Hamaika ikusteko jaioak
Bilbo. Asteartea. 11:30.
Gran Via. Euskaltelium.
Aurkezpena. Komunikabideak. Jende ugari.
Ezohikoa. 6 egitasmo ezberdin bateginda. Euskarazko telebista -lokalak, digitalak- sortzeko egitasmo handiago batean. Hamaika izena aukeratu du talde berriak –Euskaltel, Elkar, Ekhe, Ekt, Bainet, Cmnt– ekimen berrirako.
Hamaikaren berri jakin nuenean, poztu egin ninduen urrats berri honek. Apostu teknologikoen gainetik, unean uneko komunikabide bat sortu baino, haratago zihoan estrategia bat atzeman niolako ekimenari. Aliatu teknologiko bat -Euskaltel-, kioskoetako prentsa abertzale guztia –Gara, Berria, Deia, Diario de Noticias, Le journal-, euskal kulturako erreferentzia nagusia –Elkar-, eta orain arte telebistan esperientzia handia duen -Bainet- enpresa. Izugarria iruditu zitzaidan orduan, eta gaur nire begien aurrean ikusi dut.
Euskararen inguruan inoiz sortu den ekimen handiena da duda barik. Euskaraz sortu da, euskara hutsez aurkeztu dute, eta euskarazko proiektuak sortu gura dituzte ikusentzunezkoen alorrean. Orain arte, euskarazko telebistak bi hanka zituen: ETB1 eta herri telebista zenbait. Aukera aniztasuna izateko sortu da talde berri hau, lizentzia berrien aukeran abiatuko dena, eta telebista digitalaren alorrean buru belarri sartu gura duena.
Eta aurkezpenean ere jende ugari batu da. Horren kronikak, argazkiak batuko dira paperezko egunkarietan. Hizlarien aipamenak ikusi ditut ETBko albistegietan. Euskara hutsez, bi kateetan. Prentsa eta komunikabide munduko jendea, unibertsitateko irakasleak, politikariak, blogari zenbait, kulturgile batzuk eta bakoitzak gonbidatu dituenak egon dira. Normalean baino -ni egoten naizenetakoak behintzat- jende gehiago. Aniztasun zabalagoa.
Euskal Herrian egiteko ditugu proiektuen artean, bide hau interesgarria izan daiteke. Adostasuna bilatu, proiektu erakargarriak mahai gainera ekarri eta etorkizuneko apustuak egin behar dira, baina orain. Bide zailenak orduan hasiko dira. Baina bidea egitea da afera. Bideak erakutsiko digu tamaina, luzera, erronkaren zaila.
Hamaika ikusteko jaioak benetan; izan be sei lagun mahai baten gainean, bostekoa emanez, zazpi Euskal Herriei begira bat eginda.
Eguneraketa:
| Sareko Argia hari@-k beti bezain ondo egin du prentsa bilduma.
 | Erabili.com gunean, Hamaika telebistakoak zabaldutakoa argitaratu dute.
 | zabaldu.com beti bezain adi eta partehartzaile.
2 Iruzkin
xiber
Uztarriakoek ere jaso egin dute.
FELIPE
Euskara komunikabideetan hedatzeko egiten diren ahalegin guztiak guztiz pozgarriak direlakoan nago. Areago, pentsamolde desberdinetako euskaltzaleak batzen badira erronka berri hau aurrera eramateko…