gaztelumendi.eus,  larrabetzutik,  teknologia berriak

Gure herrian

zer ez den antolatzen. Bertso eskola, gaztetxea, literatur irakurleen kluba, hirugarren adineko gimnasia, txirrindulari frogak, mendi karrera herrikoi bat, afari eta bazkari ugari, jaiak franko… eta aspaldion gazteenak skate gainean dabiltza. Ikasten ari dira, eta lau txirrinka eta egur baten gainean zer egiteko gai diren erakusten digute, kalean bertan. Libre.
Ikasi bakarrik ez, herritarrontzat bestelako ekitaldiak antolatzen be hasia da Sk8la.
Asteon bideo proiekzioa dago gaztetxean, bariku arrastian.

Argazkiak.org | sk8la Bideo proiekzioa © cc-by-sa: gaztelumendi

Sk8lan lagunak ditut, guraso eta gazteak. Dinamika polita iruditzen zait sortu daitekela honen inguruan. Kirola da, kalekoa, librea. Modernoa eta merkea. Herritarra edo popularra zelan esan. Markek garrantzia handiegia duten arren, badago eszena underground bat ere. Musikarekin, kaleko artearekin ere harreman polita dago skate munduan. Eta horrek gehiago erakartzen nau. Egur gainean ez naiz etxeko abilena, baina laket dut nik ere lau txirrinkaren gainean ibiltzea. Eta sk8lakoei normalean dieinuak eta bloga egiten laguntzen diet. Eginez. Irudia, komunikazioa.

Bart, blogeko goiburua grafitteatu nien. Sprai batekin banengolez, photoshopen margotu nien gainetik, eta beste irudi batzuk gehitu…

Argazkiak.org | header bat grafitteatzen © cc-by-sa: gaztelumendi
Sareak aukera asko ematen ditu. Ikusten dituzuen skater hoiek, letrak dira, sarean topatutako tipografia batekoak. Rodrigo Germanek sortutako skate tipografia bat da.