gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

Orhipean, Renotik Euskal Herrira

Renoko irakasle bat izan dut asteburuon bidailagun. Bada mende bat, bere aitona zena, Jose Elkano, sorterritik Bartzelonara joan, eta handik Renorako bidean abiatu zela. 1909. urtean utzi zuen bere jaiotetxea Lintzoaingo semeak. Emaztea ere, Francisca Villanueva berarekin joana zen. Auritzberriko neska gazte bat zen orduan Francisca.

Ostegunean heldu zen Euskal Herrira Joe Elcano. Arbasoen lurra ez zuen ezagutzen, handik, Estatu Batuetatik, irakurria ez bada. Aitona eta amonaren lurraldearen berri ukan nahi zuen, eta Londonen izandako konferentzia bat profitatuz, hegaldi laburra egin zuen gure artera. Lau egunez izan da Euskal Herrian. Eta gu izan gaitu bidaide, gidari, aholkulari eta lagun.

Iñaki eta bion zeregina izan da Elkanotarren eta Villanuevatarren berri izatea. Lintzoain eta Auritzberrin duela mendea utzitakoa berreskuratzea. Eta Euskal Herria erakustea, eta gure kultura, gure hizkuntza, herri eta hiriak ezagutaraztea.

urriak 12 osteguna
Hondarribin jaso eta Getaria erakutsi genion. Elkano abizena ezaguna da gure herrian, eta Juan Sebastian Elkanoren sorterria bisitatu beharrekoa zen, duda barik. Eta txikia iruditu zitzaion Getaria Joeri. Portu bat, karrika estu batzuk, eta itsasoa. Ez besterik. Halako gidari batek, herri handia behar luke bere ustez. Baina herri txikiz osatua dago gure Euskal Herri hau, bera ere txikia baita. Azaltzen saiatu ginen. Eta kostaldean jarraitu genuen. Zain Donostia.

Ibilian ibiliz, kaleak, portua, jendea, Kuboak, katedralak, plazak, elizak, tabernak, pintxoak, musika eta beste. Ostegun arratsaldea izateko jendetsua Gipuzkoako hiriburua. Eta zelan azaldu jai dela? Hispanitatearen eguna, elkanotarrek irekitako bidetik, Amerika deskubritu zutela halako baten gaurko egunez… esateak ere lotsa ematen digu. Baina beteegi daude kaleak astegun buruzuria izateko.

Urumea errekak itsasoarekin bat egiten duen lekuan afaldu dugu. Kaskazuri jatetxean, kanpora begira. Ondo afaldu ere. Euskaraz zerbitzatu digute, gozo gozoa mahaigainekoak. Eta Londoneko otordua urruti zuen gure Joe lagun amerikarrak. Maria Cristian hotelean hartu du aterpe ostean.

urriak 13 ostirala

Goizean goiz, Nafarroarako bidea hartu dugu. A15 autobidetik, Leitzaran gainetik, mendien magaletik, Iruñeara heldu gara. Eta Egues ibarrean dagoen Elkano herrira joan gara. Zelan ez! Herri txiki eta polita da Elkano. Bere baserriak handi, ondo konponduak eta herri zainduan kokatuak. Orbaiz jokalariaren sorterri, herri polita eta interesgarria Elkano. Nafarroaren erdian.
Handik, Erro errekan gora, Urrozetik Errora, eta handik Meskiritzera. Bere senideen herri hau ere, argazki batzuk, frontoia, baserriak eta eliza, eta mendian gora berriz. Auritzberrira heltzeko.

Herri polita da Auritzberri, Orreagara bidean, Iruñea eta Donibane Garazi arteko errepide nagusian. Herri historikoa, Auritzen ondoan. Eta han, hilerrian estela zaharrak ikusi ostean, bere arbasoen berri izan zuen. Mendea geroago. Villanuevatarren berri, bere amona jaio zen etxearen atarian. Eta han, etxaldean, ondoan bere amonaren ahizparen senide guztiak. Inoiz ikusi barik ezagutu zuten Joe, etxera gonbidatu eta kalakan hasi ziren. Joek ez daki euskararik, ez daki gaztelaniarik, baina Iñakiren laguntzaz Auritzberritik Renorako jauzia laburra izan zen. 1909tik 2006rako bidaia atsegina izan zen. Bazkalostean berriz, kafearen usainean, hizketaldiak jarraitu zuen. Argazkiak, etxea, lanabesak, historia eta istorioak, kontakizunak, familiaren berri, abizenen arbolak, e-posta helbide trukaketak… hunkigarria izan daitekeen kontu bat. Eta gu lekuko.

Amonaren aldetik, direnak eta bi jakin ostean. Euskal Herrian jarraipenik ukan ez duen Elkanoren bidea topatu behar genuen. Auritzberritik Lintzoainerako bidea hartu genuen, mendian behera. Erroibarretik, Biskarret-Gerindain eta Lintzoain. Herri txikitxoa, 60 bat biztanleduna. Eta bertan Juana Maria Urbeltz eta Esteban Urrutia izan genituen aldamenean. Esteban Renon egondakoa zen, 12 urtez, 6 artzai lanean eta beste 6 bestelako lanetan, eta besteak beste Joeren aitonak kudeatutako Toscano hotela ezagutu zuen, baita Jose Elcano ere. Joeren aitonaren etxea ikusi genuen Lintzoainen. 1909an saldu zuen etxea, Ameriketara joateko. Eta ez da gero Elkanotarrik izan Lintzoainen. Ez daukagu familiaren berri, ez dakigu Joeren aitonak anaiarrebarik izan zuen, baina Juana Maria Urbeltzek lagunduko gaitu horretan, Bake Epaitegiko arduraduna delako bera Erroibarrean. Eta Renora bidaliko ditugu ostean agiriok.
Gazta eta pernila, ardo apur batekin, eta berbetan jarraitu genuen Urrutiatarren etxean. Etxe ederrak daude Elkanon ere, eta eliza txiki bat, eta frontoi handia. Eta behiak inguruan. Eta mendea pasa den arren, oraindik eskuara aditzen ahal da, umeek euskaraz ikasten dutelako, ez Erron, baina bai Zubirin. Urrutiago, baina nahiago.

Eta Iruñeara jo genuen gero. Iruñea, gure hiriburua. Alde zaharra, zezenen ibilbidea, Kukuxumusu, zezenplaza, Gaztelu enparantza, Ziudadela eta Foruen monumentuak. Historia eta lekukotasuna. Euskal Herriko hiriburuan ere, euskaraz eta ingelesez mintzatu ginen Laboraleko bulegariarekin, edo karriketan agurtu genituen lagunekin.

urriak 14 larunbata

Euskal Herriko hiria ezagutu behar dugu gaur. Bilbo. A8 autopistako kurba, bidezidor, obra eta abarren ostean, sartzen zara tximinia zaharren hirian. Nerbioi ibaia, Ibaizabal. Euskalduna untziola eta Deustuko unibertsitatea. Aresti eta Unamunoren Bilbo. Gugemheim museoa eta Kafe Antzokia. Euskaraz eta ingelesez atenditzen zaituzten lagunak. Berdin Gugemheimen Nereak edo Kafe Antzokiko zerbitzariak. Atseginak biak. Euskaldunak, munduko. Munduko euskaldunak. Wifi bidez Internetera konektatu, eta alde zaharra edo Gran Via, Arriaga antzokia edo Tenderia kalea ezagutu daitezke horrela. Tranbia hartu eta San Mames. Athleticen kamiseta semearentzat erosi eta Elena Odriozolak ilustratutako liburu bat emaztearentzat, musika euskalduna familiarentzat eta Unamunoren biografia euskalduna oroimenarentzat. Hemen Bilbon. Euskal Herrian.

Orhipean liburuaren ingelesezko bertsioa eskutan dela, gaur Londonetik Renorako hegazkina hartuko zuen Joek. Atzo, euskaldun gogorrak ginela esan, negarrari ezin eutsi eta hegaz joan zen Hondarribiko aireportutik. Ikusiko garelakoan, see you laster esan diogu Joeri. Bai Joe, bye!