Zapi gorriak zerua du estaltzen!
1985eko uztailaren 7a gogoan
Ez dakit zer pasatzen den
azken aldi hontan
jendea hasi dela
dantzatzen sarritan …
… eta dantzan jarraitzen dugu oraindik, ia 25 urte beranduago. Azkena iragan ostiral gauean, Manu Chao, Radio Bemba eta Fermin Muguruzak behinola Josu Landak idatzitako koplak kantatzeari ekin ziotenean.
…zerbait ikustekoa du
bi falta direlakoz
«Recuento generalean».
Eta han ginen guztiak, sarri sarri dantzatzen, piti piti kantatzen. Errekuentoek zuten aurpegiarekin begiratzen genien eskenatoki gainekoei, harrituta.
Irratikoak han ziren
emititzen zuzenean
paella jango zutela
eta Piti eta Sarri bere muturretan
saltzan zeudela konturatu gabeak.
Eta uztailaren 7 hartatik, sanfermin hunkigarri hartatik, igaro dira urte parrastada bat. Askotxo. Piti hemendik dabil. Irakasle lanetan ikastola batean. Artista izaten jarraitzen du. Ihesaldiaren ostean atxilotu zuten Ipar Euskal Herrian. Atera zen gero, eta izaera alaia eta irekia du geroztik. Noiz edo noiz ikusi izan dugu hemen edo han. Bizitzan gora beherak, eta aspaldian pozik dela diote. Itsasoari begira.
Sarri ere bizi da, ez dute harrapatu. Jarraitu du sortzen, literatura, kantuak, itzulpenak, artikuluak. Iheslariaren patua, fikzioa dirudien bizitza, izoztutako lagun bat balitz bezala, ez naiz hemengoa esanez, han biziz hemen balego lez… bere letrak gogotsu irakurtzen ditugu, preso izan zenaren gogoak asetzen ditu irakurlearen apetak. Kantu dira bere hitzak. Eta jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan.
Zaila dugu sortzea
doinu gogozagorik
Sarri dio herriak
txanpainaz ospaturik
Iruñeko entzierroa
desentzierroa hemen
zapi gorriak
zerua du estaltzen.
Eta zinez kantu ederra sortu zitzaien Kortatukoei, Toots & the Maytals taldearen doinuak aintzat hartuta. 80. hamarkadako kantu bilakatu zen. 90. hamarkadan iraun zuen, gogoz. Eta XXI. mendeko lehen hamarkada honetan jarraitzen dugu dantzatzen, sarri sarritan. EHZ festibalean azkenengoz.
Eta gaur, uztailaren 7an zapi gorriak zerua du estaltzen!
pottdata:
Irakurketa interesgarriak:
Josu Landa ARGIA aldizkarian:
Ihesketa honek ametsak posible direla frogatu du
Joseba Sarrionandiari Mitxel Sarasketak
espetxean egindako elkarrizketa:
Literatura, bizitzeko modua besterik ez da
Bitartean, ez oso aspaldi Manu Chaok eta FMk Bruselan eman kontzertu bateko audioa duzue hemen entzungai. Ziur Jai Alai Katumbi Express hartako kantua dela, Espainian lotsagabeki faxistek zentsuratu gura izan zuten kantu eta kantariak.