larrabetzutik

HautEZkundeak 09 edo indabak zelan gurago

Hemen egunero dira ospatzen hauteskundeak. Beti gaude kanpaina, beti hautagai, politikari eta enparauak gurean, medioetan, kalean, bizitzan.
Sukalderaino sartzen zaizkigu.
Baina hemen, hauteskundeek ere behera egiten dute. Abstentzioari erreparatuta, ematen du, gogoa piztu barik, ilusioak amatatzen ari dela politikagintza ofiziala.

Indaba jana
Herrian indaba bazkari ederra egin genuen atzo, hauteskunde eguneko momentu politena, zoriontsuena… aberatsena izan zen.
Txokoko sutondoaren epelean, goizean zehar putxera batean prestatutako indabak, txorizoak, mortzillak, saiheskia… errioxako ardoa. Lagunarte ederra. Eta bazkalosteko tertulia.
20 lagun mahaiaren bueltan. Pozik, irrifartsu.
Mahaian jezarritakoetatik lau ginen Larrabetzun sortuak. Beste guzti guztiak herrira bizitzera etorritakoak. Adin guztietakoak.
Ematen du pozik daudela gurean, tokia egiten. Dozena erdik gainera, lehen aldiz edo bozkatzen zuten herrian…
Eta pozik mahaiak eman zuenarekin. Emaitza ona platerekoa.
Sua amatatu genuenean, inguru guztiak garbitutakoan uriratu ginen berriro ere, nor bere zereginetara, eta gai nagusiari lotzera berriz ere.
Indaben ordez bozak. Pozak.
Larrabetzuko emaitzak ez dira asko alderatu gainontzeko Euskal Erdiko bozetatik. Gurean be, txakurrak ortozik.