Bob Marley eta reggae musika
Atzo, 25 urte betetzen ziren Bob Marley hil zela. Irratia piztu, edozein, eta ez zen beste konturik inon. Denek jarri zituzten bere kantuak, Jamaikan 24 orduz aritu ziren irratiak Marleyren kantuekin… baina gaur?
Bob Marley musikari handia izan zen, ez daukat dudarik horretaz. Gustura irakurri nuen Aritz Usandizaga Hernaniko disko jartzailearen liburua Bob Marley, begirunea, maitasuna eta askatasuna (Txalaparta, 2002ko abendua). Eta atzo, antzera idatzi zigun Aritzek Berria egunkarian.
Reggae musika gaur
Baina gaur ere bada reggae musika entzuteko eguna. Eta bihar, etzi. Reggae musikak, besteak beste kultura hau maitatzen laguntzen digulako. Posible da, erraz lortzen du mugitzen jartzea. Izan Bob Marleyrena edo beste askorena. Esaten dute, esan ohi da, kantsagarria dela, beti berdina dela… baina entzuten hasten zarenean, konturatzen zara ezetz, gauza ederra dela, konturatu barik oso gauza modernoak egiten zituztela duela 20, 25, 30 urte, Jamaikan bezala, Londonen.
Eta gaurkotasun hori ez du sekula galdu musika honek. Urteurrenak urteurren, milaka jarraitzaile ditu gure artean ere. Euskal Herriko irrati libre eta euskaldunetan gero eta reggae saio gehiago entzuten dira, gure musikarien artean berba gozoak entzuten ditugu Jamaikako musikaren alde…. eta iPod txikietan zein mp3 entzungailuetara kantu piloa igotzen ditugu…
Reaggea Euskal Herrian
Bob Marley musikariak bultzatuko gintuen gutako asko eta asko reggae musikara jauzi egiten, baina gero bide horretatik beste hamaika musikari -oraindik bizirik daudenak, zorionez- deskubritu ditugu. Bilbon adibidez, urtero sekulako kontzertua egiten jaietan Bilbao reggae splash izeneko jaialdia eta nazioarteko izarrak etorri ohi ziren. Txikitatik joaten ginen Gas plazara, eta ikusten genituen Culture, Burning Spear, Linton Kwesi Jonhson eta horrelakoak.
Orain, reggae jaialdi onenak Miarritzen eta Lapurdiko kostaldean egin ohi dira. Badirudi, han zaletasun gehiago dagoela. Bilbon, bai antzokian eta baita Santana27an ere hasi dira jaialdiak antolatzen noizean behin. Atabal aretoan ere aurki egongo dira Jamaikako musikari zenbait, bi egunez.
Hedatzen eta zabaltzen
Reggaea kultura bat da, beste ezeren gainetik. Eta zaletuek elkar ezagutzen duten arren, musika eta kultura hori zabaltzeko lana sekulako lana egiten dutela gogorazi behar da.
Bilbo inguruan adibidez, beti egon izan da Massive denda eta promotora, diskoak saldu, diskoak ekoiztu, kontzertuak antolatu… denetarik egin izan dute.
Basque Dub Foundation taldea, hortik sortua da, nazioartean ezaguna da Iñaki Yarrituk sortutako ekimen musikal hau. Diskoak hemen eta han egin dituzte. Massive dendaren inguruko taldea da hori ere, baina bere azken diskoa Brixton Records-ek plazaratu zuen. Denda eta disketxea azken hau ere.
Aritz aipatu dugu arestian, beste reggaezale sutsu bat. Hernanin Ghetto diskak denda, eta Molotof irratian musika beltza bultzatzen etengabe. Bere disko jartzaile emanaldietan musika eta kultura zabaltzen hedatzen da. Hernanin bertan, antolatu izan ditu Hip Hop ikastaroak, disko jartzaileentzako tailerrak… Donostian, Beltza records arduratu da musika beltza hedatu eta zabaltzeaz.
Eta reggae irratsaioak? Badira ere, gero eta gehiago. Entzun izan dut reggae eta ska saioren bat Koska irratian , lehenago egin irratian, Molotoffen, Info7 irratian, baina batez ere Kingston hiria entzuten dut Bilbo hiria irratian.
Bob Marley
euskarazko wikipedian | gaztelaniaz | ingelesez eta frantsesez besteak beste.
bobmarley.com
reggae-news.net
BDF basque dub foundation