gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia

jalgi hadi mundura!

Urtea pozik hasi dut.
Asmo berrien bila ari nintzen, lan berri baten bila alegia. Eta sare sozialek horretarako ere bere balioa dutela ikusi dut. Gogorra da batzutan norberaren egoera edo ezintasuna sarean azaltzea. Baina, jende on asko dago bazter guztietan. Eta bazterretik, ertzetik ari garenean, aldamenean sentitzen dituzu asko. Eta oso eskertzekoa da hori.

Urrian idatzi nuen mezu hau:

Eta berehala hedatzen hasi zen. Mezuak, galderak, bertxioak, eta baita proposamenak ere. Eta oso eskertzekoa da hori. Harrituta batzuk, kezkatuta baten bat.

Zientzia astea
Baina ia egun berean lan eskaintza bat izan nuen, eta hurrengo astean Euskal Herriko Unibertsitateak antolatzen duen Zientzia astea kudeatzen ari nintzen Gasteizen, eta handik aste batera edo Arkeologia museoan ekitaldi guztiaren ardura hartu nuen. Hizlariak, zientzilariak, umeak, gurasoak, unibertsitateko arduradunak, museoko kudeatzaile eta langileak, unbertsitateko langileak, webmasterra… Gasteizera joan etorriak, eta pozarren lanean. Kontratu mugatua, bi astekoa edo. Baina lana. Eta ardura. Eta kudeaketa. Eta emaitza eta harreman onak. Eta hori, oso garrantzitsua izaten da.

Durangoko azokan
Hitzordu garrantzitsua neukan azoka egunetarako. Aurretik zerbait hitz eginda neukan, eskaintza bat izan nuen, serio hartzekoa. Bazkaltzeko eta hitz egiteko geratu ohi gara horrelakoetan euskaldunak. Azoka egunetan urtero egoten naiz Durangon Susa argitaletxearekin lanean, 25 urte baino gehiago izango dira. Eta networking sare emankorra da dudarik gabe. Aurten ere. Eta bateko eta bestekoagaz berbetan, huntaz eta hartaz aritzeko lekua izaten da gure merkatua. Eta nik agendan, gorriz neukan egun bat baino gehiago ere. Abenduak 6 zuen egutegian. Konstituzioaren eguna. Gogotsu eta umoretsu altxatu nintzen Abadiñoko Murueta baserrian. Eta serio jarduteko tenorea zela neritzon orduan.

Arratsalde iluntzean, baten batek txioa ahotsez bergogoratu zidan. Serio zebilen. Ohartua zen. Azkarra da. Harratu zuen, ez_ironia. Baina nik hitzordu garrantzitsua nuen. Eta bazkaritarako lekua lotu beharra neukan. Egin nituen pare bat dei, eta normalean baino jende gehiago ibili da azoka inguruko herrietako jatetxeetan. -Ze poza! lekuak okupatuta egotea eta jendeak jatetxeetarako gogoa izatea. Garaiko herriko tabernako jatetxera deitu nuen, eta zenbakia markatzean telefonoak gogorarazi zidan duela bi urte ere egun berean deitu nuela -eta ze ondo bazkaldu genuen orduan! Hertzainak taldekoei elkarrizketa egin ostean joan nintzela gogoan dut, pozik- . Handik egun batzuetara publikatu zen GARA egunkarian elkarrizketa. Eta orduan hitz egindakoak, eta arraina ze gozo zegoen….

Tira, kontua da 2021eko abenduaren 6an bazkari garrantzitsua neukala. Eskaintza bat. Baiezko bat. Adostasun bat. Bide berri bat. Urte berriarekin lanean hasteko konpromezua. Ilusioa.

Asmo berriak

Eta urtarrilarekin, bide berriei heldu. Konpromezuz. Eta dagoeneko Bilboko Euskararen etxean instalatu naiz. Mundura begira Bilboko itsasadarretik. Hizkuntzaren inguruan, sarean. mintzanet.net proiektua kudeatzen, lagun berriekin. Asmo berritzailez gainezka. Eta lantokira lehen batzarrak egiten etorri, eta Uruguaiko bi euskaldun ezagutu ditut, Euskararen etxetik abiatu eta Jalgi hadi mundura! izeneko sarean ere murgildu naiz, mintzanet-eko erabiltzaileek elkartzeko osatu duten nazioarteko ekimenean. Eta poza dario nire berba eta izateari. Bilbon euskaraz. Munduari. Sarean. Iraultza digitalean murgilduta. Gaur. Hemen. Orain. Gogotsu.

Utzi Erantzun bat

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Gune honek Akismet erabiltzen du zaborra murrizteko. Ikusi nola prozesatzen diren zure erantzunen datuak.