agit/prop,  hurrengo geltokia,  larrabetzutik

Oskar Alegria eta biok

Udan ezagutu nuen Oskar Alegria. Eako poesia egunetan.
Ia urtero joaten naiz Eara. Lehenengoz zegoen bertan bera.
Eta lagun talde itzela batu ginen. Mitxel Sarasketarekin joan nintzen ni. Mitxel ere lehenengoz.
Oso oroitzapen ona utzi dit Eako asteburuko egonaldiak.
Kuadrilla handia osatu genuen, eta oso giro onean pasatu genituen barikutik domekara artekoak. Banan-banan agurtu -udalekuetako agurren antzera- eta sarean ikusten dugu elkar lantzean behin, batzuk bederen. Eta atsegin dut.

Emak Bakia film ederra

Oskar Emak Bakia filma egiteagatik egin da ezagun gurean, eta hemendik kanpo ere bai. Man Rayren Emak Bakia filma ikusi eta ezagutu ostean, Emak Bakia izeneko etxearen xerka arituko da Oskar. Bidaia hori, bilaketa hori erakutsiko dizu bere filmean. Man Rayren espiritua, artea eta surrealismoa film berezi eta hunkigarri batean aurkituko dugu Lapurdiko etxe horretan. Eta herri hau.

Ideia eta asmo berriak

Oskar Alegriak, baina, film bakarra egin du. Hala ere, bere kamerak oraindik irudi asko filmatzen ditu. Argazkiak aterako ditu kamera edo mugikorrarekin, soinuak grabatu. Jendea ezagutu. Herriak. Etxeak. Hemen eta han ibilia duzu. Eta jakituria izugarri bat bildu du bidaia interesgarri honetan bezala, besteetan ere. Gaztea da eta sormen ikaragarria du. Eta erne dago. Adi-adi. Artista bat da. Eta inteligentzia daragoio. Ezagun du hori beragaz berba edo solas egitean. Eta traturako atsegina delako lortuko ditu helburu handi eta xumeak.

Asmo eta proiektu berri bat erakutsi zidan Iruñean egin genuen hitzorduan. Koadernoa agertu zidan. Eta hori betetzen joateko laguntza eskatu. Bigarren hitzordu bat izan dugu asteon herrian. Eta landa lana egiten aritu gara. Larrabetzu eta inguruetan. Eta ikasketa prozesu izugarria izan da niretzat. Bi gau, kafe batzuk eta solasaldi asko. Oinez ere ibili gara. Eta etxeak, bizimoduak, historia, ingurua eta gure pasarteetako batzuk erakusten saiatu naiz ni, nire apalean. Larrabetzutik ze irudi eroan duen jakin nahi nuke. Eta horregatik idazten ditut berbok. Esan eta gordetzeko. Gogoan hartzeko.

49 Iruzkin