gaztelumendi.eus,  larrabetzutik

Bizitza txakurra

Aztoratuta daude lau hankakoak. Gure urte amaierako ospakizunek beldurtu izutu zoratu egin dituzte baserrietako zein kaleko txakurrak. Haien beldurra ez digu askorik axola.
Aztoratuta gauzkate lau hankako txakurren bi hankako jabeek. Beraien txakurrek botatakoek edertu egin dute gure paisaia azken urteotan. Kalez kale, etxeondo eta bide bazterrak. Parke edo atari. Berdin du. Guztietan ageri dira bonbatzarrak.
Aske dabiltza beharbada txakur batzuk, ihes eginda edo auskalo zelan.
Kuadrilako gure lagun bati gabon zaharra geroztik baserriko txakurra falta zaio. Bere bila dabiltza auzoan eta inguruetan. Itzuliko den esperantzan. Ikarak auskalo nora eraman duen. Bat baino gehiago izango ziren, kateak apurtu, etxetik ihes egin edota basoan izkutatu diren txakurrak.

Zenbat ete dira etxetik ihes egin duten txakurrak?
Zenbat dira, bere sen basatia galdu ez duten etxeko piztiak?
Zenbat txakur arriskutsu bezala katalogatuak daude herrian?
Galdera asko, eta erantzun gutxi, zoritxarrez.

Eta ondorio kaltegarriak ere baditu horrek, atzo bertan, urte berriko albistea eman zigun lagun batek:


Goiritxuko landan, ahuntza hilda. Aske zebilen txakurren batek eraginda. Auskalo zein, noiz eta zelan. Urteberriko oparia. Ernari zegoen ahuntza, galera bikoitza beraz.

zer egin?

Herrian, txakurren gaia ez da bando bidez konpontzen, argi dago. Txakur kaka, txakur kontuak ondorioetarik batzuk baino ez dira. Baina txakurrek eragindako beste ondorioei zelan aurre egin?
Txakur zentsoa eguneratu behar da. Osatu. Zenbatu. Arautu.
Ikusita sorrarazten diren kontuak, ondorioak ere zenbatzen hasi beharko da.
Lanerako txakurrak, baserriak zaintzeko, abereekin aritzeko edota kaleko txakurren “tarifa” bat planteatu beharko da. Asegurua edo mutua. Kalteordainei aurre egiteko. Garbiketa, eta abereen “garbiketa”.
Kontua ez da zigortzea, egoerari aurre egitea baizik.

Bi eredu, aurrez aurre

Argi dago baserri edo landa inguruko ereduak eta kalekoak talka egiten dutela. Batzuen aisialdia edo segurtasuna, edo laguntasunak… aurrez aurre klak egiten du baserri ereduarekin.
Batzuen ospakizunak, besteen ernegua dakar. Bolanderak urian, baserrietako txakurrak airean.
Ereduei buruz berba egitea izango da kontua. Baserri mundua sustatzea helburu bada, horrek eragina izan beharko du kaleko bizitzan ere. Ostantzean arpeleko berbak dira gureak; eta egoera gero eta latzagoa izango da.