teknologia berriak

“Hemen inork ez du Internet seriotan hartzen”

Orue.com edo Deusto.com bisitatzen badituzu, bere eremuan sartuko zara. Interneteko itsasoetan ari da, ontzigintzarako lan egiten duen arren. Hemen baino ezagunagoa da munduko hamaika bazterretan. Baina Interneti buruz berba egiteko elkartu gara Eduardo Perez Oruerekin. Kezkati agertu da.

Interneten oso lagun ezaguna zara. Noiz eta nola hasi zinen sarean murgiltzen?
1984 urtean nire anaia Karmelo AEBtan zegoen ikasten. Handik bueltan, zeukan diru guztia amaitu ostean, etxekoentzat opari bakarra ekartzea erabaki zuen, eta han ofertan zegoen Commodore 64 bat ekarri zigun. Orduan, zeharo zaletu nintzen. Baina izugarriena Espainiako BBS -Internet hedatu aurreko sareak- batzuetara konektatzen hasi nintzenean etorri zen. Orduan, SPRIk diruz lagundutako 1.200 baudiotako modema neukan. Internet geroago ezagutu nuen, 1995ean, Belgikan bizi nintzela.

Ez da denbora asko, Deusto.com dominioak buruhausteren bat eman dizula ezta?
Bai, Planeta argitaletxeak nire kontrako helegitea aurkeztu zuen Jabego Intelektualaren Nazioarteko Erakundean, Deusto.com dominioa beraiei zegokiela argudiatuta.

Zertan geratu zen afera hura?
Irabazi egin nuen. Eta eskerrak, dominioa duela 10 urte erregistratu nuen, Planeta argitaletxeak Deusto marka oraindik erregistratu barik zeukanean. Nik Deusto.com erosi nuenean, Planetak oraindik ez zeukan webgunerik ere. Dena nire alde nuen, baina denbora eta dirua horretan eman behar izan nituen.

Orain argitaletxe elektronikoa da deusto.com
Jendeak argitaratu gura duen guztia argitaratzeko aukera eskaintzen dugu. Liburu irekia da. Sartu, zure orria sortzen duzu eta idazten hasten zara. Hori da guztia, erraza eta doan.

Sarean zuk egindako bideoak ikusi ohi ditugu, Hombrelobo.com gunea ere badaukazu, baina zertan egiten duzu lan?
Berez, indabak ordaintzeko dirua Danimarkako ontzigintza enpresa batetik jasotzen dut. Nire lana, gas likuatuak garraiatzen dituzten gure itsasontzientzat merkatu berriak aurkitzea da. Internet ordea, pasioa da niretzat lana baino gehiago.

Duela gutxi eyeOS esperientzia ezagutu genuen, argituiguzu zertan den Interneteko proiektu hori.
EyeOS sistema operatibo birtual bat da, ordenadore bateko lan guztiak egiteko, ezer behar ez izatea ahalbidetzen du, soilik Interneteko konexioa. Berdin lan egin dezakezu bulegotik, etxetik edo ziberkafe batetik. Zure fitxategi guztiak izango dituzu, testu prozesadoreak, agenda… http://eyeos.info gunean doako kontuak banatzen ditugu, frogatu gura duen guztiak aukera izan dezan. Dagoeneko mundu osoko 66.000 lagunek egin dute.

Zelan ezagutu zenituen hiru gazte horiek?
Sarean. Beraien proiektua atsegin nuen, eta frogatu egin nuen. Idatzi egin nien, ingelesez idatzi ere, ez nuelako somatu ere egin Kataluniakoak izan zitezkeenik. Beraiek nire zerbitzaria eskatu zidaten, froga batzuk egin eta txateatzen hasi ginen. Handik egun pare batera, 18 urteko mutikoak zirela ikusita, autoa hartu eta Bartzelonara joan nintzaien bisitan. Jenioak iruditu zitzaizkidan, gauza harrigarriak egin dezaketen mutilak zirela uste bainuen.

Proiektuak oso itxura ona dauka, zeintzuk izango dira hurrengo urratsak?
Garapena eta garapena. Proiekturako programatzaile gehiago lortu eta, ahal dela, dirua egin.

Eta gure inguruan, zelan ikusten duzu Internet bera?
Txarto, txarto, txarto. Inork ez du horretan sinesten, enpresariek tentelkeria delakoan daude. Hemen inork ez du aintzakotzat hartzen. Pasa den astean Chris Andersonen hitzaldian egon nintzen Euskaldunan; Wired aldizkariko erredaktore burua da Anderson, Buztan luzearen teoria -The long tail- plazaratu duena. Betiko bostak batu ginen han, 40 bat ikasle,eta ez zegoen beste inor. Korbatarekin lau lagun. Eta arratsaldeko 19:00etan zen gainera! Eta tipoa, Inteneti buruz munduan dagoen argienetakoa da gainera. Eta jendeak ez dio garrantziarik ematen, antza denez ikasi baino, hobe da bekarioak kontratatu eta zapaltzea.

Euskarazko Interneta jarraitzen duzu?
Egia esan, ez. Sarritan gainera, gehiago jarraitzen dut ingelesez sortzen dena, gaztelaniazkoa baino. Ez dugu ahaztu behar, Internet berez globala dela, eta gustatu ala ez, gauza gehienak ingelesez sortzen dira. Nik, gaur gaurkoz, proiektu berri bat sortu beharko banu, ingelesez egingo nuke. Eta gero, beste hizkuntzetara egokituko nuke. Zolow.com proiektuarekin horrela egin genuen.

Eta zer gehiago egin beharko genuke?
Hasteko, guztion lana dela aintzat hartu beharko genuke, eta ez soilik gobernuarena. Denok daukagu ikasi beharra, lagundu eta lan egin. Azken finean, Internet hori bera da, gogor eta gogoz lan egitea. Eta euskaldunok langile fama izan dugu beti. Baina azkenaldian, badirudi beste norbaitek arazoak noiz konpondu zain gaudela. Baina hemen, argi eta garbi lan egin beharra dago. Eta benetan, zinez, gure gazteak lagundu egin behar ditugu. Ez beka miserable horiekin, baizik eta ideia onak lagunduz, benetako arrisku kapitalarekin, arriskatuko duena. Eta noski, ingelesa ikasi beharko dugu.

Hara eta hona

Bidaia asko eginda zaude. Zer ekarriko zenuke Euskal Herrira, hemen erabiltzeko edo egokitzeko?
Bidaia asko eginda nago, bai, baina gainera 17 urtez kanpoan bizi izan naiz, Tarragonan, Begikan, Argentinan, Estatu Batuetan eta Singapurren. Nire ustez guri falta zaigu bidaia gehiago egitea eta gainerako kulturen alderdirik onenak kopiatzea. Leku guztietan ikas daiteke zer edo zer. Singapurren, berbarako, SMS bidez taxi bat eska zenezake, zagozen lekuan zagozela, sistemak badakielako zu non zagozen. Edo Iranen, urteak direlako han semaforoek atzera-kontua daukatela. Zer esanik ez, Danimarka, han amatasunari laguntza emateko sistema ikaragarri ona delako. Kanpora joan behar da baina ez harrotasuna erakustera, ikastera baino. Zer ikasi asko daukagu eta.

Esaiguzu, nondik ibiliko zinateke paseoan?
Iguazúko ur jauzien ingurutik, deabruaren atakaraino, Argentinan. Edo Tokioko Harajuku auzotik.

Eta hiri bat aukeratu beharko bazenu?
Buenos Aires, Singapur, Bartzelona, Oslo, Tokio, Río de Janeiro, … Bakarra, inoiz ez.