-
gaur bezalako egun batez
abenduaren 3a zen. Baina 2004koa. Nazioarteko eguna omen euskarararentzat. Egunkariakoak Madrilera. 4 urte igaro dira eta hemen jarraitzen dut, blogeatzen.
gaztelumendi.org bloga sortu eta sarean hedatu nuen; Durangoko azoka gero, eta lagun zein ezagunen artean zabaltzen hasi zen.
4 urte, zer ez den pasatu! Neure burutik bezala, inguruan ere.
Gauzak ez dira asko aldatu, baina egunero bada zerbait. Gorabeherak, gertakizunak, iritziak, aurrerapausoak, atzerakadaren bat, ikasteko, erakusteko, salatzeko, txalotzeko….
… eta hemen jarraitzen dugu. gogotsu. inguruari begira. ikasteko gogoz.Mundu interesgarria da hau, talaia ona itsasoratzeko beldur direnentzat. Eta egunero zeozer idazten dugunontzat, ariketa polita. Pentsamendua, sorkuntza, gogoetak, malaostiak… guztiak bere lekua du honetan.
Hemendik nire agurrik beroena denbora guzti honetan irakurle eta lagun izan zaituztedan guztiontzat. Plazerra da, zinez.
Bereziki, ziega zuloan egon arren, osabak etxean inprimatu eta hor, berbak gatibu dituzten leku horretan honek berbok irakurtzen dituenarentzat.
Euskal Herritik kanpo be, irakurtzen dan ezkero… zuei, agur bero bat.eta gainontzekooi.. ba horixe, ikusten garenean blog&beers, hartuko ditugula garagardo batzuk.
[ gaztelumendi.org erre(d)akzioa copyleft edukiak & basque agit/prop ]
-
blogasmoak
Badakizue: aurrikuspen, plangintza eta promesen aroa da aste hau.
Udaurretik hasi nintzen blogari buruz pentsatzen. Erritmoari zelan eutsi, gogoa zelan ase, pentsamenduak zelan idatzi. Orduan lerro batzuk prestatu nituen sarean, dokumentu batean. Errepasatzen hasi eta barriro be zelan ekin pentsatu izan dut lantzean behin.
Irakurtzen dutenek zer eskertzen duten, zer gustatzen zaien jakitea ez da erraza. Erantzunak lortzeko, zelan eragin asmatzea be ez da fazila. Baina estadistikak diño hor zaudetela, irakurketan. Eta tresna aproposa da hau, denborapasarako, gogoetarako, irakurtzeko, apur bat idazteko, argazkiak argitaratu eta ideiak sailkatzeko, kezkak plazaratu eta salaketak egiteko, erakusteko eta ikasteko, ikusteko eta erakusteko…. edozertarako.
Urteak dire blogintzan hasi ginenetik, zuek eta gu. idazten irakurtzen erantzuten pentsatzen eta sortzen. eta orain be, asmo barriak blogerako. blogasmoak.
Larrabetzutik saila indartzea da asmoetako bat. Herriko berri zabaltzeaz gain, herrikoak kanpokoei kontatuz. Ez daukat argi ordea, herrira begira zelan egin. Badakit jakin herri kontuak jarraitzaile asko dituztela herrian bertan, eta horren lekuko da larrabetzutik blogak daukan arrakasta itzela. Otzara bloga be oso oso irakurria da, eta tabernetako komentarioetan asko aipatzen da, duda barik. Larrabetzu.org be komunitate bat da, eta hor ikusten da herrian zer sortzen dan, izan kultura, politika, gazte kontu, herri albiste edo ostantzekoak.
Nik neuk, larrabetzutik saila, batez be kanpora begira lantzeko asmoa dekot. Zer deritzozue?Agit/prop berriz, beti gogoko izan dudan kontua da. Egoerari so egin, eta sortzen diren kezka eta burutazioak idaztea da kontua. Spraiegaz idazten direnak baino esaldi luzeagoak ahal dala, tabernetan edo kalean izaten ditugun kezkak baino ordenatuago beharbada… baina azken batean, Euskal Herria, askatasuna, gatazkak, mundua, globalizazioa, burruka eta holango etiketak izango dira erabilienak. Barikuetan horretaz idazten saiatuko gara. Astean baten gitxienez…. eta abusatu barik. Gai errekurrentea dan arren, aportatzea da kontua, post erakargarriak egitea. Panfleto digitala baino, net-gogoetak, sareak kezka eta aldarrikapenak uztartzea helburu.
Musika eta literatura zaletasunak dira. Gertutik bizi ditut biak. Aisialdia deituta ageri dira askotan, baina kultura bizitzeko moduak dira. Zuzenean, aurrez aurre, jezarrita, bakarka, lagun artean, bakarrik, etzunda, saltoka. Papera eta biniloa. Kitarrak eta metaforak.- Musikari buruz idazten murgildu nintzen kazetaritza munduan: garai bateko El Tubon, ARGIAn, Entzun, barkatu ama….. Disko kritikak egin ditut urteotan, zuzeneko kontzertuetara joaten jarraitzen dut… eta zaletasunik gogokoena da oraindik be. Musikari buruz idazten jarraitu gura nuke. Musika bizitzeko modua.
- Literatura asteroko, eguneroko, gaueroko jarduna da gurean. Sortu baino, murgilduz. Dastatu, inork prestatutakoa. Gozatu besteek emandakotik. Berbak dira, alkarren atzean jarriak. Letrek egiten dute literatura. Baina idazten den dana ez da literatura. Literatura ez da idaztea bakarrik eta. Baina literaturaz arean idaztea be, ariketa polita da. Holan be gozatzen da eta. Astean behin? Askotxo agian, baina hori da asmoetako bat.
Teknologia berriak hartu izan ditut hizpide hasieratik. Eta ez blogean bakarrik. Jakin aldizkarian luzaroan aritu naiz gogoeta luzeagoak egiten, Info7 irratian egiten ditut horren gaineko kolaborazioak, Euskadi Irratian egin nituen antzera, irratia.com egiten dugu jabi eta biok… baina bloga da teknologia berrien inguruan berba egiteko lekurik aproposena. Erabiltzaile izaeratik, garatzaileen lanari arretaz jarraitzen diot. Software librearen munduak liluratuta jarraitzen dut, erabiltzaile arrunt eta hasi berriaren lekutik. Internet eta sarea orohar erakartzeko lekua da, azken hamarkada honek erakutsi duen moduan. Eta horri buruz lantzean behin idaztea, ikasteko modua baino ez da. Eta inguruan ditugunei, laguntzeko modua. Firefox, google, software librea, ubuntu, copyleft, blogak, wordpress, sare sozialak… ohiko berbak dira blog honetan… eta horretan jarraitu beharko. Hiztegia zabaltzen.
Irratigintza maite duen lagun bat daukazue parean. Hemen eta han, modu batera eta bestera irratiaren mundua lagundu, bultzatu eta frogatzen duen entzulea nauzue. Autoan, etxean, mendian eta lanean irratia luzaroan entzuten duena. RDS teknologiari esker… euskal irratiak arretaz jarraitzen dituena. Interneten irratigintza frogatu eta abian jartzen ahalegina egin duena… eta horregatik Info7 irratiko zein Bilbo Hiria irratiko kolaborazioak… blogera ekartzeko asmoa berresten dut. Astero egiten ditudan kolaborazio labur hoiek, podcast moduan jarriz berton. Loturak sikiera.
Asmoak beti asmo. Astoak beti asto. Egunerokoak esan beharko, gaztelumendi.org zertan dan aurrerantzean. Elkarrizketak, mezu laburrak, argazkiak, bideoak… danak dauka lekua hemen. Orain arte moduan, zuek hor ondoan egotea, zaudeten lekuan zaudetela be, eskertuz eta aupatuz. blogasmoak betetze aldera… aurrera bolie!
-
Beti frogatzen ibiltzeko aukera
Egunetik egunera gune berriak ezagutzen. e-gunetik gunera gabiltzalako. surfin in the net. Sareak hori du, asko ikusteko, baina gehiago ikasteko. Eta beti ari gara txunditzen. Nork zer asmatu da kontua. Eta asko ari da asmatzen, itzultzen, garatzen, jorratzen. Eta sarea, gero eta aberatsagoa, anitzagoa, ezberdinagoa, gustukoagoa bihurtzen da.
e-gunetik gunera, gauza berri asko ikusten ditugu egunero.
Aspaldion ezagutu ditut aukera berri batzuk ere. Eta beti bezala, blogarekin, gure tresenekin frogatzen saiatzen naiz. Erabilgarritasunen bat ematen.
Telefonoa eskuan
Bere horretan gauza txikiak dira. Baina adibidez, bart telefonotik e-posta helbidera mezua igorri eta poztu egin nintzen. Are gehiago, webmailetik erantzun, eta telefonoko ahotsak nik euskaraz idatzitako erantzuna irakurri zidanean.Ikusten dut, telefonoa eta Internet sarea gero eta gehiago elkarren osagarri izango direla. Telefonoetako pantailak izango dira aurrerantzean, informazioaren pantailarik garrantzitsuenetakoak. Eta horretan naizela, aspaldi Negroponteren Mundu digitala irakurri izana gogoan dut, zelan esaten zuen MITeko aditu horrek, informazioa eskura ekartzea zela beraien erronka. Eta azkar lortu da hori. Eskuragarritasuna, eskura ekarri dute eta.
-
m9: analisi labur bat Bilbo Hiria irratian
Astelehenero aritzen naiz Bilbo Hiria irratian, Bide gorritik atalean. Herriko gaiak batzutan, Internetekoak bestetan, politika, gai sozialak, kultura… astelehenero gai bat jorratzen dugu Mieltxo Monfortek eta biok. Galdera erantzunetan aritzen gara, barikuro adostutako gaiaren inguruan.
Gaur, zelan ez, Euskal Herriko hauteskundeak izan ditugu hizpide. Hego Euskal Herrikoak eta Espainiakoak nagusiki, baina aipatu ditugu ere Ipar Euskal Herrikoak eta Frantziar estatukoak.
Tarte hori entzun gura baduzue:
[audio:http://www.bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/bidegorritik080310.mp3] -
wordpress 2.3 bertsioa frogatzen
Duela 15 egun jarri zuten eskuragai wordpress blogak egiteko software libre onenaren 2.3 bertsioa. Egin barik neukan, eta gaur zerbitzarian sartu eta aldaketa egin dut. Minutu gutxi batzuk izan dira, hiru klik guztira.
Aukera berriak eskaintzen omen ditu orain, bug guztiak desagertu omen dira, eta gainera etiketak gehitzeko aukera esakintzen du, orain arte ez bezala. Etiketok ez dakit non ikusiko diren, ez dakit ikusiko diren ere… baina nahi nuke technoratik berehala harrapatzea.
Esan beharrik ere ez dago, baina bertsio berriena ere erabat euskaratuta daukagu blogari euskaldunok, Librezale ekimenaren inguruan dabiltzanei esker, beti ere.
Gutxitan aipatzen dut, baina wordpress software onekin oso pozik nago, eta orain arte ez dit arazo txikiena ere emon. Badira urte batzuk frogatzen hasi nintzela… eta inguruan beti gomendatzen ibiltzen naiz. Erraza izateaz gain, ona ere badelako. Sarean gero eta blog gehiago ikusten dira gainera software honekin.