musika

Jamaika ikusteko jaio gara

Disko berria aurkeztu du Fermin Muguruzak. Donostian egin du, KM kulturunean, lagun eta ezagunez betetako areto batean. Kazetariak, musikariak, adiskideak, senitartekoak.. denetarik batu gara txiki geratu den gunean. Bad soun systemeko disko jartzaileak reggaea jarri du, aurkezpena hasi aurretik. Atzekaldean pantaila erraldoia prest, albo batean Jamaika eta Euskal Herria lotzen dituen hormairudi handi handi bat. Haritza eta palmondoa, toki bateko zein besteko dantzariak, eta diskoaren izenburuak, letra handietan. Single argitaratu berrian ikusia genuen irudi-muntaia.

Euskal Herria Jamaika Clash

Euskal Herria

Halako baten, Pintzak autoan eraman zituen Bordeleko aireportura. Ustez Quebeckera joan behar zuten, baina bai zera! Jamaikara abiatu ziren Jon Elizalde, Xabi Solano, Xabi Pery eta Fermin Muguruza. Kingstonen zuten hitzordua, lan eta ekoizpen berri bati ekiteko.

Euskal Herriko lau musikari, konposatzaile, produktore, eragile. Hegazkina hartu eta Euskal Herriko izaera eta musika eroan gura izan zuten Jamaikara. Eta horregatik garrantzitsua da adibidez, beste inongo diskotan ez bezala, soinu txikiak -trikiak- hartzen duen garrantzia. Kanpoan folk mundutik at, soinu txikiak eragin gehien daukan euskal diskoa izango da, dudarik gabe.

Euskal Herriko izaera eta ilusioa eraman zuten hara, irla hartara. Reggae musika sortu eta oraindik nagusi den tokira.

Jamaika

Musikari batentzat ametsa izan daiteke, beti miresti dituzun musikarien ondoan, magalean ekoiztea horrelako disko bat. Fermin Muguruzak badaramatza 20 bat urte bidean, eta jamaikar musikaren eragina beti izan da nabarmena. Hasierako urteetako erreferentziak; bertsioak edota diskoz disko entzun ditugun reggae basedun kantuak; Kortaturen ska doinuak; Negu Gorriak taldean atera zituzten doinu beroagoak; Dut taldearekin egindako esperimentua, Dub Manifest eta Brigadista sound system diskoetan egindakoak… erremixak, dub doinuak, drum’bass soinuak…

Tuff Gong International aipatu du Xabi Peryk, grabazio estudio estimatua. Nazioarteko erreferentzia duda barik, Shaggyren Big Yard Studioan egindako nahasketak.

Clash

Talka egin dute bi kulturek, baina emaitza ona izan da, dudarik gabe. Talka horretatik sortu den ekoizpenak, bustidurak ditu. Jamaikako kresala eta hemengo gerizpea ditu. Hango musika eta hemengo gogoa. Haize sekzioa nabarmentzen da talka horretan, trikitixaren fintasun eta soiltasuna. Ahotsen nahasketa, hangoen maisutasuna eta bertokoen egiteko gogoa. Jarraitzeko ilusioa.

Clash erreferentzia bat da, lehenago The Clash izan den moduan. Talka orain, zerbait gehiago da: zigilua. Metak itxi eta gero, Muguruzak antolatu duen kultur ekimen berria, azpiegitura berri bat sorkuntza musikala hedatzeko. Eta dagoeneko diskoa Europako