• larrabetzutik

    …danak ala inor ez!

    Aurreko asteburu batean gertatu zen gurean. Udalak kartelak jarri zituen euskaraz eta gaztelaniaz ETBk ekoiztutako Go!azen filme musikala pantailaratzeko. Anguleri kultur etxean zuten zita, herriko gazteenek.
    Telebistakoen gomendioz, 10 urtetik gorakoentzat aholkatu edo gomendatua. Gurean, gomendioa arau. Udalak 10 urtetik beherakoak ez sartzea erabaki zuen. Kontratatutako begiraleek, hori bete beharra zuten.

    Heldu zen eguna. Arrastian ume mordoa kultur etxeko atarian. Eta begiraleak zaindari. 10 urtetik beherako umerik ezin dala sartu. Ez zen espazio faltagatik. Alkatearen agindua omen. Eta bete beharra zutela. Eta gehiago ziren kalean 10 urtetik beherakoak ostantzekoak baino. Nagusiagoek baina, txikiak ere sartzea eskatu zuten. -Danak ala inor ez!  esan omen zuten.

    Eta kontratatutako begiraleak -herrikoak ziren?- dudamudatan. Aginduak betetzeko zeudela han. Eta duda mudatan ibili ostean, baietz, gazteagoak be sartuko zirela…. 9 urtekoak.

    Orduan 10 urtetik gorakoak, hasarre… kanporako bidea hartu zuten. Edo herriko ume guztiak sartu edo badoazela funtziotik.

    Eta danak sartu ziren. Larrabetzun txikitxuterik errebelde. A ze lezioa, kontratupeko kulturari, gomendio-aginduen kulturari, Tomasadei.

    Danak ala inor ez, bada Mikel Laboaren kantu bat be. Bada Mak taldearen bideo honen titulua be, gure herriko gazteenei eskainia. Aire ahizpak eta MAK alkarregaz, musika, sua eta irudiak.


    Mak hip hop