agit/prop

Hibai Castro “Palestinarren duintasuna eredugarria da”

Izenburua: Palestina, hesien zirrikitutik

Egilea:Hibai Castro

Argitaratzailea: Komite Internazionalistak

Informazioa: www.herriak.org

Deustuko Hibai Castrok Palestinari buruzko ikusentzunezko lana egin du. Palestinan brigadista bezala egon zen Komite Internazionalistak erakundearekin, eta bertan batutako irudiekin hango egoera isladatu gura du hemen. Prest! aldizkarirako egindako elkarrizketa argitaratuko dut hemen, gaiak hartu duen jitea ikusita.

Hibai Castro: Palestinarren duintasuna eredugarria da

Palestina, hesien zirrikitutik bideoa aurkeztu duzu duela gutxi, zer batu duzu lan horretan.
Palestinan bizi den egoeraren berri ematen du bideoak. Bideo didaktiko bat egitea zen asmoa, bertako gatazkaren oinarriak, egunerokotasuna eta Israelen okupazio militarraren eragina azaltzeko. Iazko uztailean Komite Internazionalistek antolaturiko brigadan jasotako irudi eta materialean oinarrituta dago.

Eta zerk bultzatu zintuen horrelako ikusentzunezko lan bat egitera?
Zalantza barik Palestinan bizi den zapalkuntza egoerak eta injustiziak daukaten oihartzun eskasak eta jasaten duen blokeo mediatikoak. Bestalde, Palestinarekiko elkartasuna bultzatzeko egoeraren ezagutza eta kontzientziazioa ezinbestekoa da eta horretarako tresna baliogarria izan daitekeela uste dut. Komiteen oinarrietako bat da jendartea kontzientziatzea, salaketa politikoa egitearekin batera.

Bideoa zelan mugituko duzue orain?.
Alde batetik aurkezpen edo hitzaldi formatoan mugitzen ari gara. Sortzen zaizkigun eskaera guztiei irekita gaude eta dagoeneko hainbat tokitan (gaztetxeak, kultur elkarteak, tabernak…) erakutsi dugu. Beste alde batetik ikastetxeetan Palestinaren inguruko kanpaina bat prestatzen ari gara eta hor ere erabiliko dugu. Bide batez, aipatu daiteke uztailean San Inazioko jaietan eta abuztuan Larrabetzun ere erakutsiko dugula lan hau.

Palestinan brigadista bezala egon zinen, zer nolako esperientzia izan zen?
Latza eta ederra. Oso egoera gogorra bizi dute han eta horren lekuko izatea latza da. Batez ere Israelen inpunitatearen aurrean indarge ikusten duzulako zeure burua. Hala ere, palestinarren duintasuna eredugarria da eta hori ezagutzeko aukera izateak benetan merezi du.

Une latzak une honetan Palestinan, urruntasunetik zelan ikusten duzu palestinar herria?
Ikaragarria da gertatzen ari dena. Orain garbi dago duela urtebete handik etorrita saltasen genuina. Israelek Gaza uzten zuen baina, zertarako? Ba orain lasai-lasai suntsitu ahal izateko, bere koloniak oztopo izan barik. Eta Libano eta Siriakoa? Salatzekoa da nazioarteko gobernuek, gure ordezkatzen gaituztenak barne, duten jarrera konplizea sarraski hauen aurrean.

Komite Internazionalistak eta beste erakunde batzuek elkartasunera deitzen dute, baina zer egin daiteke?
Lehendabizi palestinarrei entzun; eta haiek diotena da hemen ezin dugula Israel estatu normalizatu moduan onartu. Ezin dugu onartu gure kirol lehiaketetan, kultur ekitaldietan, merkataritza harremanetan… Boikot orokorra egin behar zaio.

Eta etorkizuna zelan ikusten duzu?
Palestinarrek ez dute etsiko, hori argi ikusi genuen. Nazioartean dago gako garrantzitsu bat, nazioarteko presioak bultzada eman behar dio palestinar herriaren erresistentziari, bestela oso zaila izango du biziraupena. Israelen helburua mapatik ezabatzea da eta Palestinak bizi behar du!