Ipuina narratibaren lirika da
Koldo Izagirre sasoiko dabil. Bi liburu plazaratu ditu tarte laburrean, eta hasieran aurkezpen berezia eta prentsaren aurreko lanik ia egin ez bazuen ere, gero elkarrizketa sano interesgarriak eskaini ditu. Nik lau elkarrizketa patxadazko irakurri dizkiot, eta zeresana ematen duten aipuak egin izan ditu. Hitzaldi batzuk be eskaini ditu han hemenka… eta hoietan bere irakurleak liluratzeko gaitasuna erakutsi du.
Miel Anjel Elustondo Zaldierok elkarrizketa luzea egin zion Berria egunkarirako. Basques´ harbour anti-Kresala da guztiz titularraren ondoan, mami ugari. Paperezko bertsioan elkarrizketa luzea bazen ere, luzeagoa zen edizio digitalekoa.
Uztailaren ondarrean, Argia aldizkariaren Larrun gehigarriak Mikel Asurmendik egindako elkarrizketa luzea eskaintzen zuen. Duda barik, gehigarri osoa Koldo Izagirreri eskaintzeak (18 orrialde inpresoratik inprimatuak) elkarrizketa mamitsua behar zuela adierazten zuen, irakurri ostean, dudarik ez. Mamia ugari.
Txorierriko Aikor! aldizkarirako be, elkarrizketa interesgarria egin zion Gotzon Barandiaranek Izagirreri, idazleak Larrabetzun hitzaldi bat eman ostean. Hitzaldiko giroa bi orritan batzea erraza ez bada be, han bizi eta entzun genuena orriotara ekartzen saiatu ziren Koldo bezala, elkarrizketatzailea be.
Azkena Volgako batelariak blogean irakurri dut. Galdera asko, aurreko elkarrizketetan errepikatzen diren itaun batzuk -dagoeneko aspertzeraino nekatzen duten konpromezuarenak, ideologia, historia, hizkuntzaren zailtasunak….-. Baina, hala ere, erantzunetan maisu den idazleak, sormen eta irudimen handiz -eta elegante- erantzuten ditu interrogatorio hoiek. Kantuan jartzen du elkarrizketatzailea bera ere, eta kasu honetan Volgako batelarien blogean, literaturari buruzko gogoeta interesgarriak irakurriko dituzue.
Udan jakin nuen, Hasier Rekondok Bizkaia irratian elkarrizketa luzea egin omen ziola bertako literatur tarterako. Mp3 hori igorriko zidala aipatu zidan elkarrizketatzaileak, baina oraindik ez dut deus jaso. Baina, eleizako irrati horren webean ez dago elkarrizketarik eskuratzerik, beraz, inoiz lortuko dugunaren esperantzan geratuko naiz.
Elkarrizketak irakurrita, Ipuina narratibaren lirika da esaldia topatu dut. Eta pentsatzen geratu naiz une batez, buruari aska egin diot… eta ezer erantzun ezinik geratu naiz.
2 Iruzkin
Hasier
Barkatu endredoak Patxi, zure helbideak galdu egin nituen. Laster iritsiko zaizu elkarrizketa etxera. Ondo izan.
patxiku
Hara! idatzi eta egun berean erantzuna….
Lasai Hasier… eta eskertzen da erantzun izana be… ziur nago eta elkarrizketa interesgarria izango dela. Ze irratitan egin den gutxienekoa da, literaturarekiko zaletasuna duen batek egin izanak… pozten nau. Betetzen nau. Badakit hoietakoa zaitugula.