agit/prop,  ikusi eta ikasi,  info 7,  musika,  teknologia berriak

Hatortxu rock: elkartasuna, musika eta Internet

Bat baino gehiago harrituta geratuko zen asteburuan, Lakuntzara hurbildu ostean. Gazteak izan dira bertara hurbildutako gehienak, musika jarraitzaile sutsuak… baina igande bueltan adin guztietako euskaldunek egin zuten topo Beriain mendiaren magalean, elkartasun jaialdi koloretsu honetan.
Hatortxu jaialdia, presoen dispertsioaren gastuei diruz aurre egiteko ez ezik, elkartasun festibala ere izan da. Eredugarria, antolakuntza aldetik bezala jendearen parte hartzetik ere. Milaka lagun eskenatoki bakoitzaren parean, milaka lagun kaleetan, milaka jarraitzaile hemen eta han.


argazkia: hatortxurock.org (aeroplano batetik ateratako argazkia)

Elkartasuna

  • Elkartasuna hitz handiz idatzi da egunotan Sakanan. Musikariek agertu duten prestutasuna (guztiak gutxieneko gastuak kobratu besterik ez dute egin, bidaia eta …) eredugarria izan da, 60 taldetik gora. Euskal Herrikoak asko, baina kanpotik etorritakoak ere bai batzuk. Alde horretatik, flipatzekoa musikarien jarrera.
  • Elkartasuna ere, herritarrek adierazi dutena. Lakuntza eta Sakana osoa inplikatu baita jaialdi honen antoLakuntzan.
  • Elkartasuna bertara joan zirenen partetik, han utzitako txanpon eta oihu bakoitza presoen alde izan zelako. Dispertsioaren kontra, dispertsioari aurre egiteko.

Musika

  • Talde ugari, estilo asko, kontzertu mota ezberdinak, eskenatokiak ere aukerakoak, jendetza ikusten gozatzen dantzatzen abesten. Musika eta elkartasunak bat egiten dute askotan Euskal Herrian.
  • Gogotsu eta pasioz aritu ziren zuzenean. Aurretik elkartasuna agertu eta publikoki eskainiz, eta gero bertan, kontzertuetan. Talde berriak, talde handiak, talde ezagunak, talde ezezagunagoak, famatuak…. kausa batek batu eta zuzenean adieraziz.

Internet

  • Hatortxu Rock jaialdi honek propaganda aldetik musika kontzertuetan ohikoa dena baino euskarri gehiago landu ditu. Paperezko propaganda Euskal Herriko txoko eta bazter guztietara heldu bada ere, bestelako asmakizun eta irudimenezko eskaintza izan du. Plastikozko milaka metro pankartetan, bide bazter, zubi eta kale artean ikusi ditugunak.
  • GARA, berria, eguzki irratia eta Infozazpi ere laguntzaile izan ditu. Eta jarraipena egin ez ezik, aldez aurretik iragarkiak jarri dituzte beraien medioetan. Elkarrizketak, kantuak, argibideak edo Internet bidez sarrerak saltzen.
  • Hatortxurock.org gunea izan da hala ere, nire iritzian bederen, jaialdi honetako izarra. Bideoak, Hatortxu telebista, zuzeneko irratia, argazkiak, bideoak… Sare sozialetan, #hatortxu etiketarekin, youtubeko bideoklipa, abeslari eta musikarien mezu eta elkarrizketak…. zer ez dagoen Hatortxu Rock gune multimedia horretan.
  • Borondatezko lana, sareko auzolana, multimedia ikuspegia, ekimen ezberdinen arteko elkarlana… Internet, sarea azken finean….

Hatortxu rock irratia

  • Irratia ere izan zuen Hatortxuk. Zuzenean Lakuntzako elkarte batetik. Gela multimedia bat. Prentsa eta Interneteko gunea kudeatzen zutenak mahai baten bueltan, eskaileretan gora bideogileak, beraien lanak kapturatzen, bideoak editatzen…. Hatortxu telebista sortzen.
  • Euskal Herri osoan entzun daitekeen Infozazpi batetik, Sakanako Eztanda irrati librea, Zarauzko Arraio irratia, Iruñerrian entzuten den Eguzki…  guztiak sarean lanean. Programak egiten, uhinak astintzen, Internetetik eskaintzen… software librea, ordenadore portatilak, ADSL konexioa konpartitzen…
  • irratia.com ere bertan egin zen, irratsaio solidario bat egiteko gogotsu. Musika eta elkartasuna uztartuz, saio digital berezi batean.
  • Han egindako saioa entzun gura baduzue, klik baino ez. Elkartasun klik bat, besterik ez:
    [audio:http://www.arraio.net/deskargak/hatortxu/irratiapuntucom.mp3]