pasahitza

Maletillen matxinada sagardotegian

Larunbat gauez Lizeaga sagardotegian. Maletillen matxinada. Izen handiak: Egaña, Paya, Silveira eta Lujanbio. Eta beste ziento erdi baino gehiago maletilla. Maletillak dira, aurreko Gipuzkoako bertsolari txapelketaren karietara, GARAk asmatutako bertso jokoan aritu diren bertsozaleak. 300dik gora izan ziren partehartzaileak, eta batzuk saria ere jaso zuten.
adi adi begira! maletillen bertso afaria sagardotegian

Urteko lehen txotx gaua izango zen gutako gehienontzat. Sagardo berria genuen frogatzeko. Eta afariari ekin aurretik, kupel pare bat edo probatuko genituen. Menua betikoa. Makallo tortilla, makalloa piperrakaz, txuleta ezin gozoago batzuk, intxaurrak, gazta eta bestelako gozo batzuk. Baina ororen buru sagardoa. Gozoa, suabea aurtengoa Lizeagan.

Eta orduek aurrera egin arren, inor ez zen bertsotan hasten. Eta halako batean, Egañak Iurretako Eneko Abasolo “Abarkas” bertsolariagaz hasi zen bertsotan. Hara hurbildu zen gero Xabi Paya. Zarauzko bertsolari gazte bat gonbidatu zuen Egañak. Inguruan zen Silveira ere, eta urrunago Maialen Lujanbio.
Zaharrak berri

Eta maletillak hasi ziren gero. Ioritz azpeitiarra izan zen lehenengoa. Azpeitiako zezenplazan dotore aritutakoa Ioritz. Txukun hasi zen Lizeagan bertsotan. Egaña bera ikaratzeko beste.
Egañaren gazta Ioritz, maletilla aitzindaria

Sagardoaren bila joan etorri batzuk. Eta jaiak jarraitzen zuen. Lehenengo hemen, eta gero harago. Ez zen geldi egoteko gaua izan. Silveirak batetik, Egañak asko, Maialenek batzuetan, eta Payak ahal zuen guztietan. Neurri ezberdinetan aritu ziren. Gai jartzaile barik, librean.

Maletillen maila
Eta apurka apurka bertsozaleak, tabernako bertsolariak, hasiberriak eta bertso eskoletatik hurbildutakoak gehitzen hasi ziren. Sagardotegi gaua. Giroa eta bertsoa, dena bat. Maletillak bertso gosez joan ziren, egiteko gogoz. Eta izan zuten aukera ederra. Hainbatek kantatu zuen, gogotsu. Eta bertsolariak harritzeko beste kantatu zuenik ere izan zen. Plazaz plazan asko dabiltzan lau bertsolari ziren han, baina maletilla bat baino gehiago ez zuten ezagutu ere egiten. Beste batzuk bai, bertso eskoletatik eta.

Ariketa polit bat ere proposatu zuen Bertsozale elkarteko Asier Ibaibarriagak -Maletillen jokoan epaile izan denak-. Bertsolari bakoitzak puntuak jarriko zizkion maletilla bati. 5 puntu behar zutenak, asko izan ziren gero. Mordoa. Eta maletillek ondo eutsi zioten erronkari. Oso ondo. Eta txalo zaparrada luzeak joan ziren han.

Gauak aurrera, sagardo kupelek apurka apurka behera eta giroa gora, zelan ez. Ni neu, goizaldeko 3etan abiatu nintzen etxerantz, sagardotegiko giro ederretik. Bertan utzi nituen lagun batzuk, eta ez dakit bertso gehiago izan zen edo ez… baina gaur, egunkaria erostean GARAko zuzendariak idatzitako kronika aurkitu dut, argazki eta guzti.

Silveira, Egaña, Paya eta Lujanbio bertsolariak maletillei so

argazkiak: patxi gaztelumendi cc lizentzia

26 Iruzkin