Koldo Izagirre bihotz bakartien klubeko sukurtsalean
kantari nator
gainez gain naroan urratsa,
kantari noa
ai ene, zuhaitzak erre dituen gatza!
kantari nator
gailurrerainoko urratsa,
kantari noa
ai ene, ene nekeon lorratza!
kantari nator
libre nahi zuen urratsa,
kantari noa
ai ene, ene loturen zehatza!
kantari nator
bakarrik ez dakien urratsa
kantari noa
ai ene, ene laguna han datza.
kantari nator
pausatu egin den urratsa,
kantari noa
ai ene, ene biharamun latza
kantari nator
ezin goragoko urratsa,
kantari noa
ai ene, ene ibili narrasa!
Azken eguna du etxeko Seaskako egutegiak. Eta prezioek gora egin aurretik, etxerakoak erostera abiatu naiz kalera. Egunkaria eskutan, kafe epela musturrean. Haizea dabil kanpoan. Gusturago aterpean. Kaleko dendan erosketok eginda, zorrak kitatzera bbk-ko sukurtsalera.
Urte berriari dagokion ondo etorria egiteko, Iñurrategitarrena dirudien argazki sortari bota diot begia. Eskutan hartu, eta letra txikiari erreparatu. Kopla ematen du. Otsailekoak ere, martxokoa bardin… ostia! egin dut nire kolkorako. Abendua ikusi ostean, hurrengo orri baltzituan, topatu ditut kredituak. Letra txikitan ageri da koplon egile handia.
kantari nator
hemendik harako urratsa,
kantari noa
ai ene, ene bidean dabil akatsa!
kantari nator
isilik emon den urratsa,
kantari noa
ai ene, ene lore guztien makatza!
kantari nator
ihintzetan sorturiko urratsa,
kantari noa
ai ene, ene ametsen urratsa!
kantari nator
hegaldi beteko urratsa,
kantari noa
ai ene, ene usteon balantza!
kantari nator
bururik ez duen urratsa,
kantari noa
ai ene, zerk, zerk garoatza?
kantari noa
loak hartzen ez duen urratsa,
kantari noa
ai ene, ene argien ikatza!
Eta ia zortzimilakorik ez duen egutegian, mundu osoko argazki dozena ageri zaigu. Bereziki jo diet begia Argentinako Cerro Torre (3.128m) mendi niretzat ezezagunekoari. Edo irailean Argeliara joatea gomendatzen digun Hoggar-eko argazkiari. Tibeteko trapuek adierazi gura dutena galdetzen diot Iñurrategiri, eta Maliko argazki bat erakusten dit beranduago.
Mundu bat sartu zaigu sukaldera. Sukurtsalak mendira garamatza. Argitasuna darie argazki eta berboi. Eta imajinatzen dut datorren urtean, honek amaitu behar duen une berean, Joseba Tapiaren koplak, bbk-ko mp3 jaurtigailu batean. bihotz bako kluba da gurea. Sukurtsaleko tipoak barre egin dizu, ahopetik, giputzek fusioak fusio galduko dute koplaren tonua.
Blogari baten kopla sukurtsaletik ateratzean:
kantari noa
plazatik etxera urratsa,
kantari noa
ai ene, ene pozaren mikatza!