gaztelumendi.eus,  ikusi eta ikasi,  musika

El Drogas

Hunkituta.
Dokumentala ikustean, eta are gehiago bukatzean. Rockumentala. Txantrea, Barricada, rocka eta beste borroka batzuk. Lekukotasunak, memoria,kantuak eta bizitza. Adiskideak, maitasuna, heriotzak eta haserreak. Bizitza, rocka. Kontatzeko modua.
Hunkigarria egin zait bart El Drogas dokumentala ikustea. Beti atsegin izan ditut Enrike Villarreal El Drogas eta bere hainbat proiektu musikal. Barricada zalea izan naiz beti. Amaiera enuen gogoko izan, enintzen azken boloetara joan. Enaiz damutzen. Orain El Drogas ikusteko gogoa daukat, banda eta lagun berri hauekin. Gauza askok gainezka egin didate dokumentala ikustean, baina film eder bat ikusitakoan bezala sentitu naiz amaieran.

Nire aberria Txantrea eta Arga erreka ziren

Gonbidatuak

Horrelako dokumental batean, ahots ugari entzuteak laguntzen du. Drogas bera eta bere sozia dira ahots nagusiak filmean. Baina Marino Goñi baten kontaketak erabat harrapatu nau. Nafarroatik egindako lana dela nabarmendu delako. Beste musiko batzuk agertzeak ondo egiten dio lanari: Rosendo, Fito edo beste batzuk. Bereziki atseginak egin zaizkit Mareako Brigi eta Gorka Urbizurenak. Gertukoagoak niretzat, sinesgarrienak.
Etxekoak agertzea asko eskertu dudan kontua da. Bere emazte eta bidailaguna. Seme alabak. Ilobak. Arreba edo alzeimerrak jotako ama. Etxe giroan egindako lana da. Maitasun handiarekin.

Drogak, lagunak eta beste etsai batzuk

Tipo irekia eta apala daDrogas. Morroi ona. Jatorra, hitz baten. Bizitzaren kontaketa honetan amorrua doinuetan isladatu du. Indarra musikari dario, eta bizitzaren pasarte ezberdinak bere kantuetan zelan islatu diren ederto baten agertzen da filmean ere. Musika pasarteak, bat egiten dute pelikularen erritmoarekin; gidoiaren -elkarrizketak- hariak ez du etenik, eta musika eta zuzeneko irudiek -izan mobilizazio gogorrak, izan poliziaren jarrera basatia edo zuzeneko kontzertuetako samurtasuna- edertu egiten dute filma bera.
Drogen pasartea egin zait gogorrena, ezezagunetakoa delako besteak beste. Farlopara engantxatua egote hori, ateratzeko erabaki kolektiboa. Bizitza berreraikitzekoa. Arrakastaren droga. Eta hortik aurrerako ikuspegia.
Barricada taldekoen erabakia gogorra da protagonistaren ahotik ezagutzea. Baina ez du arrangurarik erakusten. Mina askatzen du. Kontatzearekin batera. Errelatoaren abantaila.
Lagunak ez dira etsai bilakatzen. Kontra egiten dioten arren, bidailagun hobeak aurkitzean datza irtenbideak. Eta aurkitzen ditu. Eta sekulako banda dauka aldamenean orain Enrike Villarreal Drogas-ek.

Ura eta harria

Argazki ona dauka lanak. Asko artxiboa da. Eta oso artxibo lan ona. Elkarrizketak edo zuzeneko irudiek pasarte handia betetzen dute. Baina badago film honetan irudi ederrik ere. Maiz musika errepidearekin lotzen da. Hemen errepideak basora garamatza, ur ertzera. Harriaren metafora baliatzen du Drogasek zenbait pasartetan. Eta ederra iruditu zait. Erreka maite du. Harria sentitzen da. Jaurtitzeko edo hondora betiko erortzeko. Bizitza. Rocka. Drogas.