• agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    Bi hitz Kukutza gaztetxeari buruz

    Maiz joan izan naiz Kukutzara. Aspalditik. Egon izan naiz bazkaltzen, teterian, kontzertuetan, bileretan, jairen baten, geratzeko leku bezala, egoteko…
    Kontzertu onak ikusi ditugu hor, eta maiz.
    Azkenengoz domekan joan ginen etxeko guztiak. Euria ari zuen, eta merkatua zegoen deitua bertara. Erosi genuen kafea, poster zapatista bat, kontsultatu genituen liburuak, aldizkariak, jostailuak, erropa….
    Giroa zegoen, erresistentzia jarrera alde batetik, lokalaren defentsa… bestetik aurrera jarraitzeko gogoa irmoa.
    Gaur goizaldean sartu dira. Horrek esnatu gaitu Euskal Herrian asko eta asko. Eta barruan zeudenak atxilotu dituzte, eta basatiki eroan… eta irudi batzuek buelta eman diote sareari, sarean.
    Kukutza
    Nik neuk amorrua hartu dut. Azkunaren harropuzkeria eta Aresen indarkeria batu dira. Baina auzo oso bat izan dute egun osoan zehar…. baina arrastian mundu bat batu gara Errekalden. Eta berriz ere, indarrez tratatu gaituzte. Poliziak ez dauka beste jarrera eta portaerarik, baina ezin jasan dezakegu milaka lagun dauden manifestazio handi batean… poliziak horrela jokatzea.
    Kukutza oraindik han dago, Errekalde erdian, Bilboren bihotz bat da kulturalki, sozialki… ekonomia eta jarrera alternatiboa lantzen ditu, jendea batzen du, dinamika sozio kulturala dauka… hori gaur egun, Europako hiri batean… preziatzeko altxorra da. Jeltzaleek, eskumak orohar ez du hori maite… eta horren kontra egiten du, nahiz eta horretarako narkotrafikante eta espekulatzaileen alde paratu behar… egin egin dute, beste behin. Eta biolentzia erabiltzen dute, gauez zein egunez… hitza eta jarrera beste armarik ez dutenen kontra. Arrazoia galdu dute…. eta ez diegu barkatuko. Irabazi egingo dugu… Kukutza eta beste bataila askoz gehiago ere bai.

  • agit/prop,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

    gora nahAste Nagusia!

    Marijaia eta gu

    gaur arrastian eztanda egingo du Bilbok. Eta astebetez luzatzen da, datorren asteko domeka iluntzerarte.
    Urterokoa da, beti berria, beti deigarria.
    Marijaia eta gu. Gure Marijaia.… Bilbok handi egiten du Euskal Herria. Euskal Herriak, txiki Bilbo.
    Botxoa bor borka… jai gunea ikaragarria da… txoznak munduko erreferentzia, erreka bazterrak kolore, alaitasun, jai giro eta…
    festak iraunen du….

    Gora Mari Jaia!


    mari jaia! Bilbo Euskal Herria

  • agit/prop,  hurrengo geltokia

    Eskubide guztien aldeko kaleak

    Atzo, Bilbon burura etorri zitzaidan lehen ideia irailaren 11koa izan zen. Egun horretan urduri eta temati jarri ziren guztiek, ea lasaiago egin duten lo. Manifestazioa egin egin behar zela ziotenek, ea manifestazio handiagoa -hagitzez luzeagoa eta jendetsuagoa gainera- egitearekin pozik diren.
    Urduri zeuden ere Ares, Rubalcaba eta ultraeskuindarrak ere, ez zuten asteon atsedenik hartuko. Irailaren 11an egingo genuena baino handiagoa eta ozenagoa izan da gure aldarria. Tartean, asteotan gainera, ekimen gehiago izan direnez, norabidea hobetu zehaztu du bideak berak.
    zuzeu.com eskubide zibil eta politikoak

    argazkia: cc joseba barrentxea / zuzeu.com

    Mugimendu berriago bat abian
    Irailaren 11akoa prestatzen orduak eta orduak eman zituzten batzuk. Eta uda osoan prestatzen eta hedatzen aritu ziren adierazi EH ekimenekoak. Eta ETAren iraila hasierako komunikatuaren ostean, aste bakar batera, kaleetan agertuko litzateke egoera berriaren inguruko kezka. Eta horrek urduritu egin zituen Madrileko agintariak, eta Ertzaintzak -Barne Sailak- txostenak igorri zituen. Eta Adierazi EH ekimenean, gogotsu lanean ari diren ezker abertzaleko kideen kontrako auto judiziala abiatu zuten Madriletik. Eta debekuaren ostean, politikariek hartu zuten hitza, eta asmoa. Baina hori ere galarazi egin zuten.

    Adierazi EHkoek, zein orduko deitzaileek, burua hotz eta egunean bertan, bertan behera utzi zuten manifestazio deialdia. Eskariak jarraitzen zuen. Eta handiago bat etorri da. Eta Adierazi EH biziago, indartsuago atera da mugimendu honetatik. Inteligentziaz jokatu du, eta irabazi egin du. Mugimendu horren muina Bilboko kaleetan ikusi da. Bere esparrua zein duen agertu dute milaka eta milaka lagunek. Eta horri erantzun beharko dio orain. Ezker abertzalearen estrategiak, jende gehiagoren nahiarekin egin du bat. Eta orain herri baten estrategia behar du izan, eskubide guztien alde. Eta hor lana dago. Ikaragarria.

    Manifestazioa egin egin da. Mugimenduak abiatu beharra du. Irailaren 11an, goizean goizetik, erreflexiboena GARA egunkariaren editoriala izan zen. Eta denborarekin, arrazoia ere eman diogu.

    Pozik itzuli nintzen etxera. Pozik egiten ari gara bidea. Jendea gehitzen ari da eskariotara, eta bideak aurrera egingo du. Izango dira trabak, atxiloketa gehiago, borondate eskaseko uneak, baina bideak beharko du egin aurrerago. Helmuga badakizu zein den, eta ez gara nekatuko. Esaten, adierazten, idazten, eskatzen, salatzen, kantatzen…. Euskal Herria.

  • gaztelumendi.eus

    Osteguna

    Kosta egin zait ohetik altxatzea.
    Gehiegi kostatzen zaigulako abuztuan oheratzea. Beti berandu, beti beste bat beste bat… espuela publica vasca maite dugulako.
    Aurrera doan herria gara, eta egunsentiak maite ditugu. Jaiak eta elkarrizketak, txoznetako altabozak, oinetako bustiak, samatik eskegita daramagun zapia, ozen eta apal entzuten diren ahotsa, belarrira esandakoak…
    Herriko jaien ostean, etorri dira kapitalekoak, itzelak, eta astelehena oste eguna.
    Baina gaur hasten dira herrian Eleizaldekoak ere… eta, eta…. eutsi egin behar erronkari.
    gora aste nagusia!
    Aste Nagusia handia da gero! nagusiek, jauntxoek nahi baino gehiago gainera. Handi dira konpartsak ere, eta bikain demostratu dute.
    Itzel pasatu dugu, egunez eta gauez, goiz eta arratsaldez, hemen eta han.
    Biba zuek! Bilboko konpartsetako kideok. Gora Kaskagorri eta Txori Barrote, inoiz baino gehiago ikusi zaituztegulako jaietan.
    Marijaia agurtu, eta Akermarirekin lokartuko gara gaur, eta bihar…. barriro osteguna.

  • musika

    deabruak teilatuetan eta colemans+ zuzenean

    Kontzertu bikaina izango dugu asteon Bilboko kafe antzokian.
    Gustuko bi talde, lagun atseginak denak. Azkena eta abiapuntua egun berean. Deabruak Teilatuetan 1973 diskoaren bira agurtzen, Colemans+ berriz hasi baino ez, eta ematen du gogotsu daudela maizago joteko.

    COLEMANS+ PEIREMANS+ playing “Send flowers” from Unai Hot on Vimeo.

    Colemans+

    Peiremans sortu zuten aspaldi Imanol eta Gorkak. Berriz batzeko aukera izan dute azken gabonetan. Eta Joni eta Karlos batu zaizkie (deabruak / bidertzean). Dokan egin zuten kontzertukoa dira irudiok.


    deabruak teilatuetan

    deabruak teilatuetan taldeak 9 urte eman zituen eskenatokietatik kanpo, gogotsu eta disko berriarekin agertu ziren duela bi urte. Eta jo eta jo aritu dira ostean. Sortu zenetik, maketa atera zutenetik maite dugu talde hau. Disko guztiek sortu digute halako zirrara bat, eta agur esan behar honek… apur bat penatzen gaitu. Horregatik gogoz ikusiko ditugu bihar Bilboko kafe antzokian.

    Deabruak Teilatuetan featuring Peiremans+ from Unai Hot on Vimeo.

    Bergarako gaztetxeko irudiak dira beste hauek. Hemen ere Peiremans bertsionatzen. Bihar gehiago.

    deabruak teilatuetan eta colemans+ elkarrizketatu ditugu asteon irratia.com saioan. Entzun gura baduzu:
    [audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100118.mp3]

  • agit/prop,  gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  software librea,  teknologia berriak

    Egunkarialibre.info

    #egunkaria + #libre egunkarialibre.info

    Informazioa. Egunkaria hitza, elkartasunaren berba bilakatu dugu sarean, kalean, jendartean, hemen, lanean, hor, han, Madrilen.

    Euskaldunon Egunkaria bertatik ezagutzeko parada izan zuen honek, Iñaki Uria eta Martxelo Otamendi lankide izan zituen honek… ozen esan nahi du sentitzen duen hori. Lehen artikulutik azken testu argitaratuetara. Iritzi artikuluak eta kronikak. Guztiak datozkit burura…Egunkaria libre!
    Egunkaria libre!

    Eta horretan ari gara sarean, lanean. Auzolanean. Egunkarialibre.info guztion artean ari gara egiten, sortzen, zabaltzen… eta zuk ere baduzu hori egiteko eta esateko aukera. Ez galdu aukera hau.

    Software librea, irudimena, gogoa, irudi batzuk, argazkiak, telefono mugikorretatik grabatutako irudiak… eta irrati emankizun baterako gidoia, kanta batzuk, hitzak, korteak… eta zu!
    irratia.com Egunkaria libre!
    Bilbon elkartuko gara!

  • agit/prop

    Pediatra eta kazetaria

    Urteak joan dira, baina memoriak oraindik ez digu hutsik egiten. Ez da gitxi.
    Duela 25 urte, pianoaren aurrean zegoen Teresa irakaslea gogoratzen dut. Solfeoko 4. maila egiten nengoen, Galdakaon. Berak eman zigun albistea. Eta pianoaren hotsak gogoan ditut, ez ziren ordurartekoak. Beste musika bat zen. Pianoaren teklak zelan dardar egiten zuten, gogoan dut. Ez daukat ahazteko.

    Egia esan, gaztetxoa nintzen arren, Santi nor zen banekien. Ezagutzen nuelako zeozelan. Herrian egona zen, amak berba egin izan zidan berataz. Sukaldaria ama, eta herri bazkari ugari egindakoa. Berak be gogoratzen du zelan behin, mahaitik altxatu eta sukaldera hurbildu zela politikarien liderra zena. Zoriondu egin zuen bazkari hura prestatu zuen andrea. Eta gogoan dut, zelan kontatzen zuen hori amak Santiri buruz. Detaile txikia da, baina oso iraultzailea, bere apalean. Herriko politikariek bazkaltzen jarraitu zuten. Eta piano haren notak datoz berriro ere. Dardara. Eta geroko guztia.

    5 urte beranduago, beste ikastetxe batean nengoen. Beste maila baten. Ordurako militantzia politikoan, ikastolatik pasata eta bestelako ikasketetan. Helduago zelanbait.
    Klasera joateko, aitak esnatu ninduen. Goizero bezala. Eta, “Muguruza hil jeurek” bota zuen argia izetuagaz bat. Eta Muguruza? Egia esan, kantaria etorri zitzaidan lehenengo eta bat burura. Eta gero egin erosiko nuen herriko estankoan, eta hurrengo astean Punto y Hora eta… oraindik bere biografia osoa gogoan dut. Ezagutuko banu bezala mintza naiteke Errekalden jaio, sortu eta hazitako euskaltzaleaz. Ez da posible, ezin liteke kantatuko nukeen agian, Ruperren doinuak baino, gurago nituen arren rockaren garrasiak. Eta ordurarte maiz irakurritako J. Iratzar eta Zohardiari irudia jarri nien gero. Eta mahai nazionala, eta Alcala hotela, eta hau eta beste guratzatzen zaizkit memorian. 20 urte joan diren arren. Punto y Hora hoiek ditut orain eskuartean. Zita bat dira guretzat. Lekua eta ordua. Oroimena.

    Pediatra bat, eta Euskal Herria osagai. Kazetari bat, eta askatasuna idazteko dago. Beste aldean aldiz boterea, gobernua, PSOE, Gonzalez, Rubalcaba, Amedo, Ynestrillas…. memoria, ez da galdu behar.

    Errekalde eta Lekeitio, Bilbo eta Larrabetzu. Hara hona ibili gara urte hauetan guztietan. Euren asmoak gauzatzeko eskatuz, bideratzeko lan eginez. Eta badirudi, badatorrela asmo berri bat, gogo bat gauzak aldatzeko, lortzeko… osatzeko, sortzeko.

    Gaur Bilbon eta domekan Lekeition. Bidenabar, Edurnek aitatutako taberna hori ezagutu beharko dut. Santi Brouard, Mikel Laboa eta Che Gebara ageri diren taberna hori. Zerk batzen ditu bat hirurak?

  • literatura,  musika

    bide ertzean bazterretik egindako kronika

    Bide Ertzean Bilboko kafe antzokian argazkia: gau ilunak
    Bide Ertzean Bilboko kafe antzokian argazkia: gau ilunak
    • Bazterretik idazten ari natzaizue. Bide Ertzean taldearen kontzertu bat ezohiko egun eta orduetan entzutearen ondorioz.
    • Aretoko bazter batetik entzundako kantu elektrikoen gainean zeozer esateko gogoz.
    • Bazterreko musika egiten dutenen alde, erdiguneak erakartzen ez gaituelako.
    • Izarrak, top zerrendak, esemese bidez deskartatu daitezkeen kantuak eta aparra maite ez dutenen bazter horretatik.
    • Kantuen berbei harreta jarri eta ezkerreko bafletik hobeto entzuten den toki honetatik.
    • Zuzenean indarra erakutsi, eta gauzarik gozoena esateko gai diren lagunen aldamenetik.
    • Bide gorri bat, ohe huts bat, maitasun adierazpen bat txukun duin apain eta funtsarekin esaten ausartzen direnekin.

    Milaesker, azken hamaika urteotan egiten ari zareten ahaleginagatik. Hitzengatik. Doinuengatik. dana lanbrotute ikustot haren muinetatik sortutako proiektu honek, albotik sortu zen honek, dagoeneko indarra hartu duelako. Lan asko plazaratu dituzue, berba asko kantatu, poemak berrargitaratu, molde berriz, ilusio ezberdinarekin. Hamaika urte badira. Ez garaile izateko indar edo uste nahikoarekin, antza. Gurea ez da garaipena, gurea kantua eta kontaketa direlako. Beste behin.

  • hurrengo geltokia,  literatura

    Literatura eta futbola

    Gaur sentsazio arraroa daukat. Literaturzalea naiz, baina jabetzen ari naiz sariketen arabera gorabehera gehiegi dituela fikzioan oinarritzen den kultura, edo arteak.
    Literatura, euskarazkoa bereziki, apala da, intimoa, norberak bere bakardadean bultzatzeko modukoa. Ez da masa akontezimendua, ez du izan beharrik gainera…
    baina hara non, zozketaren bonbotik zenbaki bat, titulu bat ateratzen dute, loteria nazionala bailitzan, eta medio guztiak zoroan pare jartzen dira.
    Euskaldun bat, euskarazko liburu bat epaitu dute Madrilen. Epaimahai guztitik, ziurrenik irakurle euskaldun bakarra zuen sari horrek, eta beti irakurle bera da, gu guztion izenean. Horrek du ebazten sari nazionala, ulertu bedi sari espainola.
    Kirmen Uribereren  literatura ez dut ezbaian jarri nahi, ez gaur bederen. Sariaren logikak kezkatzen nau ordea.
    Atxaga, Elorriaga eta Uribe. Agian entzutetsuenak gurean, ezta? Zerk batzen ditu? Sari bakarrak, Espainiako sari nazionalak. Eta horrek kezka sortzen dit.
    Esan dizuet, literatura ez da futbola, edo bai?

    • Selekzio nazionalean jokatzea da euskal futbolariaren ametsa?
    • zein da gure literaturaren Tourra?
    • eta Tourmalet? Gailurra?

    Urkiolatik ibili nahi nuke gure letren irakurtzen, hemengo baso lainotuetatik gure fikzioa gezurra ez dela sinesten.
    Literatura, rockanrolla, burrukak pozointzen ari zaizkigu, eta gu kontent, beti kontent!
    Tira, liburua hartu eta komunikabideak amatatu beharrean nago. Agian orduan, literaturarekin egingo dut topo, fikzio sinesgarriarekin, lotuko nauen hariarekin, euskarazko kondagintza ederrarekin, munduko gertakari historiko/fiolosofiko/psiko emozionalekin…. agian,  edo amets egiten jarraituko dut bestela. Nork jakin.
    Zorionak irakurle!

  • ikusi eta ikasi

    videoweb09 Bilbon

    Asteburuan burutu da. Bilbon burutu da. Handik eta hemendik hurbildutakoak batu dira. Bideogintza, Internet, blogak, vlogak, sarea, Telebista… eztabaida, mahainguru, elkar ezagutze eta kezka ezberdinen batuketa. Aurkezpen eta hitzaldietatik landa sortzen den harremana. Denetarako tartea izan dute Bilboratuek.

    Eta joan da bakoitza berriz ere, bere sorlekura, sortzeko tokira… eta orain videoweb09 etiketa eta oroitzapena baizik ez da.

    Datorren urtekoa prestatzen ari dira dagoeneko grupovideoweb taldekoak, eta egindakoaz pozik izango dira Ruben (lostin.tv) eta Eduardo (hombrelobo.com) Niri behintzat poztekoa iruditzen zait, asteburuan 80 egun bideogintza eta Interneti buruz berba egiteko batzea. Profesionalki ari dira batzuk, diseinutik eta Internetetik beste batzuk heldu diote gaiari, telebistetako kideak, bideosortzaile artistak, blogariak… denetarik izan da. Eta izango da.

    Neuk neure aldetik, gauzak zelan ikusi ditudan zehaztuko dut:

    • Deialdia eta zabalkunde guztia sarean egin da. Konturatu naizenez, ez du oihartzun handirik izan. Nire lagun bideogileak ez enteratu izanak kezkatu nau.
    • Programa trinkoa eta interesgarria izan den arren. Harritu nau, ia ezerk ez harritzeak. Sorpresa eta ezusteko gutxi. Ia bakarra.
    • Ez dut ikusi proiektu berri interesgarririk. Horrek asko kezkatu nau.
    • Telebista eta Interneten arteko lubakia areagotu egingo dela iruditzen zait. TVE, Prisa eta ETBko ordezkarien mahainguruan nabarmen geratu zen hori.
    • 15 urteko mutiko bat gailentzea horrelako jardunaldi batean, kezkatzekoa ere bada.
    • Bideogintza eta informazioa modu erakargarri batean uztartzen dituen proiekturik ez dut ikusi. Alegia, informazioa vlog formatuan.
    • irratia.com proiektuan egin asmo dugun hurrengoari begira, gutxi aurreratu dugu. Paperean geneukana apenas hobetuko du jardunaldi honek. Pena.
    • Ikasteko grina ez zait amatatu. Eta ikasten jarraitu beharko dugu. Apurka apurka.

    videoweb09 honetan, twitter tresna garrantzitsua izan da. Orain ere bada oraindik. EITBko wifiak erdizka funtzionatu zuen. Antolaketa ona. Hizlariak erdi purdizkoak. Euskarak huts. Euskaldunak bageunden arren, ez daukagu bideo proiektu interesgarririk, bistan denez.

    Material osagarria

    Bideoa (noski)

    VideoWeb09 – Video Promocional from VADOR on Vimeo.

    Argazkiak (videoweb09 flickr)
    videoweb09 argazkiak