gaztelumendi.eus,  literatura

zelan aurre egin hotzari literaturarekin

Asteburua aspaldiko hotzena izan da gurean. Ean, egutegiak tokiz aldatu dituen ekitaldiak antolatu dituzte. Lehen, uda betean Poesia egunak izan ohi ziren kostaldeko herri txiki eta eder honetan. Iaz neguan antolatu ziren egun pare bat, eta aurten ere bai. Ez dakiguna da datorren urtean horrelako saririk izango dugun.

Zapaturako Miren Agur Meaberen hitzaldi oso poetikoa zegoen iragarrita. Iluntzen Oskar Alegriaren filma eta domeka eguerdian Ines Osinaga eta Joseba Sarrionandia. Aurretik izena eman, bertaratu eta gozatu. Hori zen plana. H-a kendu zioten …erria. Ea.

 


Miren Agur Meabek Nola atondu (dudan nire) gela bat norberarena kontatu zigun. Virginia Woolf idazlearen liburuaren titulua aitzaki hartuta, literatura sortzeko behar diren baldintzak, aukerak, inpultso estetikoak eta gogoetak luzatu zizkigun. Hitzaldi eder bat. Entzule asko, gehienak emakumezkoak. Eta jarrera oso emankorra eta oso hartzailea. Hori asko eskertzen da. Bistan da, Ean urteetako lana dagoela. Kostaldera hurbiltzen gara denok motibatuta, Eskolondon kafea hartu eta elkarren ondoan jarri eta entzuteko prest beti. Asko ikasteko desiatzen. Literatur kontuekin gozatzen. Eta oso esker onekoak izaten dira beti Eara hurbiltzen diren idazleen motibazio eta jarrera positiboa. Zortekoak gara alde horretatik. Miren Agur Meaberena ez zen gutxiagorako izan. Hitzaldi luzea, landua, datuz eta xehetasunez betea, gogoeta eta poesia, hausnarketa eta umorea. Jendea eta literatura. Katuak eta barreak.


Jende gehiagok eman zuen izena antza igandeko saiorako. Baina bezperako itxura hartu zuen Eskolondoko aretoak. Miren Agur Meabek atondutako moduan jaso genituen Ines Osinaga musikaria eta Joseba Sarrionandia idazlea. Kuban Sarrionandiak idatzitako letrak, itsasozย  Euskal Herrira heldu eta disko forma hartu zuten Gose taldearekin. Igandeko saioan berriz, bakarka aritu zen kantuan Ines, Joseba Sarrionandiak berak idatzitako abesti bakoitzaren testuingurua azalduz. Katuak, erruak, portuak, basamortuak… denetarik hartu zuten hizpide.
Loturak, bizitako uneak, gogoeta filosofikoak, pasarte historikoak…. kontalari aparta da Joseba Sarrionandia. Orain arte liburuetatik baino ezagutu ez dugun idazleak jario ederra dauka hizketan ere. Berezko umore puntua eta memoria handia nabari zaio. Ezagutza eta irakurketa oparoa. Horren emaitza da bere sorkuntza. Eta horren esker onekoa Eako portura hurbildutakoen harrera.

Giroa nabarmendu behar
Hotza egin du asteburuan Euskal Herrian. Gerizpetan gehiago. Areto handietan zer esanik ez. Eskolondon hotza egin zuen zapatuan bezala domekan ere. Baina ederto girotu zuten gure letrek gure gorputzeko atal bat baino gehiago. Eutsi genion, eta gozatu genuen. Eta ostean, ardotxoa edo bermuta hartuta, barneratu genuen alegrantzia apur bat. Merezitakoa.
Neguan ere poesiak, literaturak, jendearen arteko harremanek lekuaย  eta denbora behar dutelako, tarte bat. Are gehiago bizi dugun sasoi aldrebesย  honetan. Eta hori ere eskertu beharko diegu Heako antolatzaileei. Urtero bezala, beti bezala detaile guztiak zaindu, jendea babestu eta sekulako kultur eskaintza egiten dutelako. Eta eskertzeko berbak labur geratzen dira horrelakoetan. Giro beroaren parte dira beraiek ere.