agit/prop,  gaztelumendi.eus,  hurrengo geltokia,  ikusi eta ikasi

Plateruena, XXI. mendeko kulturgintza berri baterako oinarri

Kooperatibaren amaiera

Orain arte ezagutu dugun Plateruena kudeatzeko ereduaren amaiera ekarri du bart ezagutu genuen albisteak. Plateruena desagertzea.
Egoera ekonomiko larriak, ekarri du kooperatiba desagertzera eramateak. Langile eta bazkideen batzarrak erabaki du.
Eta langile/bazkide/kulturgile/ekintzaile kooperatiba horretan eredu izan da. Sortu zen momentutik bertatik.
Eta gardena izan da azken unean ere.
Anboto Durangoaldeko agerkarian informazioa zabaldu zen lehen unetik, eta Igor Elortza bertsolari durangarrak ere datuak jarri zituen sare sozialetan, aspaldiko isiltasuna hautsiz twitter sarean. Biak ala biak, eskertzeko modukoak.

20 urteko ibilbidea. Berbaro hura gogoan

Durangoko alde zaharrean kokatuta zegoen Berbaro taberna ezagutu zuenetakoa naiz. Orduko kontzertuak gogoratzen ditut. Giroa. Gorakada. Gogoa eta ilusioa. Gertutik ezagutu nituen tabernari eta kudeatzaile boluntarioak. Eta beraien eredu berritzailea. Gehiago egiteko gogo hura.
Plateruena proiektua sortu zen gero Hutsetik. Huts hutsetik… ilusio ikaragarriarekin. Auzolanaren zentsu pratikotik. Inplikaziotik. Zabaltzetik. Bilbon funtzionatzen hasi zen ereduaren bidetik. Eta lan asko. Asko. Eta euskal kulturak ikusgarritasun, pratikotasun eta dinamika foko berri bat piztu zuen beste eskualde baten. Ekonomia, kultura, herri mugimendua, dinamika soziokulturala… eredugarri. Durango, urte osoan kulturaren erreferentzia. Nazionala. Lokala.

Bidea -baina- ez da amaitzen

Etena dator orain. Ezina. Ekonomikoki. Kultur zikloa oso ondo bete du Plateruenak. Fase ezberdinak izan ditut, prozesu ezberdinak. Baina eredugarri.
Igor Elortzak publikoki emandako datu hoiek kudeatzea zailagoa izango da kultur programazio eta produkzioa sustatzea baino, bistan denez.
Baina Plateruena espazioaren beharrizanak bere horretan jarraitzen du. Beharra dago, eta espazio hori edukiz, kulturaz eta jendez nola bete berrasmatu beharra dago. Hemen eta orain. Beste behin.
Lokalaren jabetza -duela 20 urte baino askoz balio gehiagorekin, bidenabar esanda- Durangoko udalarena da. Plateruena kooperatiba -eta bere zorrak- desagertu egingo dira.
Eta pliego berri bat, eredu berri bat, kafe antzoki berri bat bersortu beharko da hemendik laisterrera. Eta horrek ematen dit baikorra izateko esperantza. Orain arte ikasi den guztiak ekarri dezakela Durangorako alternatiba berri eta on bat. Behar beharrezkoa.

Antzokien eredua: Ostalaritza eta kultura

Bilboko kafe antzokia sortu zenean, eztanda egin zuen gure kulturgintza osoak. Eredu eder bat sortu zen Bizkaiko hiriburuan. Hiria, gaua, kultura, hizkuntza, ostalaritza… funtzionatzen hasi zen. Lehertzen. Ikaragarria izan zen hastapena eta osteko garapen guztia. Eredu berri bat kulturgintza osorako. Euskaratik abiatuta gainera. Hiriaren basamortua. Panorama kulturala -batipat musikala- gogor astinduz.
Eta hainbat kafe antzoki sortu ziren han hemenkda. Ondarroa, Elgeta, Durango, Bermeo…. eta proiektuak ere ugari, han hemenka.
Itsasoa baretu da. Hainbat ekaitzaldi izan ditu. Bilbokoa, gaur gaurkoz itxita dago COVID 19 gaitzaren erdian. Noiz zabaldu ahal izango duen zain gaude guztiok. Besteen garai onenak joan ziren.
Ostalaritzak sustengatu behar izan du kulturaren zama. Eta egiturarena. Langileak. Lanpostuak. Egunak ta gauak. Inbertsioak. Krisiak bata bestearen atzetik, eta azken pandemiarena… itzela.

Publikotik haratago, ez dago beste eredu iraunkorrik?

Gure herrian egitura publikoetatik landa, instuzioetatik haratago, hainbat eredu landu izan dira. Baina orain eredu hauen iraunkortasuna bilatu behar da. Ekonomikoa batipat.
Kulturgintzan egin den ekarpena izugarria izan da. Ekonomian ere ez dira txarto ibili ahal izan duten luzaroenean.
Baina agian eredua ahitu da. Soziala, kooperatiboa, partehartze publikoa, ehun sozialaren babesa, kulturgintzaren inplikazioa.. oraindik formulatu beharra dago. Berrasmatu. Eta ekin.

Unai Iturriaga Euskadi irratian: Orain arte heroi batzuek mantendu dute kulturaren ikusgarritasuna