Rikardo Arregi, Esloveniatik
Etxera bueltatzen ari nintzela sentitu nuen Esloveniara iristean. Gauza ezagunak haien lekuetan daude orain dela hilabete batzuk utzi bezala, basoak eta autopistak hor daude, lagunak ere hor daude irribarretsu dober dan (kaixo, egun on) esaten eten gabe. Eta Lipica (Lipitza ahoskatu), Vilenica Literatur Jaialdiaren egoitza nagusia, nik ezagutu nuen Dane herrixkatik kilometro gutxira dago. Baina desberdintasunak handiak dira: ni nintzen maiatzean euskaldun bakarra, orain sei gaude; sei lagun ginen udaberrian lanean, orain berrogeita hamar baino gehiago gara.
Harriturik nago. Atzoko ekitaldia, lehena, irudikatzen nuen Euskal Herrian, irudikatu nahi nuen Euskal Herrian, baina ezin. Hemen literaturari ematen zaion garrantzia ez dakit guk ezagutuko dugun inoiz. Central Europe Initiatives erakundeak Mazedoniako idazle gazte bati beka bat ematen dio ekitaldiaren baitan; Goce Smilevski du izena eta mazedonieraz irakurtzen digu nobela izango denaren kapitulu bat (ingelesezko itzulpena dut orain esku artean). Idazle gaztearen aurrean makurtzen dena Esloveniako Atzerrirako Ministroa al da? Bai. Gauzak horrelakoak dira hemen. Gauean lehen irakurraldian basoaren erdian poesia, narrazioa eta saiakera tartekatzen dira. Hizkuntzak: euskara (Atxaga), alemaniera, italiera, serbokroaziera, esloveniera. Ingelesezko itzulpenak esku artean ditut. Euskaldunok etsiturik begiratzen diogu elkarri afalostean. Horrelakorik Euskal Herrian?
Rikardo Arregi Diaz de Heredia
Idazleen elkarteko idazleak.org gunetik hartutako artikulua.