agit/prop,  hurrengo geltokia

Arrasaten Abiadura Handiko Trenaren kontra

Gaur ere ez gara geldirik egongo, ez horixe. Egunero daukagu zeozer gure herri honetan. Herri hau kudeatzen dutenek atsedena hartuko dute asteburuan, soldatak igo berri dituzte eta pozik egongo dira bere atsedenlekuetan, skiatzen, paseatzen, hipermerkatuetan dirua gastatzen…

Apalagooi, Udalaitz defendatzea tokatzen zaigu, mendira joaten jarraitu ahal izateko. Abiadura bizikletaz neurtzen dugun arren, trena sarriago erabili gura genuke, Zarautzera joateko, inoiz Gasteizera joateko, Bilboko alde zaharrera hurbiltzeko… baina hori ez, hoiek ez daude berrikuntzetarako. Madrilekin lotu behar dugu, Paris dugu begiko.  Baina Euskal Herrian patxada ibiltzeko ez daukagu tren egokirik.

Badirudi, inposaketaz Y hori onartu behar dugula. Halabeharrez. Eta zelan diren kontuak, herritarrek iritzia eman ahal izan duten kasu guztietan, trenaren kontrako bozak izan dira nagusi. Kontsultaz berba egingo digute gero, jario etengabean.

Abiadura handiko trenetan ibilia naiz, Frantzian, ibilia naiz Madriletik Kordobara ere. Eta? Ez dut beharrezko ikusten halakorik gurean. Gitxiago egin behar duten txikizioa ikusi ostean. Mapetara begira aritu -mila esker herri ekimenari horregatik- eta informazioa gero eta gehiago eduki, argiago daukat ez dugula behar horrelako obrarik.

Baina, aste honetan ere, gero eta nabarmenago geratu dira jeltzaleen asmoak. Praileaitzen argi ikusi da zerk mugitzen dituen, harriak eta ez herriak. Harria errepide berriak egiteko. Praileaitzen balio historikoa, artistikoak… beraiei bost. Badute Gugemheim. Badute Kursaal. Badute Y. Badute sekulako muturra. Jeltzaleek obrak gura dituzte. Makinaria ezin da gelditu. Baimenak, tramitazioak, soldatak. Abiadura. Nora joateko? Zertan gastatzeko.

Badirudi herri mugimendua asko azkartu dela aspaldion, zantzo politak ikusten dizkiot hedatzen ari den gizarte mugimendu honi. Horregatik ere, gaur Arrasatera joango gara hainbat herritar. Autobus bete. Kontatuko dizuegu, handik bueltatzean.