gaztelumendi.eus

Astelehena da gaur

Astelehena da gaur. Aspaldi, gazteagotan, astelehena atzera begira ematen nuen. Asteburukoak kontatzea gustatu ohi zitzaigun. Non, zer, zelan, zenbat galderak erantzuten genituen, hitz jarioan.

Gogoan ditut ikasle garaiko astelehenak. Pozaren pozez. Astelehenean zer kontatu eukitzea zen gure asteburuko kezka. Eta asteburuak inbertsio gune ziren. Hobeak txarragoak beteak hutsak osoak etengabeak zoriontsuak grinatsuak tristeak lainotuak gogoratzen ditut orduko kontakizunak.

Bestela da orain, asteburukoak ahaztu gura, eta asteak zer ekarriko digun pentsatzen hasten naiz astero. Astelehenero.

Inork ez baitaki zer daukagun aurrean. Pentsaezinak direnak ere gertatu ohi zaizkigu, pasatzen dira eta. Astelehenero aurrean daukagunari aurre egiten nahiko lan. Nahikoa burukomin. Eta hastera doan hau ere… tankera horretako.

Nork igarri? Zer gertatu behar du gaur hasi eta domeka gauerdian bukatzen den aste honetan? Zenbat albiste? Zenbat gertaera? Zenbat hildako gehiago? -errepideetan, etxeetan, han hemengo gatazka guztietan, …- Zenbat?

Astelehena dela pentsatu, eta zorabio ttiki bat bizi dut. Bai badakit, datorren astelehenerako presidente berria izango dute espainolek, obispoek nagusia, patroiek non eskatu, diputatuak, ekintzak, atxilotu gehiago… datorren astelehena ere berbaz emango dugu. Gertatu denaz baino, gertatu daitekeenaz eta hori lagunok, mareatzeko modukoa da.

Astelehena da, eta aste emankorra datorrelakoan