gaztelumendi.eus

blogasmoak

Badakizue: aurrikuspen, plangintza eta promesen aroa da aste hau.

Udaurretik hasi nintzen blogari buruz pentsatzen. Erritmoari zelan eutsi, gogoa zelan ase, pentsamenduak zelan idatzi. Orduan lerro batzuk prestatu nituen sarean, dokumentu batean. Errepasatzen hasi eta barriro be zelan ekin pentsatu izan dut lantzean behin.

Irakurtzen dutenek zer eskertzen duten, zer gustatzen zaien jakitea ez da erraza. Erantzunak lortzeko, zelan eragin asmatzea be ez da fazila. Baina estadistikak diño hor zaudetela, irakurketan. Eta tresna aproposa da hau, denborapasarako, gogoetarako, irakurtzeko, apur bat idazteko, argazkiak argitaratu eta ideiak sailkatzeko, kezkak plazaratu eta salaketak egiteko, erakusteko eta ikasteko, ikusteko eta erakusteko…. edozertarako.

Urteak dire blogintzan hasi ginenetik, zuek eta gu. idazten irakurtzen erantzuten pentsatzen eta sortzen. eta orain be, asmo barriak blogerako. blogasmoak.

Larrabetzutik saila indartzea da asmoetako bat. Herriko berri zabaltzeaz gain, herrikoak kanpokoei kontatuz. Ez daukat argi ordea, herrira begira zelan egin. Badakit jakin herri kontuak jarraitzaile asko dituztela herrian bertan, eta horren lekuko da larrabetzutik blogak daukan arrakasta itzela. Otzara bloga be oso oso irakurria da, eta tabernetako komentarioetan asko aipatzen da, duda barik. Larrabetzu.org be komunitate bat da, eta hor ikusten da herrian zer sortzen dan, izan kultura, politika, gazte kontu, herri albiste edo ostantzekoak.
Nik neuk, larrabetzutik saila, batez be kanpora begira lantzeko asmoa dekot. Zer deritzozue?

Agit/prop berriz, beti gogoko izan dudan kontua da. Egoerari so egin, eta sortzen diren kezka eta burutazioak idaztea da kontua. Spraiegaz idazten direnak baino esaldi luzeagoak ahal dala, tabernetan edo kalean izaten ditugun kezkak baino ordenatuago beharbada… baina azken batean, Euskal Herria, askatasuna, gatazkak, mundua, globalizazioa, burruka eta holango etiketak izango dira erabilienak. Barikuetan horretaz idazten saiatuko gara. Astean baten gitxienez…. eta abusatu barik. Gai errekurrentea dan arren, aportatzea da kontua, post erakargarriak egitea. Panfleto digitala baino, net-gogoetak, sareak kezka eta aldarrikapenak uztartzea helburu.
Musika eta literatura zaletasunak dira. Gertutik bizi ditut biak. Aisialdia deituta ageri dira askotan, baina kultura bizitzeko moduak dira. Zuzenean, aurrez aurre, jezarrita, bakarka, lagun artean, bakarrik, etzunda, saltoka. Papera eta biniloa. Kitarrak eta metaforak.

  • Musikari buruz idazten murgildu nintzen kazetaritza munduan: garai bateko El Tubon, ARGIAn, Entzun, barkatu ama….. Disko kritikak egin ditut urteotan, zuzeneko kontzertuetara joaten jarraitzen dut… eta zaletasunik gogokoena da oraindik be. Musikari buruz idazten jarraitu gura nuke. Musika bizitzeko modua.
  • Literatura asteroko, eguneroko, gaueroko jarduna da gurean. Sortu baino, murgilduz. Dastatu, inork prestatutakoa. Gozatu besteek emandakotik. Berbak dira, alkarren atzean jarriak. Letrek egiten dute literatura. Baina idazten den dana ez da literatura. Literatura ez da idaztea bakarrik eta. Baina literaturaz arean idaztea be, ariketa polita da. Holan be gozatzen da eta. Astean behin? Askotxo agian, baina hori da asmoetako bat.

Teknologia berriak hartu izan ditut hizpide hasieratik. Eta ez blogean bakarrik. Jakin aldizkarian luzaroan aritu naiz gogoeta luzeagoak egiten, Info7 irratian egiten ditut horren gaineko kolaborazioak, Euskadi Irratian egin nituen antzera, irratia.com egiten dugu jabi eta biok… baina bloga da teknologia berrien inguruan berba egiteko lekurik aproposena. Erabiltzaile izaeratik, garatzaileen lanari arretaz jarraitzen diot. Software librearen munduak liluratuta jarraitzen dut, erabiltzaile arrunt eta hasi berriaren lekutik. Internet eta sarea orohar erakartzeko lekua da, azken hamarkada honek erakutsi duen moduan. Eta horri buruz lantzean behin idaztea, ikasteko modua baino ez da. Eta inguruan ditugunei, laguntzeko modua. Firefox, google, software librea, ubuntu, copyleft, blogak, wordpress, sare sozialak… ohiko berbak dira blog honetan… eta horretan jarraitu beharko. Hiztegia zabaltzen.

Irratigintza maite duen lagun bat daukazue parean. Hemen eta han, modu batera eta bestera irratiaren mundua lagundu, bultzatu eta frogatzen duen entzulea nauzue. Autoan, etxean, mendian eta lanean irratia luzaroan entzuten duena. RDS teknologiari esker… euskal irratiak arretaz jarraitzen dituena. Interneten irratigintza frogatu eta abian jartzen ahalegina egin duena… eta horregatik Info7 irratiko zein Bilbo Hiria irratiko kolaborazioak… blogera ekartzeko asmoa berresten dut. Astero egiten ditudan kolaborazio labur hoiek, podcast moduan jarriz berton. Loturak sikiera.

Asmoak beti asmo. Astoak beti asto. Egunerokoak esan beharko, gaztelumendi.org zertan dan aurrerantzean. Elkarrizketak, mezu laburrak, argazkiak, bideoak… danak dauka lekua hemen. Orain arte moduan, zuek hor ondoan egotea, zaudeten lekuan zaudetela be, eskertuz eta aupatuz. blogasmoak betetze aldera… aurrera bolie!

2 Iruzkin

  • piztu

    Aurrera ba!!
    “Izarrik ametsetan” ikusteaz nekatu gara abuztuan ere konektatuta egon garenok, ondo etorria izango da idazten duzuna.

  • iPtx

    Izarrik ametsetan egon ostean, lokartu eta izartuteko gogorik ez.
    Izetu dogu ordenadore zaharra, eta barriek idazten hasi gara.
    Ia luze doan oingoan. Irakurleak lagun, gustorago ganera.
    Eskerrik asko abuztuen be hor on egoteagatik… gu off egon garen bitartean.