#etxeangeratu #COVID19 Eguneroko kronikak

Herri osoa isolatuta. Babesa. Auzolanaren bertsio berria.
Telelana ahal duenak. Ikasleak etxean ikasten. Toki publikoak itxita.
Ezagutzen ez genuen egoera bat bizitzen ari gara. Eta arduraz jokatzeko sasoia da.

#COVID19

Asko dugu ikasteko, irabazteko. Ea denon artean ondo egiten dugun.

Hasi besterik ez gara egin, eta agian luzea eta zamatsua egingo zaigu. Elkartasunez, pazientziaz, buruarekin, eta ondo informatzea izango da kontua.

Koronabirusa

Koronabirusari buruz txantxetan hasi ginen hasiera baten, Txinara begiratu eta urrutiko kontua iruditzen zitzaigun.
Italiakoak ez zigun beldur askorik sortu.
Baina Gasteiz eta Arabako albisteak iritsi ziren gero.

Orain denok daukagu gertuko kasu bat. Denoi iritsi zaigu berriren bat. Eta babesera jotzeko ordua da. Ez dadin gehiago hedatu. Mozteko.

Neurri zorrotzak hartu dira. Ugari. Baina neurri garrantzitsuena gure baitan dago. Gure esku dago erabakirik handiena. Eta erabakitzeko aukera daukagu. Burujabetza ariketa bat ere izango da egun hauetakoa.

Kronikak

lehen eguna | martxoak 13 ostirala
bigarren eguna | martxoak 14 larunbata
hirugarren eguna | martxoak 15 igandea
laugarren eguna | martxoak 16 astelehena
bosgarren eguna | martxoak 17 asteartea
seigarren eguna | martxoak 18 astezkena
zazpigarren eguna | martxoak 19 osteguna
zortzigarren eguna | martxoak 20 ostirala
bederatzigarren eguna | martxoak 21 larunbata World poetry day
hamargarren eguna | martxoak 22 igandea
hamaikagarren eguna | martxoak 23 astelehena
hamabigarren eguna | martxoak 24 asteartea
hamairugarren eguna | martxoak 25 asteazkena
hamalaugarren eguna | martxoak 26 osteguna
hamabostgarren eguna | martxoak 27 ostirala
hamaseigarren eguna | martxoak 28 larunbata
hamazazpigarren eguna | martxoak 29 igandea
hamazortzigarren eguna | martxoak 30 astelehena
hemeretzigarren eguna | martxoak 31 asteartea

hogeigarren eguna | apirilak 1 asteazkena
hogeitabatgarren eguna | apirilak 2 osteguna
hogeitabigarren eguna | apirilak 3 ostirala
hogeitahirugarren eguna | apirilak 4 larunbata
hogeitalaugarren eguna | apirilak 5 igandea
hogeitabostgarren eguna | apirilak 6 astelehena

lehen eguna etxean

Lehen eguna eman dugu etxean, eta agian luzea egin zaigu. Whatsappetatik deialdiak sartzen zaizkizu, geratzeko, nonbaitera joateko. Orain da unea. Gogorra izan beharra dago. Bakardadean, isolamenduan egotera ohitu. Irakurri. Marraztu. Amets egin. Deskantsatu. Ondo elikatu. Etxekoekin hitz egin. Dena daukagu irabazteko.

bigarren eguna

naiz.eus
Ez da erraza. Baina aurrera egingo dugu. Gura beste lo egin, eta ezberdina da zapatu goiza. Ez dago eskola kirolik. Sinestezina. Baina ez dago plan askorik be!
Gaur 80 lagun Lesakara joatekoak ziren, sagardotegira. Bertan behera geratu da aldez aurretik.
Atzo poteoan jendea ibili dala esan dit lagun batek. –Ardurabakoak! etortzen zaigu orduan ahora, akordura.

Etxeko zereginak eta zaintzak prestatu eta erosketa zerrenda egin dugu. Arraina telefonoz enkargatuta genuen, zapaturo moduan. Andra Mari kalera joan eta ilara arraindegiaren parean. Eta Kantauri itsasoan bezain huts arraindegia. –Dana eroan dute antza!

Txanda tokatu zaigunean sartu naiz, laguntzailea kanpoan geratu da horma kontra zain. Prest neukan arraina, pisatu, garbitu, zerrak egin eta poltsan sartu dit Jose Peska, arraindegikoak.
Semeak boltsa hartu eta etxera eroan du, atoan.

Eroslera joan naiz gero. Zerrenda eskuan. Esku baten guantea jarri, eta garbiketarako etxean behar genituenak sartu ditut gurdi txikira. Jatekoen lekuan gero eta gutxiago dagoela jabetu naiz. Saltxitxak bai, baina solomo edo petxugarik ez da geratzen. 80 urtetik gorako andrak ikusi ditut, eta denda gainezka. Larritu egin naiz, eta ez naiz bakarra izan. –Ardurabakoak! etorri zait barriro burura. –Zelan egingo diogu holan aurre koronabirusari?

Kanpoan, etxetik bueltan etorrita neukan txikia, iladan zegokidan lekuan egon -metro batera aurrekotik- eta txartelarekin ordaindu dut. Etxetik ekarritako poltsetan sartu eta erositakoa bitan banatu dugu denda kanpoan. Farmaziara joan naiz gero. Han ere jendea. Kanpoan itxaron dut eta hitzordu baterako ordua zela konturatu naiz. Plazan jezarri naiz gazte arduratsu bategaz. Arrastian zaintza zelan antolatu pentsatzeko batzartuko direla aurreratu dit. Eta Hori Bai gaztetxea itxi egin dutela. Arduratsu. Eta atzo arrastian 30 gazte batera zeudela bertan, oso metro gutxian. –Ardurabakoak! horrek ere.

Parazetamola hartu farmazian, glizerinarik ez dagoela. Etxean gauzak utzi eta frutadendara. Bakarrik egon naiz. Kalabazinak, sagar zukua, madari batzuk, entsaladak egiteko aguakate eta artoa. Behar beharrezko gauzak baino ez. Bizio asko bez!

Okindegian jende gehiago zegoen. Kanpoan zain geratu naiz, beste lagun bat hantxe zegoelako. Iladan barik, zain. Horra hor zelan kolatu zaigun andra bat, ezer esan barik. Biok barrura sartu garenean… hiru lagun dendan guztira, jabetuko zen beharbada zain geundela. Gure onena eta gure txarrena ateratzen da horrelakoetan. Ez digu ezer esan. Baina jabetuko zen, ezta?

Okindegian Kris eta Asierrek normalean baino gehiago saldu dutela konturatu naiz. Egunkariak ere amaitu zaizkie antza. Behar beharrezko zerbitzu publikoa. Ogia, egunkariak, behar beharrezko jakiak.

Nik goizean egunkaria hartu dudanean, Iñaki Sotoren artikuluak datorkigunaren irudi bat eman dit. Eta arduraz jokatzea, gure zeregin militantea dela jabetu naiz. Eta horrela ari da jende asko, baina beste asko ez. Ardura barik. Eta horrek ondorioak ditu.

Etxean tartetxo bat egon ostean, basotik buelta bat emotera atara naiz. Bakarrik. Makila eskuan, urrunetik jendea agurtu eta segi aurrera! Basoan askoz gusturago. Oinez. Bake bakean. Lasai. Zoragarri. Argazkiak egin, txoritxoak entzun -egia esan, auzokoak esan dit entzun be ez direla egiten urian- eta erreka bazterretik etxeraino heldu naiz txiri txiri. Baloiagaz auzoko parke huts batera joan gara gaur ere. Atzo olgetan egon ginen, eta gaur ere bazkal ordurarte han ibili gara tokeak ematen eta burua baloiagaz nekatzen. Itzel.


Aretxabala itxita. Herriko tabernako arduradunek taberna ixtea erabaki dute. Eta poztu naiz arduratsu jokatu dutelako. Argazkiak daude sarean. Poztekoa da. Eredugarri. Ezkerrak holan jokatu behar duela iruditzen zait. Atzoko mezu, argazki eta memeek gogoeta ugari sortzen dituzte. Kuadriletako, elkarteetako edo kirol taldeetako watsap taldeetan mezu trukea da nagusi. Eta Pirinioetako lagunen haserre mezuek zer pentsatua eman didate. Jendea hiritik mendialdera doa, egun pasa karabanarekin. Bertako adineko jendea kezkatuta. Ez dago eskubiderik.

Egunak aurrera jarraitzen du. ETB-k asmatu du, Aupa Etxebeste! pelikula eman du. Goizean hori bera ikusi behar genuela otu zaigu guri ere. Gauean ikusiko dugu, prain taim!

Eta irakurtzea ere, ez da aukera txarra!

 

hirugarren eguna

Bart, Pedro Sanchez Espainiako gobernuburuaren aginduak egoera aldarazi du. Gaur dena dago itxita. Hori izan da nire lehenengo sentsazioa goizean egunkari eta ogi bila joatean. Alarma egoera eta bestelako neurriek eragina izan dute gugan.

Irakurri eta musika entzuteko aukera. Dantza ere egin dugu. Hari honek erakusten du gaurko ekintzen berri.


Gorka Julio Teketen-ek liburu proposamena egin, eta apaletan bila hasi eta irakurtzeari ekin diot. Halabeharra edo kasualitatea, baina pandemiak eta umore eta emozioei buruzko kapitulu bati buruzkoa irakurtzeari ekin diot. Irribarreak kutsatzen direnei buruzko kapitulua.
Urko Rodriguez Mr Snoid lagunak, Conected kantua proposatu du berriz. Eta zelan ez, entzuteari ekin diot.

Kantu batek bestera garamatza, Chemical brothers entzun eta oraindik kantu eta bideo ikusgarri hau ezagutzera gonbidatu nau Oreretako lagunak.

Eguna musika artean emateak, dena atseginagoa egiten duela iruditzen zait niri. Musika izugarri maite dudanez, bateko eta besteko proposamenak jaso eta egitea gustatzen zait. Bart kantari ibili ginen leihotik leihora, eta gaur ere aritu beharko dugu. Lide auzokideak Osakidetzan lan egiten du, eta ezingo dela egon esan digu facebook bidez. Berari kantatuko diogu guk. Eta saretik hedatu. Ziur baietz.

Eta musikaz idatzi eta irakurria izatea nori ez zaio gustatzen?


Eta egunak oso albiste polita ekarri du Herreratik. Joseba Erostegi antzuolarra kalean libre, 22 urte baino gehiago barruan eman ostean.

laugarren eguna
astelehena aldapan gora!

Goizean goiz lanak antolatzen hasi eta amaitzeko betarik ez. Hau da hau egin beharra! Baina tira, gogotsu ekin diogu asteari. Etxekoak martxan jarri gara, eta baserrirako eta etxerako erosketak egitera joan naiz Galdakaora. Heldu eta parkinean bertan seriotasuna somatu dut bertan. Supermerkatu azpiko parkinean ilada, eta atean arduradun bat xaboia eta guanteak ematen. Eta igogailuan banaka eta txandaka. Ez zen ilada handia, baina hiru larrabetzuar batu gara bata bestearen atzetik. Egoera azkar aztertu eta atekoaren abegikortasunaz jabetu gara. Jatorra tipoa, euskalduna eta berbaz atsegin. Dendan lasaitasuna. Gurditxoa hartu eta zerrendatutakoak hartzeari ekin diot. Larrabetzun ez bezala, hemen badago esnea, badaude gurasoek baserrian behar dituzten gauzak. Hemengo eta hango, jakiak hartu ditut batez ere. Baina Boga garagardo batzuk edo Nafarroako eta Markinako gaztaiak erosteko ere baliatu dut. Apeta eta gosea pizten dira holako lekuetan.

Ilada egin, -pertsona bakarra aurretik- txartelarekin ordaindu eta igogailuan egin dut behera. Autoan dena sartu -baserrikoak batetik, etxerakoak bestetik- eta Gaztelura joan naiz. Ama sukaldean. Aita ardi eta ahuntzekin bere zereginetan. Bestelako lasaitasun bat bizi da baserri giroan. Han berez daude isolatuta, ia urte osoan. Auzokide gutxi, baserriak hutsik eta bakarrik bizitzen eta egoten badakien jendea da gure aurreko belaunaldia. Lasai asko somatu ditut. Gauzak bere lekuan utzi eta etxerantz berriz.

Idatzi. Telelana eta erreportaje eta elkarrizketa batzuk prestatzen GARA egunkarirako. Itxialdia eta sorkuntza lantzen. Nola bizi dute egoera hau gure sortzaileek? Bati eta besteari galdetzen ibili naiz. Telefonoz, whatsappez edo eposta bidez. Eta etsipenaren gainetik, sortzeko eta aurrera egiteko grina topatu dut sortzaile eta artisten artean. Hurrengo egunetako baten argitaratuko da GARA egunkarian.

Konturatu barik, goiz eta arratsalde ia osoa eman ditut horretan. Idazten. Grabatzen. Entzuten. Pikatzen. Titularrak bilatzen. Elkarrizketak lantzen. Gaia bati eta besteari proposatzen. Eta horretan dihardut oraindik.

Bertso eskola birtuala ere egin dugu herrian. Astelehenero batu ohi da bertso eskola herriko Hori Bai gaztetxean. Gaurkoan birtuala eta erakargarria izan da. Koplak. Gaiak eman. Argazkiak gai moduan bidali. Bertsoak entzun, erantzun. Ordubete emankorra izan da, eta egunero jarraitzeko proposatu du irakasleak. Eta holan jarraituko dugu datozen egunotan. Pirinioko bertso eskolakoekin ere antzera arituko gara datorren asteazkenean. Eta gogotsu nago. Distantzia ez da muga. Eta teknologiak aukera berria damaizkigu. Bertsogintzarako ere.

Euria ari du egun osoan. Eta iluntzearekin eskaileran gora eta behera hamar buelta eman ditut. Erdi hasarre. Eta azkar. Azkarregi beharbada da nire ohituretarako. Eta txango labur bat egin dut euripean gero etxeondotik. Pausu azkarrean. Ilunpetan. Eta etxera itzuli eta labako usainak gosea eragin dit. Berbok idatzi eta etxekoekin afalduko dut.
Albisteetarako ez daukat gogorik.
Gaurkoan Urkulluk maite ez dituen, baina herri honi bizitza eta zaintza eskaintzen dioten bi mugimendu goraipatu nahi ditut: langileek eta sindikatuek fabrika handiak geldiarazi dituzte, eta mugimendu feministak zaintzen inguruko mahai teknikoa antolatzeari ekin diote. Eredugarri.

Eta bart adi adi jarraitu nuen Kanaldude.eus eta euskal hedabideen jarioa. Asko poztu ninduen bateko eta besteko abertzaleek eskuratu dituzten bozak eta herriko etxeetarako emaitzak. Zuberoko Lexantzuko lagun bati eta Lapurdiko Urruñako beste bati idatzi nien zoriontzeko. Gauzak ondo, emaitza hauekin, biak hautetsiak izanen dira datozen sei urteotan. Biba zuek!


Eguna Agur Xiberoa kantatzen, reggae doinu artean, ke lainotan bukatzea onena…

bosgarren eguna
eutsi! etsi gabe

Asteartea da. Motelago pasa da eguna. Goizean beranduago gosaldu eta gero ekin diot lanari. Pantaila aurrean -neurri ezberdinetako pantailak daude piztuta etxean- hainbat ordu eginez. Erosteko orduan egunkaria, ogia eta ezer gutxi gehiago. Herria lasai. Okindegian dena txukun.

idazten

GARA egunkariko erreportajea idatzi dut atzo egindako elkarrizketekin. Zuriñe Hidalgo Hesian taldeko abeslaria, Oier Araolaza dantzaria dantzan.eus atarikoa, eta Toti Martinez de Lezea idazlea izango dira itxialdiari buruz berbaz agertuko diren lehen sortzaileak.

entzuten

Gaur musika gutxiago entzun dut, baina Berria egunkariko emanaldiak jarraitu ditut. Mikel Martinez aktorea eta Anariren Efemerideak kantua ikusi ditut pantaila txikitxoan. Eta atseden apur bat hartu dut.

gogoratzen

Guernica Gernikara webgunean 1938ko martxoaren 17an Bartzelona zelan bonbardatu zuten gogoratu zuten. Mirant al cel filma eta Fermin Muguruzak zuzendutako soinubanda entzutea izan daitezke aukera bat gaurko.

seigarren eguna

 

View this post on Instagram

 

Blog & beers @gaztelumendi eta @boga.garagardoa Lantzean behin atsegin ditudan gauzak

A post shared by Patxi Gaztelumendi (@gaztelumendi) on

Eta gaueko 21:00etan gure auzoetan, gure herrietan, balkoi eta leihoetatik Espainiako monarkiaren eta erregearen aurkako oldarraldia itzela izan zen. Herriz herri, Euskal Herrian, Katalunian eta beste leku askotan. Zorionez.

Ohean, bakarrik, asko gozatu nuen Xabi Bandiniren kontzertuarekin.

zazpigarren eguna

Eguraldi ona, “jai eguna”. Eta kalean beharrezko dena baino jende gehiago dabil. Nekea izan daiteke. Edo bakoitzak bere arrazoia izango du. Bere aitzakia. Baina ardura kolektiboen unea da. Izatekotan.

Etxean egoteko momentua da!

Kantatu, irakurri, jolastu, etxeko lanak egin, ikasi, prestatu, eta mentalizatu!


Eta afalostean Ez dok 3 teatroa pantailan. Gure musikaren historia bat eta istorio barregarri asko. Mila esker Patxo Telleria eta Martinez doktorea; Arriagan ikusi genuenean flipatu bagenuen, orain etxean ez dugu barre gutxiago egin.


ED3 ikusgai sarean:

EZ DOK HIRU – Euskal musikaren “benetako” istorioa from TARTEAN teatroa on Vimeo.

zortzigarren eguna
nekea somatzen da

Barikua da, astebete daramagu txikienak eta hirurok etxean. Nekea somatzen da. Baina gauzak egiteko eta antolatzeko gaitasuna ere bai. Herriko dendako ilarak plaza gainditzen du. Okindegian azkarrago doaz gauzak. Farmazia edo Frutadenda dira zerbitzen azkarrenak. Jendea nekatuta dago, baina hasi gara gertatzen ari denaz jabetzen.
Irakurtzeko, pentsatzeko, ikasteko egunak dira. Baita idazteko ere.
Aspaldian ez bezalako martxa darabilt gaztelumendi.eus eta sare sozialetan: gaueroko kazerolada eta txaloen bideotxoak facebooken, pentsamendu azkar eta idatzitako gauzei buruz twitterren, argazki batzuk instagramen, eta guztiaren bilduma hemen, gaztelumendi.eus bitakoran.

Gaur Noam Chomsky filosofoarena bezala zabaldu den mezu bat irakurri eta itzultzeari ekin diot. Eta sarean publikatu.
Artikulu hori ez omen da Chomskyrena, fake itxura dauka, eta hainbat gunetatik desagertu da kolpean. Nik ere kendu egin dut. Eta gogoetarekin geratzen naiz.

bederatzigarren eguna

World Poetry Day

Larunbata da. Amets asko egin ostean esnatu naiz. Indarge esango nuke. Gogo asko barik. Martxoaren 21ean normalean, azken urteotan World Poetry Day ospatzen ibiltzen naiz. Badira sei urte Munduko Poesia Kaierak bilduma argitaratzen duela Susa argitaletxeak, eta jo ta ke ibili ohi naiz poemak sarean zabaltzen.
Kurduen jaia den Newroz gogoratu eta ostean Susa argitaletxeko poeten lanak sarean zabaltzen ibili naiz tarte baten.

Kartzelako gutunak

Eta Antoni Gramsci idazlearen kartzelako gutunak irakurri ditut, euskaraz. Sei daude euskaraturik. Eta atoan irakurtzen dira. Egunotan gogora etortzen zaizkit horrenbeste denboran isolamenduan daudenak. Etxetik urrutik dauzkatenak. Asteotan bisita barik geratuko direnak. Atzo Gernikako Sarek egiten duen irratsaio podcasterako audioa bidali nuen. Hain zuzen, preso batek idazteko poematik abiatuta, isolamendu egoerari buruzko gogoeta txiki bat egin nahi izan nuen. Sare on irratsaioa Gernikako Astran egiten dute, bertako Biztu irratixe proiektuan.

Saio osoa entzuteko: SareOn Konfinamendutik
Bazkalostean musika entzunez atseden hartu dut ohean. Lokartu naizela esan nezake.
Baina arratsaldean zerbaitekin flipatu badu, Pantx Records kolektibokoek Bilboko San Frantzisko auzoan, Arrazakeriaren kontrako egunean antolatu duten reggae ska jaiarekin, balkoitik sound systema.


Gaur berriro ekin diot Noam Chomsky itzultzeari. Ezkerreko pentsalari honek Koronabirusaren krisiari buruz esaten dituenak beti dira interesgarriak. Atzo Italiako Il Manifesto egunkarian agertu zen elkarrizketa ekarri dut euskarara.
Arratsaldea bukatzeko, gaileta batzuk egin ditugu etxean. Gurina, azukrea, irina, arraultzak, irabiatu, nahastu, bola bat egin… laister sartuko dugu masa guztia labera eta bihar goizean gosaltzeko gaileta gozo gozoak izango ditugulakoan lokartuko naiz gaur.

hamargarren eguna etxean

Igandea. Domeka. Baina egun guztiak berdinak diren arren, gu ere saiatzen gara egunak bereizten. Asteburua izan dadin ahalegina egiten.
Ogia eta prentsa. Eta gaur aipatzeko bi artikulu. GARA egunkariaren editoriala eta Mikel Antza lanugak bidali dizkigun gomendio eta aholkuak.

112 hildako dagoeneko. Eta honek ez du gelditzeko itxurarik.

hamaikagarren eguna

Gaur GARA egunkarian idatzitako lehen erreportajea publikatu da paperean: Itxialdian sortzen

 

View this post on Instagram

 

Bi hitz, barne mundu bat. #itxialdia #sorkuntza #GARA egunkarian

A post shared by Patxi Gaztelumendi (@gaztelumendi) on


Beste elkarrizketa hau irakurtzeko zoritxarra izan dut. Balkoian txaloak egitera ateratzen ez den gure gobernuko andereari Diario Vasco eta Correoan egin diotena. Arantxa Tapia da. Zoragarria. Lotsagarria.

Baserrirako eta etxerako erosketak egin. Amoma ilobekin bideo dei bidez konektatu. Teknologia berrienak baserrira eroan, eta datozen egunetarako oilo eta oilaskoentzako pentsua, ardientzako botikak edota solorako beharrezko diren gauzen zerrenda egin dut. Bihar sindikatora erostera. Eta baimen berezi bat behar du baserriko semeak Larrabetzutik Zamudioko sindikatura joateko? Aitaren justifikantea? Amaren baimena? Hau buruhaustea. Bihar ikusiko dugu.
Gaur ere ondo bazkaldu dugu. Aurretik GARAko bigarren erreportajea entregatu dut eta ostean siestatxoa. Ohetik altxatu eta ideiak fresko fresko bertso eskola. Axuri beltza doinuarekin kopla mordoa egin ditugu. Eta datozen egunetarako etxeko lanak bidali dizkigu Etxahun Lekuek.

hamabigarren eguna

Goizean goiz Zamudioko baserritarren sindikatura joan behar izan dut. Fisikoki Derio aldean dago. Oilo eta oilaskoentzako pentsua, solorako gauzak, ardientzako botika, eta aitak agindutako ez dakit zer gehiago. Koronabirusaren ostean, soloa eta baserria gehiago kontutan izan beharko ditugula komentatu dugu han. Zamudioko harategian amak eginda zeukan eskaera jaso -iladatxoa itxaron ostean-, herriko farmazian amaren sendagaiak hartu eta baserrira. Hamaiketako on bat Errioxako ardoarekin eta etxera berriz ere.
GARA egunkarian bigarren erreportajea argitaratu dute gaur. Eta post berezi bat sortu dut /a> horrekin gaztelumendi.eus blog honetan. Pozik lanarekin eta kulturgileen erantzunarekin. Ez dira garai gozoak. Sortzen jarraitu behar. Eta ea kulturzaletasuna indartzeko balio digun honek.

Asterix eta Obelix sortu zituena gogoan

Manu Dibango musikaria ere hil da

ez dok hamairu!

Ez dago malefiziorik. Egun hau ere egin dugu. Ohitzen ari gara. Gorabeherak egon badaude. Baina eguna, -orohar- azkar pasatzen da. Otorduak -gero eta hobeak!-, etxeko lanak, pantaila aurrekoak, lagunekin hitz egin, eguneroko hitzorduak -20:00etakoa gero eta ederragoa da, zinez!- leihotik leihora, gurasoekin, lagunekin hitz egin, idatzi… albisteak, sare sozialak…. ez da errutina bat, baina zer egin franko daukagu.
Pelikulak, dokumentalak, bideo laburrak, liburuak, egunkariak… zorionez.

Eta lantzean behin sortzen diren bronkak. Hoiek ere ikasgai bat izaten ari dira. Barruan daukagun guztia atera, eta adierazi. Batzutan hobeto, beste batzutan txarrago. Eta segi aurrera.

hamalaugarren eguna etxean

Eguna lanean pasatu dut ia osorik. Topera lanean Gu ere bai! eta Game erauntsia elkartearen artean. Ekimen polita prestatzen ari gara. Batekin hitz egin, besteari idatzi. Gauzak frogatu. Ikasi. Hausnartu. Proposatu. Idatzi. Erantzun. Landu. Garatu. Elkartu. Eragin. Asmatu. Etxean bai, baina ez dira geldi egoteko egunak. Euskal Herriko kirolariak etxean daude, baina laister aterako gara guztiok #jokatzera.

hamabostgarren eguna

 

Bi aste etxean, bi aste eskola barik eta etxetik lanean

Bi aste oso egin ditugu etxean. Duela bi bariku etorri ziren mutikoak eskola eta institututik eta geroztik etxetik jarraitzen dute ikasketa prozesua, online eta etxekoen laguntzarekin. Bi aste bizitza aldatu zaigula. Baina bi asteotan ez dugu ilusiorik galdu. Elkarrekin bazkaldu eta afaldu. Elkarrekin asmatu zer egin, nola jokatu, zelan moldatu… asko ari gara ikasten guztiok.
Eta bi aste hauetan, batez ere auzokoekin harremana zelan lantzen ari garen da indartsuena beharbada. Kazeroladak, txaloaldiak, keinuak, leihotik leihora, balkoitik balkoira, etxetik etxera… sustengua eman eta elkartasuna sentituz.
Azken egunotan ekimen berri baten ibili naiz buru belarri murgilduta. Eta gaur aurkeztu dugu. Ea datozen egunetan nola ateratzen den FIFA20 Euskal Liga

 

View this post on Instagram

 

#euskal_liga #jokatzera #FIFA20

A post shared by Patxi Gaztelumendi (@gaztelumendi) on


Joango naiz kontatzen. Honek emango du eta!
Eta gaur, martxoko azken ostirala izanik, bereziki gogoan izan ditugu herri eta etxe askotan, oraindik dauzkagun ohe hutsak. Bisitarik gabe beste asteburu bat. Eta egoerarik krudelenean.

hamaseigarren eguna

Larunbata. Baserrirako eta etxerako erosketak egiteko goiza. Gaur ere gurdikada. Konturatu naiz hamabost egunean 500 €uro gastatu ditudala denda honetan, eta beste horrenbeste okindegi, frutategi eta farmazian.
Erosketak egin, baserrira eroan eta etxean armairuak betetzen tartetxo bat.
Bazkaldu, pantaila aurrekoak. Batekin eta bestearekin sarean hitz egin. Gauzak mugitu. Eta norbera etxean.
Hunkigarria, beti bezala iluntzeko 20:00etan egiten dugun txaloaldia. Beharbada itxialdi honetako gauza ederrena bezala gogoratuko dugu aurrerantzean.

Zizek irakurri eta euskaratzen

Zizek filosofoak liburu berria atera duela eta, irakurtzen eta euskarazten eman dut egunaren zati bat.

hamazazpigarren eguna

Bart, Espainiako gobernu presidente Sanchezek agindu berria eman du, eta astelehenean lanera joateko debekua ezarri du nolabait. Aspaldian Hego Euskal Herriko gehiengo sindikala aldarrikatzen ari dena, EH Bilduk proposatu eta Osasungintzako langileek behin eta berriz erregututakoa gauzatuko da, Urkullu lehendakari ohia eta patronalaren borondatearen kontra.
Atzo oso artikulu gogorra egin zuen Koldo Mediavilla jeltzaleak, lana etetea eskatzen dutenak demagogotzat joz. Gaur, lotsagarri geratu dira haren hitzak.
Ez dago beste ezer komentatzekorik. Denbora da poligrafo bakarra.


Kataluniatik, hasieratik Quin Torra Generalitateko president-ak eskaera argia egin du. Gaur bere iritziak oihartzun zabala ukan du, zelan ez.


hamazortzigarren eguna

Astelehena berriro ere. Eta ia konturatu barik pasatu da asteburua ere. Batzuetan egun guztiak berdin berdinak direla esan badaiteke ere, ikasleek markatzen dute agenda. Txorierriko institutua eta Larrabetzuko eskolan neurri honi ondo erantzuten ari zaizkio bai irakasleak, eta baita ikasleak ere. Ordutegia daukate ikasleek irakasleekin. Azalpenak, lanak… aurrez aurre pantailan. Jarraipena. Zuzenketak. Edo tutore bilerak gurasoekin. Luxu bat. Txalo bero bat hezkuntza komunitateko irakasleoi, egoera honetan ere guztiok asko ikasten ari garelako.

Berri Txarrak

Irakurketak. Artikuluak. Sare sozialak. Memeak. Fake batzuk. Argazkiak. Irudimena. Eta gaurko soinu bandarako, Berri Txarrak taldeak egin duen haria, egoera honi lotutako letrak aurkituz beraien kantuetan. Txundigarria.


Eta Irati irratian Spoiler! kantua eskatu dut, hango entzuleentzat.

Baina egunak jarraitzen du. Elkarrizketa bat Hala Bedi irratiko kideekin. Sare sozialak kudeatu. Idatzi. Irakurri. Postariarengana gutun zertifikatu baten bila joan. Herra hutsik. Hotza egingo duela dirudi. Etxeko ataritik goiko pisura paseoa. Txokoan buelta bat. Sare sozialak jarraitu. Dutxa bat. Segi lanean. Ordenadorea libratu da gelan, nire txanda. Wifia daturik gabeko telefonoarentzat. Wifia ordenadoreari. Wifia txikien mugikorretarako. Eskerrak wifiari.

Euskal selekzioaren alde, bideojokoetan

Bai, egunotan hau antolatu dugu: Euskal Herriko bost taldeen arteko liga. Eta gaur zen izena emateko azken eguna. Eta arrakastatsua izan da. 150 lagun arituko dira online partidak egiten, bost euskal talderen izenean. Gero bost aterako dira garaile. Eta Euskal Liga egingo dute. Eta semifinalak. Eta finala Aberri egunarekin. Bihar edo etzi mintzatu beharko dugu horri buruz. Aberri eguna egoera honetan. Kurduek mundu osoan antzera ospatu dute Newroz. Hemen ez da inor libratzen. Baina aldarrikapenek bere horretan jarraitzen dute. Tinko. Ozen. Aldarria, ahots urratu hauetatik. Bideojokoa ere aldarrikapen esparru bilakatu nahi ditugu. Eta horrela izango da apirilaren 1etik aurrera. Bi asteko txapelketa bat itxialdian.


Eta batez ere Palestinako selekzioari buruzko elkarrizketa honek hunkitu nau goizean goiz. Eta Yaser Hamed jokalariari idatzi diot. Euskalduna da, Leioan bizi da. Aita palestinarra dauka. Eta Palestinako selekzio nazionalean jokatzen du. Mezuak gurutzatu eta egun osoan indar horri eutsi diot. Aupa Yaser! Handia da egiten ari zarena.

Professional Football Player | International with Palestine National Team 

Utikan Patronala Negozioei Vascoei

Gaur patronala, jeltzaleak eta EiTB ez jarraitzeko ahalegina egin dut. Ez entzuteko. Ez ditut jasaten. Bizitza eta pertsonen eskubideen gainetik beraien negozioa baino ikusten ez duten hauek. Ahalegina egin dut txiorik ez erantzuteko. Ez horretan murgiltzeko. Indarrak behar nituen aurrera egin, lana atera eta proiektuak bideratzeko. Indar askatzailea, indar solidarioa.


Onena, txaloak

Marcos komandanteaordearen testu batzuk irakurtzen ari nintzela entzun ditut txaloak auzoan. Dena utzi, eta leihora atera naiz. Etxekoak leihoan zeuden. Hunkigarria da. Egunero berria, egunero berezia. Daudenengatik. Ezin egon dutenengatik. Eta gaur bereziki leihoz aldatu eta etxaurreko Delfinarekin egin dut txalo, aurrez aurre. Negu hotzari aurre eginez, txalo solidarioak. Konplizeak. Maitasun indar haundi bat, bizitzaren alde, osasunaren alde. Auzoa bizi bizi ikusten dut. Eta harro nago. Euskaldun beste sentitzen naiz orain auzo honetakoa.

hemeretzigarren eguna

Martxoak 31. Egutegia amaitzen da. Astea hasi berri. Eguna oso azkar joan da. Ia konturatu barik. Batzuetan uste duzu ez duzula ezer egin, eta gero konturatzen zara, baietz… orduz ordu ekin diozula. Aritu zarela zerbaitetan. Egin duzuna probetxuzkoa dela. Gora egiten dugun bezala, oharkabean behera zoaz gero. Edo ez. Estimuluak beti ezin izaten dira lortu. Batzutan elkarrizketa bat da, edo zapore berri bat. Halakoetan izozkailura edo armairura jo ohi dugu. Eta hori ere ez da komeni. Frutak lagundu dezake, edo oinez ibiltzeak. Zutik egoteak. Mugitzeak. Ez dakizu, baina ikasten ari zara. Ikasketa handi bat da, duda barik.

Manolis Glezos gogoan

Lehen mezua Grezian ezagutu nuen lagun batek bidalita jaso dut. Atenasko Akropolisean bandera nazia kendu zuen militantea hil da. Europarlamenaria izan zen Siryzarekin. Militante nekaezina. El Pais irakurri dut lehenbizi, The Guardian gero…. eta Greziako lagun militante ezberdinen mezuak irakurri ditut sareetan.

Bezperan hildakoaren biharamuneko goresmen eta aipamenak topatu ditut. Grezia apur bat gehiago maite dut aspaldian, batez ere bertara joan eta hango errealitatea bertatik bertara ezagutu nuenetik. Errefuxiatuak laguntzera joan, eta sekulako herria topatu nuen. Abegikorra, ezkertiarra, historian aitzindaria, irekia, alaia, apala, kulturalki itzela. Eta une batez hara joan zaizkit begiak, bihotza eta burua. Duela hiru urte egon nintzen han. Eta noizbait berriz joan nahiko nuke. Laguntzera eta ezagutzera.

Durangoko bonbardaketa

Rafa Berrio

Eta arrastian Beñan Sarasolaren bitartez jakin dut Rafa Berrio musikariak ere utzi gaituela. Musikari askoren mezuak heldu dira gero. Sare sozialetan. Begirunez. Saminez. Eta kantak. Nik Kafe Antzokian ikusi dudan aldietaz akordatu naiz. Harkaitz Cano gogoratu dut, edo Maite Mursego. Eta musikarekin jarraitu dugu. Gogoratuz.

eLiburutegia

Kasualitatea! Itxialdi aurretik komentatu genuen etxean pelikulak ikusten hasi behar genuela. Baina ez genuen film, netflix edo Hbo ordaintzen hasteko asmorik. Eta kuadrilan komentatuta eLiburutegiak filme aukera handia zuela jakin genuen. Eta ikusten hasi ginen. Jarraitzen dugu. Bart La profesora filma ikusi dut. Gogoa nuen. Txekoslobakiako komunismo garaiko irakasle bat da protagonista. Kamarada Drazdetxoba irakaslea. Alderdikoa. Eta filmea antikomunistatzat jo dute batzuk. Komunismoa ere ez da dena ona edo txarra. Eta pelikula honek, zelan ez gogoetan jarri nau. Gauza hauek esan egin behar dira. Gehiegikeriak. Aparatoaz baliatzea. Baina eskuinetik ere manipulatu ohi da. Eta jendea. Jendea da garrantzitsuena. Kasu honetan, ikasleak edo familiak. Errebolta txikiak, matxinada apalak interesatzen zaizkit niri. Eta filmea bera. Irudiak. Lenguaia. Eta ikusi egin nuen. Bi ikasle nituen ondoan. Etxeko irakaslea ohera joana zen .

hogeigarren eguna etxean | Apirila

Goizean semeari Literatura ikasgaian laguntzen. Poemak, kantuak. Bertsoak eta errimak. Neurriak eta metaforak. Josefina de la Torreren poema bat begiz jo, eta berriz irakurri ostean, euskaratzea pentsatu dut. Egunotako giroa etorri zait gogora. Eta arrastiarekin, auzokideekin txalo egin ostean, auzoari argazkiak egin eta zabaldu dut.

hogeitabatgarren eguna etxean

Berri gutxi. Gaur batez ere etxeetan zerbait sortzen ari direnak ekarri nahi ditut gogora. Denetarik ikusten da sare sozialetan. Sormena, irudimena, ilusioa, bizipoza. Albiste txarrak sare eta hedabideetan. Ilusioa etxeetatik. Ilusioa leihotik eta balkoietatik.
Sortu eta sortuz, gure aukera ⏸▶ izeneko post bat idatzi dut gaur. Eta gaztelumendi.eus gunean horrelako bideoak batuko ditut, bihar etzi ere gogoratzeko, COVID-19 birus hau gogoratu edo hizpidera ekartzen dugunerako.

hogeitabigarren eguna etxean

Helin Bölek gogoan

Nik ere saretik jakin dut Helin Bölek musikariarena. Enuen Grup Yorem ezagutzen. Baina batean eta bestean hasi naiz irakurtzen, itzultzen. Entzuten. Beraien musika, beraien kontzertuak.

Eta elkartasuna hedatu dugu Euskal Herritik ere. Hemengo hedabideek jaramon egin diote kontuari. GARA eta naiz, Berria edo Argian atera dute kontua. Kantak zabaldu ditugu, eta bereziki horrenbeste milaka entzuleren aurrean Istanbulen abestutako “Bella Ciao” eder hori. Ederragoa da egunotan, Italiatik mundu osora hedatu den kantu eta oihu antifaxista.

hogeitahirugarren eguna

Free Ocalan! Free the all!


Nazioarteko kanpaina izan da, Ocalan Kurduen buruzagiaren urtebetetze egunean. 71 urte bete eta isolamenduan daukate turkiarrek. Atzo Turkiako musikari bat hil zen, Erdoganen politika faxista eta ankerren kontrako gose greban, musika taldeko kideak preso, kontzertuak debekatuta. Gaur Kurdistan gogoan hartzen dugu mundu osoan. Eta kanpaina hau lau haizetara hedatu da.
Nik aurrekoan egin nuen argazkia, etxeaurrean. Ataritik asko mugitu barik. Baina kalean… Ocalan liderra omentzen duen lan artistiko batekin, dena hitzak dira.

Bere askatasuna eskatzeko, kartzelara eraman duten hitzak eta ideiak.

hogeitalaugarren eguna


Atzo egin zen publiko Aberri eguna deitu duen ekimena eta aurtengo berezitasunei lotutakoa. Balkoitik balkoira ospatuko dugu guk ere. Gogoan dut, kurduek Newroz zelan ospatu behar zutenean idatzi nuenean bota nuen arrapostua. Heldu zaigu guri ere.

Ez da horrenbeste denbora pasatu. Baina egin dezagun gurea ahalik eta ondoen. Herriz herri, auzo auzo. Gure txalo zaparrada osasunaren eta bizitzaren alde lehen lerroan dena ematen ari diren hoiei. Gure isiltasun solidarioa, atsekabea eta begirunea hil diren guztiei. Gure aldarria Euskal Herria eta bere eskubideen alde. Aberri eguna historikoa izango da, eta luzaroan gogoratuko dugu.


Larrabetzun be ekimena martxan dago. Airetik, lurretik eta etxez etxe.

hogeitabostgarren eguna

Bi hilabete dira Zaldibarreko zabortegian sekulakoa gertatu zenetik. Istripua. Hori oso errez esaten da. Lurjauzia, geologikoki aztertuta. Ingurugiro ikuspegi batetik, azken urteotako -hamarkadetako- zaborren kudeaketaren ondorio larria. Kutsadura, kontrol eza, interes ekonomikoak, pribatizazioa… azkenean guztiak nonbaitetik eztanda egin behar zuen. Eta modurik anker eta larrienean egin ere. Eta bi langile lurpean. Harrapatuta. Desagertuta. Bi hilabetez. Eta etxekoak. Eta inguruko baserritarrak. Eta Zaldibar, Mallabia, Ermua, Eibar eta inguruko biztanleak.
Zaldibar argitu! ozen esan dute, esan dugu. Eta herrietan, etxeetako balkoi eta leihoetatik agerraldi zaratatsua egin dugu. Gure auzoan ere, ordu erdiko tartean txaloak lehenengo eta kazerolada ostean egin dugu. Eta elkartasuna eta salaketak lekua dute leihotik leihora sortzen diren dinamika eta agerraldietan. Osasunaz ari gara. Langileekin gaude txalo egitean, murrizketak salatzean; eta osasun hobe baten Zaldibarreko afera argitzeko eskatzen dugu berdin. Eta kontzientzia aldatzen doa, gure bizitza eredua -orain artekoa- zalantzan jarriz, eztabaidatuz, alternatibak bilatuz.

Kanta polita, ekimen indartsua. Musikari eta kulturgile ugari elkarlanean. Auzoan. Kidetzan. Kooperazioan. Badakigu, eta egin egiten dugu. Biba zuek!