Gazte bitaminak
Badira 20 urte Hori Bai gazte elkartean murgildu nintzela. 1985ean lehen rock kontzertua egin zen Larrabetzun: Bap! Ximorrak, Kortatu eta Zarama izan genituen herrian. Gu ume moko batzuk ginen, auzoen arteko futbito partidua antolatu ziguten Hori Baiko gazteek. Eta pozik parte hartu genuen handiek bezala. Eta gero, gau hartakoa gure bizitzako lehen rock kontzertua izango zen. Bide berri bat.
Orduan ezagutu genituen BAP!ekoak, eurekaz berba egin genuelako; gainera, Andoandik jende piloa etorri zen Larrabetzura bizikletaz; Kortatukoek lehen lana zuten kalean (Mierda de Ciudad, Manolo Rastaman…) Jotakie, Cicatriz eta Kontuz Hi!rekin batera. Zaramaren kantuak ikastolan entzunak genituen, euskaraz zirelako, rocka euskaraz atsegin genuen ikastolan.
1985. urtean 20 urte betetzen zituen Larrabetzuko Hori Bai gazte elkarteak. 20. urteurren hori lokal barik ospatu zen, gazteentzako lokalak aldarrikatuz. Hurrengo urtean ere kontzertua egin zen herrian, eta hurrengoan, eta baita hurrengoan ere.. urtero…. gazte eguna izendapenarekin. Rocka, hitzaldiak, bazkaria, ekitaldi ezberdinak… mugimendu berri bat, 80. hamarkadatik aurrera.
80. hamarkadako mugimendua(k)
1986ko gabonetan, lokala berreskuratu zen, okupatuz. Konponketak egin, argia eskuratu… eta olentzeroren oparirik onena izan zen hura. Larrabetzuk luzaroan bizi izan duen oparia. Ordurako mendira joaten ginen gu Hori Baiegaz. Baina handik aurrera, gurre herriak ere, Larrabetzu -k izango zuen gaztetxea. Asanbladak, batzordeak, batzarrak, aktak… kartelak, kontzertuak… bizitzan aurrera egin ahala, bide berrietan murgiltzen hasi ginen. Mugimendu sozial aberatsa izan da gaztetxeena. Tokian tokikoa bezala, baita Euskal Herri mailakoa ere, nazioarteko squat mugimenduaren irudi, ikur eta adierazpenekin. Herri bat gaztetxe bat! lemapean mobilizazioak egiten hasi ziren orduan Euskal Herri osoan.
Musika lagun, kontzertuak, adierazpen kulturalak. Herri nortasuna eta izaera errespetatuz, gazteek herriarentzat makina bat ekitaldi antolatu ditugu urteotan. Urte asko, borroka asko. Gorabeherak. Haserreak. Enfrentamendua. Subentzioa ukatu, lokala desalojatzeko mehatxu etengabeak. Kamisetak, txapak, kartelak… zer egiten ez dugu ikasi Hori Bai gaztetxean. Mendira joan gara, Euskal Herria ezagutu dugu, militantzia ezberdinak uztartzen ikasi, mugimendu sozial alternatiboen txoko eta kultur erreferentzia bakarra herrian: areto, antzoki, zinema, jolastoki, eskola, euskaltegi… denetarik egiten da gure Hori Bai gaztetxean. Denetarik egiten dugu. Denetarik egingo da aurrerantzean be.
Gazte Eguna 2006
Eta bart, Gazte Eguna ospatu dugu. Beste behin. Gazte bitaminak topera. Juerga, gogoa, ilusioa, indarra, antolaketa eta kalean neurtzeko modukoak. Indarberrituta, ilusioz gainezka. Freskura eta gozotasuna. Gazte bitaminak. Eta goizean, gazteagoak direnekin gosaltzean… pentsamenduak joan egin zaizkit. Zirikatu egiten gaituzte. Historia oroitu gura dute, barre egiten dugu, elkar bazilatu…. eta 20 urteotako ibilbidea etortzen zait burura bapatean. Jatorrak dira oraingo Hori Baiko gazteak. Ausartak dira, trebeak, sekulako irudimena daukate… eta beraien ondoan edozertan ibiltzea gozada hutsa da. Berandu da, baina ez zara logura. Zelan ba?!
Eskerrik asko, Hori Bai. Bizitza honetan gertatu zaigun gauza ederrenetako bat daukazue esku artean. Eutsi, gozatu. Barre egin, zirikatu. Beti aurrera begira. Zapaltzaileei egurra. Kolorez eta ilusioz margotu Larrabetzu. Ametsez bete Andra Mari kaleko 23a. Aurrera bolie!