teknologia berriak

web 2.0 ikastaroa UEUn

Izena eman nuen, eta antza denez gehiagok ere bai. Gaur 16 lagun hasi gara ikastaroan, eta beste kanpo ateetan geratu dira. Euskarazko ikastaroak urriak dira materia hauetan, baina ari gara horretan ere. Blogei eta teknologia berriei buruzko hainbat ikastaro eta hitzaldi eman eta kordinatu ostean, ikasle moduan joan naiz Eibarrera. UEUra.
Gorka Julio Teketen dugu irakasle. Lana erruz egiten du, hitzaldietarako RSSa baino jario potenteagoa dauka, ikasle ona izan dela nabari zaio, eta sekulako aurkezpenak prestatzen ditu pantailarekin.

Mundu ikaragarri interesgarria da web 2.0 delakoarena, eta asko dago ikasteko eta sakontzeko. Zeozer dakigulakoan, ur berrietan sakontzeko aukera ematen dute horrelako ikastaroek. Ondokoarekin, modu kolaboratiboan gauza berriak egiteko ideiak eta sortzen dira. Eta niri, gaur, pasatu zaizkit batzuk burutik.

web 2.0

Ondoan nuen Morau. Abeslaria eta AEK-ko irakaslea azken urteotan. Musikazalea naizelako aspalditik ezagutzen nuen, baina e-learning asuntuetan ari da aspaldion euskaltegiko lanetan. Euskal Herria 2.0 jardunaldietan ere izan zen, eta mahaian balizko blog batzuen zirriborroak sortu ditugu. Eta ziur naiz, gauza potentea egin dezakela berak, gehien maite eta ezagutzen duenari buruz: musika.

Ikastaroan gustura hasi gara, asko daukagu oraindik ikasteko eta lantzeko. Sakontzeko eta frogatzeko. Hamaseikotea gaude, hezkuntza eta enpresa mundukoak gehienak… blogosferara gehikuntza potentea izango da talde honena, ziur aski. Ikusteko dago.