hurrengo geltokia,  teknologia berriak

Bi hitz Berriari buruz

berria Gaur Berriari buruz modu subjetiboago batean berba egitea tokatzen da. Bart Bilboko Kafe Antzokian izan nintzelako eta gaur goizean, kioskora korrika joan naizelako, badira bi arrazoi, berriari buruz bi berba egiteko.

Aurkezpen ekitaldia

Poztu nintzen, aurkezpena egiteko Bilbo hautatu zutela jakin nuenean. Euskal prentsak orohar gutxi jotzen du hirira. Gutxiegi nire uste apalean. Eta Bilbo ezer bada, Euskal Herriko hiria da. Badira gero eta gehiago euskara eta euskal kulturaren gune garrantzitsuak eta atzokoan Kafe Antzokia hautatzean asmatu zuten.

Ekitaldia laburra izan zen, 25 minuturen buruan mintzatu ziren bi hizlariak: Martxelo Otamendi zuzendaria (Berria) eta Joxean Lizarribar enpresa gizona (EKT). Martxelok, produktua pantaila handi batean aurkeztu zuten, power point batekin lagundua. Biharamunetik aurrera ikusi behar genuenari buruz, britaniartu, aldizkaritu eta holango berbak erabili zituen. Enpresaz, aurrekontuaz, laguntzetaz aritzeko profitatu zuen Lizarribarrek. Eta tartean, Onintza Enbeitak bertso batzuk egin zituen. Hori izan zen ekitaldi guztia, gero pintxoak eta argazkiak. Handienek egin ohi duten antzera. Eta jendea kalakan. Berbaz. Eta jaten.

Diseinu berria

Eta gaur, goizean arineketan joan naiz egunkaria erostera. Errez asmatu dut zein zen hartu beharrekoa. Lehen inpresioa ona. Mantxeta mantenduz (oso ona iruditzen zait) beste guztia aldatu dute lehen orrian. Barrura sartzean, gutxiago gustatu zaidala uste dut. Letrak, letrak topatu ditut nahinon. Beltz, oso ilun kausitu ditut zuribeltzezko orriak. Iruditu zait, kolorea eta sail batzuk ondo landu dituztela. Baina harrapatuak egon direla beste orri batzuetan.

bob marley berrian

Asko gustatu zait, mantxetaren azpian landu duten albiste hori, koloreetan, beltzaren gainean…. gainera gaur Bob Marley hartu dute hizpide. Hori oso polita. Hor bai iruditzen zait britaniarragoa, aldizkaritutakoa. Beste argazki hauek, berez berba egiten dute: zuri baltzean zenba letra! Argazkiak eta testua

Argazkiak eskuragarri daude flickr gunean.

Edizio elektronikoa

berria.info Goizean, edizio elektronikoan sartu naizenean galduta sentitu naiz. A ze anabasa! Letra mordoa, baina non klik egin? Eta gero hasi naiz apurka apurka ordenatzen, gauzak bere lekuan kokatzen. Interpretatzen ikasi dudala ikasi dut. Blogei begiratu diet, diseinua gehiago gustatu zait aurrekoa baino. Komiki tirak topatu ditut iritzi sailean, hau bestea… eta hor aritu naiz. Badirudi RSS jarioa ere izango duela Berria.infok. Ez da gutxi.

Blogak

Blog berriak iragarri genituen atzo, eta hala da. Batzuk gaur, oraindik abiatu barik zeuden. Baina badirudi euskal kultura Internetera hurbiltzeko saiakera bat dela. Ez da gutxi. Nire ustez, blogetan belaunaldi berrietako jendea inplikatu beharko lukete. Jende gaztea pantailara hurbiltzeko. Ez horrenbeste idazle eta kultur gizon emazte, baizik eta jende ezezaguna, jende xehea. Institutoetako anekdotak, kaleko istorioak kontatuko dituena. Apal baina txukun.