gaztelumendi.eus

Astea astinduz

Astelehena. Atsegin handiz ekin nion asteari. Hastea kostatu ez nonbait. Gogotsu nintzen, zernahitarako. Asteburu atsegina izan nuen Karrantza aldean. Gailurretan landetxean ondo hartu gintuzten, batera eta bestera hainbat ibilaldi, txango eta halako egin ostean, asko ikasi genuen gure herriaz. 48 auzo ditu Karrantzak. Euskal Herriko herri handiena izanen da ziurrenik, eta bataz beste km karratuko 13 biztanle baino ez ditu. Atara kontuak. Egun 2.800 biztanle inguru. 1900. urtean 4.000 bueltan. Baserri auzoak, behi asko, ardiak eta bestelakoak.

Asteartea. Oraindik buruan nerabilen asteburuan Mikelek -11 urteko mutiko karrantzarra- egindako galdera. Euskaraz ikasten du berak, euskaraz mintzatzeko gai da bere arreba Maialen ere. Baina eurentzat euskara eskolako hizkuntza baino ez da. Gure herriari buruz galdetu zidan, ea euskaraz egiten ote zen… eta galdera hau bota zidan:

– Zure gurasoek ere badakite euskaraz?

Baietz esan nion. Baina berak, bere adinekoekin bakarrik egin dezake euskaraz, edo bestela irakasleekin. Bizitza arruntean ez dauka euskara erabiltzerik. Mutikoaren galderak zer pentsatua eman dit.

Euskal Herria ezagutzen dugula pentsatzen dugu maiz. Euskal Herria bere zabalean, berezia da, ezberdina da, ikasteko asko dauka… eta dena ez da sartzen geografia eta historia liburuetan. Albistegi eta egunkarietan ere ez dugu dena ikusten. Euskal Herria. Karrantza, mendebalderen dagoen eskualdea. Martitzenean ondiño akorduan.

Asteazkena. Atutxak ez du justizian sinesten. Barregura ematen dit. Ibarretxe inhabilitatzeko prest dira Madrilen. PNV gure erakundeen aldeko manifa konbokatzen. Ze erakunde? ETA? 18/98ko erakunde politikoak? Instituzioetaz ari dira? Udalbiltza ere esan gura dute? Erakundeak, erakundeak…
Osteguna. Atzo. Marian Hernaniko alkatea Madrilen deklaratzen, maite zaituztegu! ozen esateagatik. Cabo Verden 22 urtez deportatuta egon ostean Endika santurtziarra hil zen, Urruñan Villabonako gazte bat atxilotuta –el mas buscado, no iba armado, no tenia documentacion falsa…. arriskutsua zinez- , Lea Artibaiko gazteak inkomunikatuta, ostia piloa jasotzen ziurrenik. Astea ez dugu ondo amaitu behar.

Ostirala. Goiz jeiki eta Azpeitia aldera. Euskararen eremua. Urola ikastolan hitzaldia web 2.0 gaiaren inguruan. 30 urolako ikasle. Irakasle batzuk. Ordenadorea sarera lotu, pantaila handian erakutsi eta berba jarioa… konbentzitu ditut. 1.0 eta 2.0 bereizten dituzte. Youtubez gain, bada mundua. Sarean ibili gara, gauzak ikusten, flickr erakutsi diet -fotolog ezagutzen dute-, blogak.com, zabaldu.com, euskaltube, irratia.com… flipatu dute apur bat. Twitter gustatu zaie, eta Txioka. Eta irakasleentzat euskaljakintza.com adibide on bat, ikastolan teknologia berriak eta hezkuntza uztartzeko. (Ikasle batzuk ezagutzen zuten, EGAko ariketak direla eta, irakasleek berriz ez). Uztarria ezagutzen ei zuten -azpeitiarrek behintzat-, hori ere 2.0 dela esan diet, 1.0 zer litzatekeen beraiek asmatu dute. Pozik itzuli naiz Urolatik.

Eta orain asteburua dator. Hori hurrengorako. Bitartean, Euskal Herria hemen da. Sagardotegi garaian. Eta bihar ARGIA sarien berri izango dugu egunkarietan. Ez dakit blogaririk gonbidatu duten… hori ez da oso 2.0 ala?

Iruzkin Bat