10 urte blog honetan
2004ko abenduarekin, neguaren atarian abiatu zen proiektu hau.
Hasieratik informazioa, iritzia eta trukea lantzeko asmoarekin. Diseinua, irudia, software librea, ideia berriak eta eztabaida sustatzeko gogo itzelarekin.
Garaian garaiko teknologiak, aukerak, tresnak ezagutuz eta frogatuz… urtez urte, aroz aro… lekukotza digitala ematen, uzten.
Argazkiak.org | gaztelumendi.org zaharra © cc-by-sa: gaztelumendi
2004ko abenduko sarrera batzuk, oraindik gordeta daude behin eta berriz eraberritutako artxibo digital honetan, gaurko gaztelumendi.org proiektuan.
Argazkiak.org | Egunkaria libre! © cc-by-sa: gaztelumendi
Urtebete lehenago Egunkaria itxi zuten. Ez zen aspaldi egin eta egin irratia indarrez itxi zituztela. Egunkaria eta egin irratian lan egin nuen. Adierazpen askatasuna eta informazio eskubidearen kontzientzia banuen, tresna berriak behar genituen. Sortu beharra zegoen.
WordPress
Lehen egunetik, lehen hitza argitaratzeko unetik wordpress software librearekin sortu eta garatu da proiektu hau. Hasierako konfiantza areagotu besterik ez da egin bertsioak ezagutu ahala. Gaur egun sarean edukiak modu erraz batean kudeatzeko dagoen tresnarik aproposena da wordpress. Mundu osoan edukiak lantzeko gehien erabiltzen den baliabidea. Librea eta komunitate handi batek garatua eta hedatua.
Gurean gainera, euskaraz ere bertsioz bertsio gero eta errazagoa, erabilgarriagoa eta txukunagoa.
Hasierako hautua, aproposa, ondo aukeratua eta estrategikoa suertatu da. Gerora, makina bat gune sortu ditugu inguruan wordpress baliatuta.
2004ko artxiboak berrirakurrita, orduko apustuaren arrazoien indarra, eta asmatu izanaren ostea ditut orain begiko.
Bitakora osatzeko urratsak
Bitakora edo blog hau egiteko WordPress erabiltzen ari naiz, edukien kudeaketarako, eta batipat blogak egiteko dagoen software librean den programarik onenetakoa, aproposena bai behintzat. Une honetan euskaratze prozesuan dago programa bera, eta laister, gune honetako interfaze guztiak ere euskaraz irakurri ahalko dituzue.
WordPress oso erraza iruditu zait. Erabilterreza. Aukera asko ematen ditu. Estiloei dagokionez adibidez, aukera asko eskaintzen ditu; css-etaz ezer ez dakienetakoa nauzue, baina Alexking adituaren gunean, estilo ugari ikusi ditut, eta gune honetarako WordPress css lehiaketan bigarren postua erdietsi zuen Rubrick estiloa hautatu dut. Denborarekin aldatuz joango naiz beharbada… ikasiaren podasuz.
Eta 10 urteotan asko idazteko aukera izan dut, erantzunak jasotzeko ere bai. Blogaren inguruan, teknologia berriei buruz aritzeko beta izan dut hemen eta han. Gauza asko ikusi, komentatu, eztabaidatu ditugu hemen berton. Gorakadak eta beherakadak izan ditu blogintzak orohar, eta neureak ere. Baina artxibo digital eroangarriak dira, gauzak idatzi, gorde, zabaldu, garatu, ikertzeko aukera paregabea eskaintzen dute, eskaini didate.
Informazio eta iritzi trukerako (EZtaBAIda) artxibo digital eguneratu bezala ikusten ditut nik oraindik. Eta horretan murgiltzeko asmoa daukat aurrerantzean.
Ikasteko eta garatzeko aukera paregabea direnik ezin uka. Umeak ikusten dituzu eskolan, zeinen errez baliatzen duten. Elkarte mordo bat, gurean ere badiren komunikazio proiektu herritarrak, alderdiak, herri mugimenduak…. eta pozteko arrazoiak besterik ez daude.
10 urteotan, hori guztia garatzeko aukera ere egon delako. Edukiak eta jakintza partekatuz, bestelako informazio eredu bat landuz, irekiagoa, herritarragoa libreagoa.
Ilusioz eta proiektuz betetako urteak
Argazkiak.org | irratia.com basque digital radio © cc-by-sa: gaztelumendi
IRRATIA.com proiektua abiatu genuen JAbi Zabala eta biok 2000ko azaroan. Sputnik bat bezala abiatu ere, gogotsu. Ilusioarekin. Internet faxaren lineatik konektatuz, Internetik ez zegoen irrati libre batean. Zuzenean emankizunak eskainiz, elkarrizketak eginez, txat kanalak irekiz, nazioartean saretik elkarrizketak lortuz, komunitate bat eratuz…. ilusioa…. gogoa, ikasteko gogoa, grina. Kazetaritza eredu berri bat, informazioarena, hizkuntzarena eta kultura digitalarena.Podcast berba da garai horretatik gogoan daukadan. Eta Arrosa sarea, eta Bilboko irrati libre eta euskaldunak. Eta beste irrati eta medioekin izandako harremana…
Argazkiak.org | irratigintza euskalduna © cc-by-sa: gaztelumendi
www.irratia.com
DeLoReaN taldeko Ekhi elkarrizketatu genuen azken saioetako batean:
[audio:http://bilbohiria.com/docs/podcast/irratiacom/irratiacom100517.mp3]
….//…..
2002ko urtarrilean eposta bidez Literatur Emailuak egiteko ardura hartu nuen Susa literatura argitaletxean. Sareko lanak, literaturaren inguruko agenda, berriak eskaintzen hasi ginen. Gerora astero astero jarraitu dugu Emailua igortzen. Lotu barik. Sarean erreferentzia bilakatu da. Proiektu berrien bultzatzaile eta kudeatzaile aparta da armiarma.com egun. Lantalde itzela inguruan, langile porrokatuak, literatura ezer baino gehiago maite duen jendea, jarraitzaile asko nonahi, onarpen zabala, eta sareko erreferentzia gure kulturan. Denborarekin, Literatur Emailuen artxiboa bloga bilakatu zen tresna moduan, agenda, efemerideak, liburu osoen loturak, albistegi digital… denetarik du orain formatu berrian.
Ikusi eta ikasi kantatzen genuen Delirium Tremens taldearekin. Eta hor abiatu ginen Galder eta biok telebista saio berritzaile batekin. Sarea, bideoak, jarrera berri batekin. Berrikuntza eta 2.0 helburuekin. Mikrosaio bat, sarean partekatua izateko. Sare sozialetan trebatu eta mugimendua sortzeko. Hainbat egin genituen.
Memorioa historikoa, gauza asko dago oraindik gogoratu eta kontatzeko, apurka apurka egingo ditugu… guztion artean. Irudi, mezu, sare sozialetako aipamen, artxibo eta elkarrizketen artean.
10 urte bloga sortzen hasi nintzenetik, lekutan dago 2004ko abendua! http://t.co/78lJEaVveH pic.twitter.com/0S8khluE7b
— gaztelumendi |I*I| (@iPtx) December 3, 2014