literatura,  musika

“Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen, kulturaren kaltetan”

Larunbatak eman du harritzeko moduko konturik, prentsa irakurtzen hasi ezkero. Larunbatean argitaratu zen, GARAren Mugalari kultur gehigarrian, elkarrizketa Jose Mari Sors Elkar enpresaren kudeatzailearekin.

Hainbat larunbatetan agertu dira elkarrizketak liburugintzaren inguruan dauden eragile ezberdinekin: editoreak, enpresarioak, kritikoak… Denetarik.

Baina titular deigarria izaten da kazetariaren asmoa. Eta honek behintzat begian ondo jotzeko modukoak bota zituen. Esatea be. Kontsumo irizpideak ari dira gailentzen dio, esaten du; Elkar megadendetako erakusleihoak ikusi eta gero botako zuen, beharbada. Diot nik. Erakusleihoak metafora polita zatekeen.

Kontsumo erizpideak

Kontsumo erizpideak eta merkatu lege basatiak aplikatzen dira hemen, nahinon. Eredutzat adibidezn Jon Arretxeren liburuak salgarri jarri dituen enpresak, behin eta berriro, institutoetan salduko denaren aitzakian… literaturatik zientoka kilometrotara dauden liburuak baino promozionatzen ez direnean. Non dira orduan kulturaren irizpideak?

Promozio estrategiak

Taldeak berak ekoiztu edo autogestionatutako bi disko izan dira berriki kalean. Adibiderako. Su Ta Gar eibartarrek kaleratu dute bata, eta Fermin Muguruzak bestea. Nik irakurtzen ditudan egunkarietan, sekulako publizitatea ikusi dut disko hoien inguruan. Su Ta Garrek diskoa kaleratu baino lehen, aurkeztu noski Elkar denda batean egin zuen, disko hori iragartzeko publizitate faldoiak oro Elkar denda iragartzeko diren. Han erosi behar zirela. Diskoa nork, zelan, eta zergaitik gutxienekoa zen. Non erosi da gakoa. Kulturaren mesedetan ziurrenik. Berdina gertatu da Ferminen Euskal Herria Jamaika Clash lanarekin, irudi du, Elkarrek argitaratua dela. Elkarren baino ez dagoela salgai erakutsi gura zaio musika zaleari.

Denda txikiak, kulturaren mesedetan

Nola ez dira ba itxita egongo, musika, literatura eta kultura herritik bertatik, saldu eta zabaldu duten denda txikiak. Nork itxi ditu? Zergatik heltzen dira beranduago, apropos, banatzaileen distribuzioan. Zergatik liburu batzuk egun batzuk lehenago daude megadendetan, beste liburudendetan baino? Beti da kasualitatea? Ala kontsumoa bideratzeko irizpideak ari dira gailentzen, kulturaren kaltetan?

Ondorio baino kezkak

Euskal Herriko argitaletxe handienak, ze kanpaina egin du irakurzaletasuna bultzatzeko? Zergatik pentsatu izan dugu ikastoletako belaunaldietatik berez etorriko zirela irakurle eta kultur kontsumorako erosle berriak? Euskal kulturgintza deitzen zaion horrek, zer egin du azken hamarkadetan kulturaren inguruko sustapena egiteko? EITBri errua botatzea erraza bezain antzua da. Zer egin dugu bestelako kultur esparruetan gure produkoak laguntzeko? Promozionatzeko? Ze prezio jarri diegu gure produktuei? Durangoko mozkinak berrinbertitzen al dira? Zertan? Irakurle, literaturzale eta musikazalea naizen aldetik, kulturgintzaren aterpean hotza egiten duela iruditzen zait. Ahalegin txiki eta jator batzuk badaude, kontabilitatearekin burrukan etengabe. Liburu, disko eta ekoizpen hobeak egiteko gogoa eta ilusioarekin, baina anaia handiak (etxekoa kasu honetan, hurbileko behintzat bai) dena kontrolatu gura du. Hori da kulturzale bezala daukadan ikuspegia.

Herri kulturaren alde

Kultura hala ere, beti herrian sortu da. Eta herri kultura popularra egiten jarraitu behar dugula iruditzen zait, kontsumo irizpide guztien kontra, jendearen gustukoa, kalitatezkoa ahal bada, eta merkatu irizpideetatik ata. Bizi garela adierazteko, besteak beste!