik neuk adibidez, astero teknologia berriak hartuko ditut hizpide, Talaiatik mikroespazioan. Albistegien ostean bota ohi dute atal hori. Interneten berriz, egun berean zintzilikatu ohi dute.Hasteko, ez dut gai konkreturik izan lehen aste honetan. Entzuleak agurtu, gaiarekin jarraituko dugula ohartarazi, eta dagoeneko agendan apuntatuak ditugun zita batzuen berri pasa dut.
Asteroko tartea izango denez, lantzean behin blogera ere ekarri asmo ditut Info7 irratiko podcast ttiki hauek.
Talaiatik mikroespazioa entzuteko:
-
Google chrome frogatzen
Deia jaso dut Info7 irratitik, eguerdiko albistegiaren ostean egiten duten Postdatan Google Chrome nabigatzaile berriari buruzko iritzia emateko.
Egia esan, twitter bitartez jakin nuen nabigatzailea kaleratu behar zutela. Eta heldu berri da. Joan naiz webgunera, ikusi ditut aukerak eta katalanezko bertsioa jeitsi dut froga egiteko. Orain hemen eta han gauzak irakurtzen hasiko naiz, zer duen ona, zer duen hobea, zelango kritikak egiten dizkioten eta abar.
Aldez aurretik esango dut, Firefox nabigatzailearen kamiseta jantzita daukadala idazten ditudala berbok, eta ez daukadala oraingoz nabigatzailez aldatzeko ezelango asmorik. Halandabe, Google paketearen ohiko erabiltzailea naizela badaki Interneteko enpresarik handienak… eta hau ere frogatuko dut.
Info7ko saioa baina, enuke egin gura zuen laguntasun barik.
- Zer deritzozue nabigatzaileari?
- Itxura ona al dauka?
- Azkarra da?
- Safari, Firefox eta halakoak ditu oinarrian, baina zertan izan daiteke hobea?
- Zergatik ez dago euskarazko bertsiorik?
- Erabiliko duzue?
Info7 irratiko albistegietako postdata kolaborazioa entzun gura baduzu:
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/09/20080904_1388.mp3]Hemendik aurrera Googlen menpeago
-
Astebete Ino barik, egunero Inogaz
Astea egin du dagoeneko Arrasateko alkateak espetxean. Egunero ari gara gogoratzen, egunero daukagu zerbait. Baina Ino eroan zutenetik, oraindik sinestu barik gaude guztiok gertatutakoaz.
Arrasaten nabil egunero, Ino bera ezagutzeko parada izan dut. Andre atsegina, langile porrokatua, eta egun hauetan guztietan frogatu dudanez, oso maitatua gainera.
Aste bete Ino barik, baina herrian kezka egunetik egunera areagotzen joan da. Aspaldian Espainiako politikaren zentru bilakatu da Gipuzkoako herri hau, euskal politikariek ere ez dute atsedenik hartu Arrasatek sortutako buruhausteekin. Udalbatzarrak, mozio etikoak, alderdi ezberdinetako ordezkarien aipamenak, komunikabide espainiarren manipulazioa, agobioa eta presentzia polizial handia. Mota guztietako txakurrez betea dago aspaldion Mondragoe.
- GREBA OROKORRA
Arrasatera etorri naiz gaur ere, inoiz baino goizago. Langileek greba egiten duten arren, Info7 irratirako zenbait kronika egin asmo ditut, kaletik, telefono mugikorrarekin. Euskal Herrian, hemengo audio_argazkia eskaintzeko helburuagaz.
Eta egia esan, goizean dagoeneko harrituta geratu naiz. Normalean autoa aparkatzea ez da broma izaten hau bezalako herri batean. Lekuak soberan gaurkoan. Lehen irudia.
Autoa gura izan dudan lekuan itxi ostean, egunero ikusten dudan liburutegia zarratuta ikusi dut, eta kartel asko inguruetan, atzo baino propaganda gehiago. Eta dendak itxita. Eta kafetegiak. Eta tabernak. Eta herri batean egoten den oro, bidai agentziak, estankoa, kirol dendak, banketxeak, biztanleen arreta zerbitzua, udalaren egoitza guztiak, bulegoak…. buelta bat baino gehiago eman diot herriari. Ez nuen inor ikusten gainera.Portaloira joan eta jendea ikusi dut. Gazteak gehienak. Informazioa banatzen aritu dira goizeko lehen orduetatik. Eta parean ertzainen furgona bat baino gehiago. Oldarkor. Bideo kamara bat eta pelotak botatzeko hamaika jaurtigailu.
Kazetariak ere ikusi ditut, kolegak, baina aspaldion sarritan datozen arren, ez dira batere maitatuak. Sekulakoak esan dituzte Arrasateri buruz, eta gaur kamara eskutan, irudi bila ari ziren. Ikusten zutena filmatzen ez ditut ikusi baina. Bilbotik bistaz ezagutzen dudan bat, -telebista espainol batekoa- albotik pasatzean esan diot: -Kostako zaizue ezer zabalik topatzea! Baietz esan didate beraiek, kolegazoa banintz ere.
Txokotxo batean, ordenadorea piztu, 11etako informatiboa egin, eta aspaldian lagata dudan blogari ekin diot. Hamaiketako albistegia entzun gura baduzue:
info7 irratia: [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/albistegiak/boletinak/080508_1100ae.wav.mp3]Astebete Ino barik, egunero Inogaz.
Zer kontatua asko eman du hileotan Arrasatek. Asko ikasi dugu guztiok. Politikaz, etikaz, konpromezuaz, justiziaz, kudeaketaz, elkartasunaz, salaketaz… baina batez ere pertsonen balioak nabarmentzeko aukera izan dut. Eta orain badakit, egunero Ino gogoan izango dudala, egunero ondoan, egunero egingo dugula zerbait bere alde. Itzuli dadin, etorri daiten, berean jarraitu dezan. Herritarrek erabaki bezala, alkate. Herriak hautatu bezala, Arrasaten.
-
Diaspora eta Internet
Aspaldian hasi ziren euskaldunak atzerrirako bidea hartzen, herbestera, lan bila, Euskal Herritik ihes batzuk, ekonomiak bultzatuta, bidaia luzeak egitera, bestelako mundu berrien bila. Guztiek osatzen dute euskal diaspora. Eta badira diasporako partaide berriagoak ere, aspaldiko joandakoen belaunaldi berriak, aspaldi honetan joandako ikasle eta irakasleak, lan bila XXI. mendean alde egindakoak.
Azken hauek izango zituen buruan Joseba Gabilondok, bere diasporako tresnen gabezia nabarmendu dituenean. Eta egia esan, gauza gutxi dago maila horretan. Facebook-en euskaldunak batzen dituen saretxoak badira, Euskosare ere badago, baina 2.0 izango den tresna berri eta erakargarri bat falta dela, dudarik ez.
Gai hau jorratu gura izan dut aste honetako Info7 irratiko tartean. Gogoetarako, aitzaki bat kanpoan direnak gogoan hartzeko. Eta jakin dugunez, ari dira zerbaitetan dagoeneko mutilmediaren bat, japoniar_euskaldunen bat, eta beste… jarraitu gura izan ezkero danbolinerokua blogean galdetu.
Diaspora eta Internet entzun gura baduzu:
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/03/20080311_563.mp3] -
maitasunaz irratian
no time for love kantuarekin abiatu dut aste honetako kronika laburra info7 irratian. Hertzainak taldearen kantua ekarri dugu gogora, baina kantua entzutea ere posible egiten du Internetek. Irrati kronika izanik… zer hobea kantuarekin hastea baino.
No time for love kanta ederra da, eta beharbada horrek egin du hain azkar, hain ausart sarean zabaltzea. Egia esan ikaratzeko moduko abiadura hartzen dute etiketek sareen sarean.
Salaketa bat egiteko modu polita izan da, ezberdina. Betiko lelo errepikakorretatik haratago, etiketa bat, kantu bat, mezu bat, jarri dugu hizpide. Eta jendeak erantzun egin du… bestela begiratu bildu.net honetan notimeforlove etiketarekin zenbat gune dagoen.
Eta technorati ere jabetu da horretaz, ez da dudarik. Euskal Herritik abiatu den ekimenak, gure mugak gainditu ditu, nazioartean ari da, eta eman ditu zenbait itzuli dagoeneko, batean eta bestean.
Maitasuna; maiteminduen eguna izango da otsailaren 14koa ere. Greba orokorra dago deitua gurean. Beraz, no time for love.
notimeforlove info7 irratian entzun gura baduzu:
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/02/20080212_400.mp3] -
Hala Bedi irratiak 25 urte
Aste honetan Euskal Herriko irrati libreetan aitzindaria den Hala Bedi izan dugu hizpide gure Talaiatik. 25 urte beteko ditu Gasteizen sortutako irrati libreak.
Egun 100 lagun inguru ari da astero irrati emankizunak egiten Gasteizko estudiotik. Astero batzartzen da asanblada, eta erabaki guztiak asanblada bidez harten dituen komunikabide aktibo eta partehartzailea da Hala Bedi.Beti izan dugu harremana Gasteizkoekin, gure emankizunak astero botatzen dituzte beraiek ere, eta elkarlan ekimenetarako beti prest egon dira. 2008. urte hau beraien urtea izango delakoan, urte hasiera honetako kronika eskaini gura izan diegu.
Egun, FM bidez Araba osoan entzun daiteke, Nafarroako Sakanan eta Bilbo aldean goizero (Tas Tas irrati librearekin batera). Interneten ere badira sei zazpi urte emititzen dutela. Beraz zorionak Hala Bedi.
Kronika entzun gura baduzu: [audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2008/01/20080115_231.mp3]
-
zazpi@2007 info7 irratian
Joxe Rojasek teknopata blogean botatako proposamena, ekimen interesgarri bilakatu zaigu oso denbora gutxian. Nik neuk be, entzuleei luzatu diet dagoeneko horren berri. Urteko interesgarriena dena, modu partehartzaile batean erabakitzeko aukera den ezkero.
2007 urtea badoa, eta zazpi ekimen aukeratu beharko ditugu guztion artean. Abenduan proposamenak egin eta urtarrilean bozkatu, wikiak dioenaren arabera.
Infozazpiko entzuleok badakizue, zazpi@2007. Zenbat 7 ezta?
[audio:http://www.info7.com/wp-content/uploads/2007/12/20071218_98.mp3]Bidenabar, zer iruditzen zaizue info7 irratiaren gune berritua?
-
A ze astea!
Info7 irratian wikipediari buruz mintzatu nintzen aurreko asteko martitzenean. Asteleheneko Jimmy Walesen hitzaldia aitzaki hartuta. Wikipedia sozializatu asmoz entzuleen artean. Horrarte ondo. Berba onak Estatu Batuetatik zetorren Jimboren eskutik. Entzuleen artean Juanjose Ibarretxe eta Paulino Luesma. Ez da gutxi. Eduki libreak.. hau eta beste.
Eta asteak aurrea egiten du. Eta hortik aurrerakoa… desastre. Wall Street Journaleko mobida lehenbizi, eta albistetzar hori, Microsoft Arrasatera (Microsoft Corporacion Cooperativa… ;-))
Gogoeta azidoa egin dut gaioi buruz. Euskarak munduan duen lekuaz, leku ezaz… ardikeriaz edota software pribatiboaz. Nahaste bat, aste osoan gaiok blogean ez baitut aipatu ere egin. ¿Tu por que no te callas? galdetuko du agian bateronbatek… ez dakit. Baina irratia berba egiteko da, eta gustura egiten ditut agerpen hauek.
Internet bidez zain FM bidez entzuten ahal duzue info7 irratia.
Bizkaian 102.3
Gipuzkoa eta Lapurdin 99.2
Araban …
Nafarroan …
Info7 irratiko Talaiatik kronika entzuteko: [audio:http://www.info7.com/mp3/kolaborazioak/talaiatik/20071113_eus_1957.mp3]