gaztelumendi.eus

gauez bide ertzean

Lanetik etxera nihoan, lasai. Mezularia nuen entzuteko autoko irratian. Gaua da Kanpazar gainean. Ez dago bidea azkar ibiltzeko, ez nik ere gogo larregirik horretarako.

Kanpazar behera, gauez. Argi urdinak bide erdian. Polizia Nazionala omen. Kontrola. Geldi. Stop. Leihoa jeitsi eta linterna batekin begiratu dute auto barnera. Eskumatara. Stop.

Karneta. Autoko agiriak.  Jeisteko. Atzeko atea ireki dute bi polizia nazionalek. Autotik aldentzeko. Nor naizen. -¿Ha estado detenido alguna vez? Ezetz. ¿Seguro? Ziur nik, ez dut jakingo ba!

Autora hurbildu naute, dena miatzen ari dira. Autotik aldentzeko berriz, furgoneta baten albora. Paisanoz jantzitako kaputxadun bat da burua. Nire gidatzeko baimena faltsifikatuta dagoela esaten dit. Lasai nago ni, dei dezala trafikora nahi badu.

Beste polizia batek besotik heldu eta urrutiratu egin nau. Autoko ate guztiak zabaldu dituzte dagoeneko. Goitik behera miatzen ari dira. Paperak, egunkariak, aldizkariak, iPoda, mp3 bat, diskoak, agenda… GARA egunkari bat eraman dute furgonetara. Ondoan geratu dira El Pais eta Berria.

Koldo Izagirreri egin nion elkarrizketa bat daukat paperean inprimatuta, gustatu bide zaie, irakurtzen aritu dira. Angolillori buruzkoa zen elkarrizketan, aspaldi Ekintza Zuzena aldizkarian argitaratua, berriki blogean jarri nuena. Adi daude poliziak. 100 urte geroago.

Gaua da. Ilun. Argi urdinak bakarrik. Auto gehienak aurrera doaz. Batenbat gelditu dute. Bakarrik nago bide ertzean. Hotz egiten du. Ez dut berotzerik nahi ordea. Luze doaz minutuak. Beldurtzen hasi naiz.

Etorri da kaputxaduna. Non bizi naizen. Norekin. Joan da berriz ere. Furgoneta barruan norbaitekin ari da hizketan. Datuak konprobatzen arituko da. Neure alde. Etorri da furgonetako gidaria. Gidatzeko baimena eta autoaren paperak dakartza. Dena zuzen. Joateko.

Ezetz beste polizia batek, eta miatzen jarraitzen dute. Geldi ni. Joateko desiatzen. Luzeago zaizkit minutuak. Hotzago orain. Urduriago. Joateko gogoz.

Azkenean baietz, joateko. Dena zuzen. Hankaz gora itxi dute autoa. Autoa martxan jarri eta banoa Elorriorantz. Telefonoz etxera deitu, eta lasai egoteko. Kafe bero bat eskatu dut Parran. Elorrioko alkatea bertan. Berbetan hasi gara. Lasaitu naiz.

Autoa berriro hartu eta lasaiago noa etxera. Non hobeto etxean baino.

Eta orain, atzokoa kontatzen dudan une honetan, etxerantz joan behar dut berriz ere. Kanpazar igo behar dut. Kanpazar jeitsi. Etxera nahi dut, lehenbaitlehen.

8 Iruzkin

  • Sugarspeaks

    Joder Ptx! Zelan gureko deure gero euren beste ikuspegi bat eukitzea?Eurek irabazten deure ta landu egiten dute eurenganako ikuspuntu hori eukitzeko. Bueno Ptx, behintzat aspaldiko kafe gozoena izango zan ez?
    Ondo i2li! Ta erosi “El mundo” edo “La Razon”, behar bada horrekin konforme egongo dire.

  • iPtx

    Barkatu Nahikari, baina zu agian ez zaituzte inoiz kontrol batean gelditu…
    ez zait niri gertatu bakarrik. Nik behintzat kontatu egiten dut. Barruak askatzeko modu bat da, beldurrari aurre egiteko saiakera. Uste dut, Europan polizia dentsitate handiena duen herrialdean bizitzeko aukera dugula euskaldunok.
    Niri gertatu? Ohikoa bilakatzen ari da zoritxarrez.
    Durangaldea txakurrez beteta dago aspaldian…

  • Nahikari

    Modu ironikoan jarri dut, ez mintzeko asmoz.

    Zipaioek klasera bidali naute 25 urterekin. Guardia Zibilaren bi kontrol jasan behar izan ditut (bai, beldurra oraindik barruan daukat) eta Metroko seguraten oilarkeriak.

    Garrantzia kentzen saiatu naiz, ironikoki. Horrek ez du esan nahi dibertigarria denik eta gustatzen zaigunik horrelako egoeretan egotea. Denok akojonatzen gara.

  • xme

    oso ondo ulertu ditugu zure sentipenak, eta asko sentituko ginen identifikatuta, baina guri berriz ere ez tokatzea desiratuz aldi berean.
    Inori ez gertatzea onena.

  • blog3004

    Thank you for the auspicious writeup. It in truth was once a
    entertainment account it. Glance complicated to far delivered agreeable from you!
    However, how could we communicate?