Kezkaz
Maiz ematen du, blogean ez duzulako idatzi ez dela ezer gertatu.
Lagunek mezua bidali ohi dute halangoetan… ea zer pasatzen dan. Eta lanpetuta zaudela ez dute sinesten, beste zeregin batzuetan be bazabiltzala. Beste blog edo webgune batzuk be elikatzen dituzula. Sarean zaudela, adi adi… eta ahal dela zerbaitetan. Ahalean.
Hala ere, norberaren rss-ak martxan. Mezuak badatozela, baina ostantzeko jantziekin egindakoek ez dute norberaren oihartzunik hartzen, antza. Sareak hori dauka… eta horretan ari gara.
Azken asteak topera doaz. Badago zeregin franko, non ibili, zertan aritu. Eta adi adi jarraitzen ditut jokaldiak.
- Webgune berria daukagu lantokian. Kanpaina horrek buruhauste zenbait eman dizkit, ondo atera zaigu, eta halako oihartzun bat lortu du inguruan. Ez dugu amaitu oraindik. Horretan jarraitzen dugu.
- Herrian skate eskola bat sortu dute gaztetxoek. Irudian eta blogean lagundu diet, baina gu baino blogeroago eta youtubeago ikusten ditut 12 urtekoak. Skate gainean duten trebeziarekin ari dira jauzika eta saltoka sarean be. Azalpen gutxi eta begirune handia herriko mutikoei. Laster hasiko dira eskola kontuekaz…. eta gustura ikusten ditut. Herria kartelez josi dute, eta sarea edukiz hornituko dute. Flip batzuk egiteko moduan gu be laster.
- Dinamika polita piztu dute Euskal Herriko futbol jokalariek ere. Sarean ari gara hori mugitzen, laguntzen. Euskal Herria eta selekzio ofizialak aldarrikatzen. Hainbat lagun gabiltza, eta dinamika polita pizten ari da.
- irratia.com be ondo egokitu da sare sozialen eremura. Gurea osatzen ari gara, laister ditugu ehun kide facebook sarean. Entzuleekin harreman aktiboagoa sortze bidean, nazioartean ditugun entzule -eta lagun berriak- geolokalizatzen ari gara. Elkarrizketak prestatzen. Saioak emititzen. Eta aste honetan Fermin Muguruza izango da gurekin. Aurrerapena.
- Bizkaiko bertsolari txapelketak be kanporaketak bukatu ditu, semifinalak datoz orain. Iparraldeko saioak bertara joan barik jarraitu ditut. Ametsek ametsa bete du. Eta gurean entrenatzen den laukoteak eutsiko al dio erronkari? Polito ikusi nituen aurrekoan, afalosteko saioan. Xabi, Etxahun, Fredi eta Arkaitzegaz barriro afaldu eta gai batzuk prestatuko dizkiet. Bertso trainer txorrada bat iruditu eta afari giroko gaiak hobeak direlako. Baita entzuteko be!
- Asteburuan herri mugimendua 2.0 ikastaro tailerra izan da Gasteizko Saregunen. 20 lagun batu gara, hausnarketa batzuk egin ditugu. Blogintzan sakondu eta herri mugimenduen sarea sarean zelan isladatu asmatzeko daukagu oraindik.
- Eta bizitza aurrera doa, sarean, kalean, etxean, lanean, juergan eta ohean….