musika

Capsula | Argentinatik Euskal Herrira, rockarekin munduari bueltak emateko

Prest! aldizkaria | Deustu

Argentinatik etorritako taldekideek Euskal Herria ezagutu, bertan geratu eta taldea ezagutzera eman zuten: Capsula. 11 urte daramatzate dagoeneko Bilbon, eta musikaren munduan oihartzuna gero eta handiagoa da.
capsulaMartin Guevara eta Coni Duchess argentinarrak dira sortzez eta Alberto Diaz Arangoitiko bateriajolea gehitu zen Capsula rock taldera.
Berriki Ivan Julian musikari estatubatuarrarekin The naked flame diskoa kaleratu dute, Ivanek berak hautatutako kantuekin, eta Euskal Herrian ere zenbait kontzertu eskaintzeko parada izan dute, diskoa aurkezpenerako Ivan Julian bertora gonbidatuta. Diskoaren aitzakiaz hurbildu gara Capsulako Martin Guevararengana, eta musika zelan bizi dute azaldu digu.
Aspaldian gero eta ospetsuagoa da taldea, baina taldekideek “naturaltasunez bizi” dutela aitortzen dute. “Baina energia askorekin, hori bai”. “Talde bezala daroagun sasoi guzti honetan, urratsez urrats abiatu gara, taldea garatuz, eta jende gehiagorengana heltze hori, apurka apurka etorri da. Egia esan, oso pozik gaude taldea gero eta gustagarriago delako, eta gure musika gero eta leku gehiagotan erakutsi dezakegulako”.
Gure artera heldu, eta bidea zelan egin zuten galdetzean, gogoeta egiten digu Martinek: “Taldearen ideia hasieratik errepidean bizi eta gehien gozatzea izan da, eta motor horrek gidatu gaitu. 1998ko udaberrian heldu ginen Bilbora, bira bat egiteko asmoarekin, eta geroztik urtez urte esperientziak gehitu eta bide horretan hiri berriak ezagutzeko aukera izan dugu”. Geroztik hainbat bira egin dituzte Europan zehar ere. Estatu Batuak eta Kanadara ere pare bat alditan joateko beta izan dute. Beste horrenbeste Hego Ameriketatik. Beraz, Euskal Herrira bizitzen etorri arren, munduan zehar musikarekin ibiltzeko beta ez dute galdu.

martinguevara

Bi disko azken hilabeteetan
Eta azken bolada honetan gogotsu dabiltzala dirudi. Izan ere lanak argitaratzeko eragozpenik ez dute Capsula taldekoek. Bartzelonako Bcore disketxearekin “Rising Mountains” plazaratu dute. Blody Hotsak disketxe independiente euskaldunarekin berriz “The Naked Flame” plazaratu dute. “Ivan Julianek gurekin lan egin zuen New Yorkeko bere estudioan, Rising Mountains diskoaren ekoizpenean, bertan egin genituen nahasketak eta masterizazioa. Adiskidetu, eta lan berri bat egiteko aukera sortu zitzaigun. Bilbon zein New Yorken prestatu genituen kantuok, eta hortik sortu da The Naked Flame lan berri hau”. Ivan Julian musikari eta ekoizlearekin lan egitea aukera ezinhobea izan da Capsulakoentzat, izan be Ivanen taldeen jarraitzaile sutsu izan dira orain arte (Richard Hell & the Voidoids, The Clash, Contortions, Fleshtones…).

Euskal Herrian musika
Beraien disko berriko kantuak entzun, rock azkarra, kitarra gordinak, Ivan Julianen ahots paregabea…. eta kantuen artean hemengo panoramari buruz berbetan hasi gara. “Euskal Herrian beti egon da eszena potentea, interesgarria. Hemengo talde askok jauzia egin du Estatu mailan edota nazioartean ere, eta hori oso interesgarria da. Gainera, estilo aldetik ere aniztasun bat ematen ari da, eta eszena lokalari indarra emateko ezinbestekoa da hori”.
Aspaldion gustuko dituzten taldeak esateko eskatu, eta zerrenda amaigabea sortu zaio Martin Guevara Capsula taldeko kitarrajoleari: “Eureka Hot 4, Lobo Electrico, NCC, Cancer Moon, Ya te digo, Munlet, Le Noise, Audience, Ama Say, Paniks, Atom Rhumba, Berri Txarrak, Lisabo, Standard, Delorean….. asko dira gustatzen zaizkigun hemengo taldeak, eta ziur gehiago ere sortuko direla”.
Eta ez du arrazoi faltarik. Asko dira bazterrotan dauden taldeak, tartean Capsula. Talde oso interesgarria, musikari bikainak, eta pertsona itzelak. Zabalak, beraien musika bezala.
www.capsula.org

Eta bideo interesgarri bat.