hurrengo geltokia

Honek eman du | Hizlandia bukatu da

Iñigo Aranbarriren Hizlandian ibili denetakoa naiz. Letrak, hitzak, komunikazioa, prentsa, kazetaritza maite dugunontzat, sagardo ederra izan da Hizlandiakoa. Garratz batzutan, gozo sarri, azukera gitxigaz gehienetan… ia astelehenero irakurri ditut Iñigorenak domekako Berrian. Pena hartzen dut, dauden kazetaritza fakultate guztiak baino eskola hobea den hori desagertuko delako. Baina bestetik, Iñigo Hizlandiak bahituta egon dela somatzen dut. Iñigo idazlea, Iñigo sortzailea, Iñigo editorea, Iñigo Aranbarri.

Azkena be, gordetzeko modukoa, duda barik. Gogoeta serio bat gaurko kazetaritzaz. Hemen eta munduan.

Honek eman du

Andoain erdialdeko jatetxe bat, orain dela bi urte pasatxo. Mahaian, egunkari honetako hiru lagun nituen zain. Proposamen bat zekarten, ez nolanahikoa. Ordura arte -esan dezadan lasai: orain arte- inguruko hedabideek ez zuten zerbait nahi zutela jakinarazi zidaten, gozorik gabea, autokritikoa, eta ea egingo nuen.

– Egunkariaren jarraipen bat nahi diagu, publikoa, errukirik gabea.

Press ombudsman moduko bat?

– Ez, irakurlearen defendatzailea zuzendariaren defendatzailea duk horrelakoetan. Zorrotzagoa. Ez amore emaile.

Laguntza eskaini zitzaidan, blindajea etxe barruan lana behaztopa eta sostorrik gabe egin nezan. Etxearekin kritikoak izango ziren begi-eskuak nahi zituzten, beste inork eskaintzen ez zuen zerbait, osasungarri zelakoan, erredakzioan langileren bat gaitzitu arren. Berritik zuenagatik, errazegi heldu nion alaia muturreko malutari, atuna nintzen, amuan preso, eta hala irten nuen ostatutik, zeri eman nion baietza ondoegi jakin gaberik. Ez genekien une jakin batzuetakoa izango zen edo hamabosterokoa. Ez genekien nora zihoan bidea, ez zenbatean behin kaleratu ahal izango genuen. Asterokoa izateko, gehiegizko martxa neritzon. Gainera, egunkari txukuna izanik, ez zegoen hainbeste gauza ere zortzi egunean behin ahoz gora esateko. Hasi arte.

Harrezkero, laurogeita sei Hizlandia izan dira, astean-astean kaleratu direnak. Bost mila karaktereko petralaldi zena, zortzi mila pasakoan errenditu behar izan da. Eta beldur zena, akuilu izan da: Euskal Herria, Nazioartea, Ekonomia, Kultura, Kirolak, Agenda, publizitatea… atal guztiak jo dira. Honetan, izango da sail guztietan larruturik sentitu denik. Aipatu ataloi tituluak gehitu behar, azpitituluak, leihoak, argazkiak eta argazki oinak, hautaturiko hitzak eta adjektiboak, eta nola ez, idazkera, estiloa bera. Batzuetan, hiztripuak izan dira. Albisteetan gatibu harrapatutako jendearen duintasuna izan dut deika besteetan. Bata dela edo bestea, kontua da astero egon dela zertan hitz egin. Edo ez dut isiltzen jakin.

Andoaingo ostatuan, kafe orduan zirriborro huts zena, ekinean zehaztu da. Detektatu nahi ziren hutsak jarrerak ziren, ez akats puntualak. Egilea nor den zen gutxienekoa. Horregatik ez da kazetariaren izenik inoiz eman. Zertarako. Ezezagunak izan ditut batzuetan, ezagunak askotan, lagunak tarteka. Ez da erraza norberak egindako lanaren gaineko kritikak lagun usteko batengandik jaso eta epel mantentzea. Eta hala ere, bi urteotan, duintasun ikaragarriz hartu dute esandakoa etxe honetako langileek. Ez dut gaitzespeneko mezu bakar bat jaso.

Hutsetan asko, ez dira geure-geureak izan. Ezinbestean, gainerako hedabideekin konparatzeak, lagundu digula esango nuke joera okerren detekzioan. Auzokoei begia eman, espainiarrei eta frantsesei batez ere, eta ondorioak agerira: askotan, geu izan gara bakarrak; usuki, berriz, salatu izan diren erabilera okerrak besteetan ere hortxe dituzu. Ez gintuzke nasaitu behar, euskaraz zein erdaraz, kazetaritza bera da ustel agertzen zaiguna.

Etxean, berriz, bi izan dira hil eta piz, behin eta berriro, eta esanak esan, okerbide nagusiak: agentzien informazioa bere horretan ematea eta idazkera okerren gaineko kontrol eza.

Agentzien bidez heltzen den informazioa ustel dator sarri askotan, iturburutik dator kutsatuta ura. Alferrik da hori euskaratu, berotualdi bat eman eta irakurleari eskaintzea. Euskaraz egonagatik, urak zikin segitzen du. Berdin pozoitzen du.

Idazkera okerren gaineko kontrolak, aldiz, etxearen antolaketarekin du zerikusia. Idatz daiteke oker, sar daiteke hanka, hitz desegokiak hautatu, titulu aldrebesa sortu… gerta daiteke. Idazletzak berarekin dituen arriskuak dira horiek. Erredakzioetan presaka idazten da, baina irakurleak ez du zertan hori jakin. Bi urte hauetan zerbait ikasi badut hori da hain zuzen, albiste asko albistea idatzi duen kazetariak baino ez dituela irakurri. Eta edo kazetaria ikaragarri zorrotza da, edo egunkaria gero eta lorrinago ikusten ohitzen gara. Hizkuntza zuzentzaileak dauden bezalaxe, ezinbestekoak dira kazetariari idazkeran lagundu behar diotenak. Begi zoliak behar ditu hainbat arlotan erreferentziak sortzen ari den egunkari honek, kazeta kalera atera aurretik osorik irakurriko dutenak.

Susmoa dut, ordea, bi urteotan agertu zaizkigunak, aurrerantzean ere segituko dutela gure begiak zikintzen. Denbora beharko da iragazkiak jartzen, esku-begiak trebatzen, kazetaritza eredu bat ontzen, eta bitartean, izango litzateke nahiko bazka Hizlandiarako. Segitzea badago, nahi izatera. Bada zer kontatua. Ez da nekea, izua da. Ez dut neure burua gai ikusten orain arte esan ditudanak ez errepikatzeko. Eta horretara, esandakoa ostera esateko, zer litzateke iganderoko txoko pribilejiatu hau Inkisizio Santua baino, Trentoko Mailua eta Andoaingo Igitaia, Kazetarien Zaharoa, Errietaemaile Nagusia, Estiloaren Hitzain Nazionala, Haserrearen Kutxa, Txorroxtasunaren Habia eta Purrustaden Hobia… nazkatu arte luza daitekeen erretolika, ad majorem press gloriam. Ez litzateke zuzena. Zor diogu zorroztasun pixka bat geure buruari.

Maite dut kazetaritza, gorroto dudan bezainbeste, eta bada. Maite dut mundua hitzen bidez azaltzeko duen ahalmen horregatik. Azkar eta ondo idaztea, bada hoberik? Eta hain justu horregatik iruditzen zait kazetariak duen ardura munduaren bezainbestekoa dela. Badakit zer diodan. Literaturarekin, musikarekin eta aldizkariekin alfabetatutako belaunaldi batekoa naiz. Luxu bat. Testulibururik gabe, eskolarik gabe, hala ikasi genuen geure hizkuntzan irakurtzen eta idazten. Orduko prentsa hura izan zen euskaldun guztiontzat hizkuntza gaitu zuena. Arriskatu egin zen, eta hona non gauden. Orain, ezin dugu egindakoan laketu. Egunero, hamaika dira agertu beharreko kontzeptuak, eta hitzak ez dira libre. Geuk moldatzen ditugu, ez dago eleen hautuan eta joskeran dabilena baino ideologo handiagorik. Irakurleak leitu ahala ikasten du, eta hor ez dago zabarkeriarako biderik. Ez luke behar bederen.

Langintza zoragarria da kazetariarena. Hitza du lanabes! Zaila eta ederra, ondo egitera. Andoaingo ostatuan baietz esan nuenean, ez nintzen jabetu Hizlandiarekin neu izango nintzela gehien ikasiko nuena. Arian-arian, irakurtzen ikasten lagundu dit, eta ondorioz, ideologiak argiago sumatzen berben abaroan. Prentsa adibide hutsetatik harago joaten utzi zait, kazetaritza literaturarekin nahasi ahal izan dut, zinemarekin, filologiarekin, umorearekin eta petralaldiekin. Semiostika ariketa polita izan da.

Aipatutako guztiagatik, eta ez delako on luzamendutan ibiltzea, atal bat ixteko eguna da, nire aldetik behintzat. Honek eman du eman beharrekoa. Ariketak, merezi izan du. Mila esker guztioi. Nire aldetik, pribilejioa izan da.

Hizlandia | Iñigo Aranbarri