-
Egunkarialibre.info
#egunkaria + #libre egunkarialibre.info
Informazioa. Egunkaria hitza, elkartasunaren berba bilakatu dugu sarean, kalean, jendartean, hemen, lanean, hor, han, Madrilen.
Euskaldunon Egunkaria bertatik ezagutzeko parada izan zuen honek, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi lankide izan zituen honek… ozen esan nahi du sentitzen duen hori. Lehen artikulutik azken testu argitaratuetara. Iritzi artikuluak eta kronikak. Guztiak datozkit burura…Egunkaria libre!
Eta horretan ari gara sarean, lanean. Auzolanean. Egunkarialibre.info guztion artean ari gara egiten, sortzen, zabaltzen… eta zuk ere baduzu hori egiteko eta esateko aukera. Ez galdu aukera hau.
Software librea, irudimena, gogoa, irudi batzuk, argazkiak, telefono mugikorretatik grabatutako irudiak… eta irrati emankizun baterako gidoia, kanta batzuk, hitzak, korteak… eta zu!
Bilbon elkartuko gara! -
Egunkaria libre!
-
Argazkiari begira, 5 urte beranduago
Ordubeteko lanuztea zegoen deitua. Gu Bilbora joan ginen, han zerbait egin asmo genuelako.
Egunkaria itxi zutela aste batzuk, eta gizartean eragin zuen ezustekoak, mobiliazioak, elkartasuna eta bestelakoak eragin zituen.Bilbon, eguerdiz. Ordubeteko lanuztea.
Kalderapeko kultur gunean aulkiak eskatu eta hartu genituen. Eta Gran Viara joan ginen, zenbait irakurle.
Eta han, pasozebrak berdez jartzen ziren bakoitzean, egunkaria irakurtzen genuen. Gorri jarritakoan, berriz ere espaloira irakurtzera. Berdez, bide erdian. Gorriz, espaloian.
argazkia: egunkaria.info
Euskaldunon Egunkaria itxi arren, inoiz egin genuen irakurketarik atseginena izan zen. Intentsitate handiarekin bizi izan genituen une haiek. Bitxia zitzaion jende askori. Itxierak sortutako etsipen/amorru horrek ere, bitxi behar zuen nonbait. Baina egunkaria itxia.
5 urte igaro dira. Argazkiaren fitxak martxoaren 13an zela dio. Digitalizazioaren aroa, badakizue.
5 urte Egunkaria barik. Gogoratzen jarrita…
-
#Egunkaria libre saio berezia irratia.com emankizunean
2008ko otsailaren 20an, bost urte atzera.
Guk ere, irratia.com emankizunean zeozer berezia egin gura genuen. Egin gura eta egin. Andoain, Bartzelona eta Bilbo lotu ditugu irrati bidez, eta gure uhinak zabaldu eta gure irratsaioa mundura zabaldu dugu.
Emankizu berezia izan da. Andoaingo ekitaldiari buruz berba egin digu Juan Luis Zabala Pipi kazetari eta idazleak; Bartzelonako ekitaldiak eta elkartasuna izan ditu hizpide Jon Elordik, eta Bizkaian antolatu direnei buruz berba egin digu Gotzon Hermosillak.
Sarean Egunkariaren aldeko elkartasunak izan duen oihartzunaz be mintzatu gara.
Kauta, Conxita, Ruper Ordorika, Hertzainak… izan ditugu entzuteko. Kantu hautatuak. Horretan ere fin ibili da Ibon gure teknikari eta argazkilaria.107. saioa entzun gura baduzu:
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom080220.mp3] -
Egunkaria libre!
-
Zaindu maite duzun hori #Egunkaria libre!
Kantu hau entzuten dudan aldiro, Euskaldunon Egunkaria etortzen zait burura. Badakit, Ruper Ordorikak ere, sasoi horretan sortu zuela kantua. Bost urte igaro dira, baina hutsunea nabarmena da.
Gaur beraz, kantu bat, hutsune hori betetzeko. Kantu hau, 5 urteotako zuloa estaltzeko. Kantu bat minari eusteko. Kantu bat, negar malkoak lehortu, eta ukabilak zabaldu eta idazten jarraitzeko.
Egunkaria libre! ozen esaten dugu. Gaur eta hemen. Larrabetzun, Andoainen, Bilbon, Euskal Herrian.
Technorati: Egunkarialibre!
-
Zenbait mezu labur
Astelehena da, eta zenbait gai izan ditut buruan. Zeini heldu asmatu ezinik ibili naiz, eta labur labur aipatu gura nituzke, ahal dela.
- no time for love Harrituta geratu naiz duela astebete abiatu genuen ekimenak, ze indar hartu duen. Munduari bira eman dio dagoeneko, han eta hemen irakurri ditugu mezuak. Ordezkari politikoek baliatu dituzte, egunkarietako portada izan da, eta irratietan entzungai jarri dute kantu bera. Zorionak blogari ekintzaile guztiei!
- greba eta jarraipena Pozik emaitzarekin. Larrabetzuko argazkiek dena adierazten dute.Herriz herri mugitutako jende kopurua ere ikaragarria izan da, aurreko urte batzuetan baino gehiago. Egin diren kritikak nahiko eskasak eta argudio gabeak izan dira. Greba eskubidea eskubide bat dela ere ahantzi dute politikari profesionalek.Horrez gain, komunikabide alternatiboek eta sarean gabiltzanok egindako lana goraipatu nahiko nuke. Sarea gero eta gehiago baliatzen dugun seinale, baita horrelako ekimenetarako ere. Bereziki aipatu gura nituzke Hala Bedi, Tas Tas eta Eguzki irrati libreak hiriburuetan, Euskalerria irratia eta Bilbo Hiria irrati euskaldunak, eta batez ere Info7 irratia. Euskal Herrian zehar 20-30 esatarirekin aritu zena, goizeko 8etatik iluntzeko 8etako albistegi luze eta nagusirarte. Itzela.
- mikel artetxeri omenaldia herrian. Domekan 19 urtez bizikleta gainean ibili ostean, gure herrikide Mikel Artetxek bizikleta profesionala itxi eta merezitako omenaldia jaso du. Azken 9 urteak profesionaletan egin ditu. Herrian, bizikletaz ibilibide bat egin genuen goizean, omenaldi txiki bat gero plazan, bazkari eder bat Ankapalu sagardotegian, omenaldi ezin hunkigarriagoa han, eta parranda ederra gauean. Ez ahazteko moduan.
- larrabetzuko blog politikoak. Gero eta blog gehiago dago herrian. Aipatzekoak dira, udalean ordezkaritza duten hiru alderdiek blog bana dutela dagoeneko. Auzoblogean ANVkoa, Danon artean -IU-Aralar izan zena- eta Larrabetzuko jeltzaleen proposamen berria. Pozik egoteko moduan. Informazio gehiago izango dugu horrela. Larrabetzu.org gunean denen jarraipena egiten da dagoeneko.
- Egunkaria libre! Eta otsailaren 20an 5 urte Egunkaria itxi zutela. Guardia Zibila, epaileen aginduz eguneroko euskarazko prentsa itxi eta zuzendaria eta arduradunak atxilotzen. 5 urte igaro diren arren, ondo gogoan daukagu. Guk be, Egunkaria libre! esango dogu.
-
Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoaz
Kioskoan erosten dut goizetan. Irakurtzeko lain badaukat.
Mesanotxean liburuak ditut, apaletan gehiago.
Diskoak erosteari ez diot inoiz itxi, gero eta garestiagoak diren arren.
Antzerkizaleago naiz zinemazale baino. Lagunek badakite hori.
Kontzertuetara joatea atsegin dut oraindik, Antzokia ordu laurdenera daukat.Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoan pozik egon daitezke, gu bezalakoekin. Durangon dirutza uzten dugu, Elkar txartela izan genezake, Berriako harpidetza egin, Kutsidazu ikusi eta kultur etxera joan, gauean Mihiluze ikusten dugun bitartean. Ibarretxere bozka emateko ez genuke arazorik, badakizue erabakitzeko eskubidea.
Eztabaida edo mahainguru bat ukan dute aurrekoan Martin Ugalde izeneko parke jurasiko batean. Gipuzkoako euskarazko kultur kontsumoa. Bai?
Haur nafar baten gurasoak, Seaskako irakasle bat testuliburuetaz, laburmetraiak egiten dituen Leioako Arte Ederretako ikasle edo zinemagileren bat, Arabako rock talderen bateko norbait… ez keba. Elkar, EITB, Egunkaria-Berria, Eusko Jaurlaritza, Ernest Lluc… SS matrikuladun kulturgintzaz baino ez omen ziren aritu. E horrek euskaldun guztiona beharko lukeen arren, bestela dira gauzak. Han. Hemen.Jarrai dezagun berbetan. Eztabaidatzen. Mahainguruan, baina jaten. Kontsumitzen. Gero gerokoak. Han, eta hemen.
Loturak:
sustatu.com (Guggenheim defektua)| Berria.info (Kike Amunarrizen hitzaldia) | Martin Ugalde foroa (multimedia) -
Euskararen eguna omen den honetan, Egunkaria Madrilen
Ez nuke lerro bakar bat idatzi gura bitakora honetan, Euskaldunon Egunkariako lagunak gogoan eduki barik. Egunkaria izan nuen eskola. Euskaraz irakurtzen erakutsi zigun, zer esanik ez euskaraz idazten. Euskaraz ondo pasatzen eta pentsatzen.
Lerro asko idatzi ditugu Egunkariaren inguruan, denak aski interesgarriak eta aproposak.
Gaur, orain, Madrilen Auzipetze autoa hartzera joan dira euskal herritar zenbait Madrilera. Egunkaria ixteko agindua etorri zen Auzitegi Nazionaletik, gaur, ia bi urte beranduago han dira Martxelo Otamendi, Xabier Oleaga, Pello Zubiria, Juan Mari Torrealdai, Txema Auzmendi eta Iñaki Uria. Denak ezagunak euskal prentsa eta kulturgintzan. Ze delitu egin duten badakigu. Gu geu ere, delitugileak garelako.Horregatik, gaur Durangoko azokaren atarian, blog hau argitaratzea erabaki dut. Durangoko azoka hartan, gogoratzen dut Egunkariaren lehen alea. 13 urteko ametsa izango zenaren lehen harriak ziren, lehen aldarriak.
Egunkariaren alde, prentsa askatasunaren alde, adierazpen askatasunaren alde. Euskararen eguna, esan dizuet.