Gazteak sarean territorio libre propioak sortzeko gai dira

#faceguk

Heldu da Prest! aldizkaria etxera. Hilero bezala. 150. zenbakia osatu dugu honetan.
Eta hasieratik komunikazio proiektu xume eta herritar honetan murgildurik gabiltzanontzat, guk eta gure lagunek borondate onenarekin idatzitakoa gure etxeetako buzoietara heldu eta jasotzea, pozgarria izaten da.
Prest! aldizkaria etxean
Azken ale honetarako Koldo D. Bizkarguenaga elkarrizketatu nuen, facebook bidezko elkarrizketa izan genuen.

#faceguk

Faceguk, sare sozialak eta euskal identitatea ikertu dituzu. Zerk eroan zaitu horretara?
Euskal gazteek eurek. 2009an gazte koadrilen inguruko ikerketa egin nuen eta eurek esan zidaten gaur egun Internetekin geratzeko beharrik ez zutela. Hari horretatik tiraka hasi nintzen.

Tiraka hasi, eta ze ondorio nagusi atera duzu?
Euskal identitatea egun ez dela soilik lurralde geografiko batean eraikitzen. Nazio identitatea lur eremu bati atxikita egon da, baina Interneten egonkortzearekin beste territorio bat dugu.

Internet diozu baina batez ere sare sozialak eta facebook aztertu dituzu, ezta? Zergaitik?
Euskal identitatearen eraikuntza aztertu nahi nuen, horretarako harreman sozialetan zentratu nintzen eta online sare sozialak dira hauek bultzatzen dituzten plataforma nagusia. Datuen arabera, Facebook da hauetan erabiliena eta hor murgiltzea erabaki nuen, gazteek zer egiten zuten eta euskal identitatea nola eraikitzen zuten aztertzeko.

Zeozerk harritu zaitu? Zer deskubritu duzu ikerketarekin?
Bufa! Ikasketa prozesu polita izan da: unibertsitatea eta bere harremanak ezagutzeko, beste Herri batzuetan egindako ikerketa-egonaldietan beste errealitate eta egiteko moduak ikusteko.
Ikerketa zehatzari dagokionez, maiz gizarteari hitza eman behar zaiola esaten den arren, gizartea entzun behar dela. Ondorio asko, parte-hartzaileek eurek atera dituzte eta.

Eta zure ustez, zein da sare sozialen eragina gaurko gazteen artean, euskal identitateari dagokionez? euskaldunago? espresiorako bakarrik…. zein da sareon erabilpena?
Batetik, kalean aurkitzen ez duten espazio bat dute gazteek onlñine sare sozialetan. Espaizo pribatu bat. Baina hau, kontrolpeko espazioa dela ez dute ahazten, horregatik, euskal identitatea eraikitzeko zenbait modu auto-ukatzen dituztela esan zidaten.
Kontrolpeko espazioetatik territorio propioak sortzeko aukera dagoela azaldu zigun sarrionandiak “euskara da gure territorio libre bakarrarekin”. Sarean ere antzeko zerbait gertatzen dela deritzot: gazteek kontrolpeko espazio batean territorio libre propioak sortzeko gai baitira.

Zuk ere, ikerketa hau gauzatzeko buru belarri aritu beharko zenuen sarean…
Asko ikasi duzu horretaz?

Guztia. Izan ere, ikerketa hasterakoan ez nuen Facebook konturik. Horregatik, kontua sortzean Euskal Herriko hainbat aditurekin bildu niintzen, ikerketaren nondiknorakoak finkatzeko asmoz. Facebookeko erabilera ikerketa parte hartu duten gazteen bidez ikasi dut. Eta ikasketa prozesu hau Tesian txertatzen saiatu naiz gazteen testigantzak zuzenean sartzen.

Eta orain, behin ikerketa bukatu eta aurkeztuta, ezberdina al da zure jarrera eta zeregina sare sozialetan? Zelan bizi dituzu egun?

Ikerketan parte hartu zuen gazte batek Facebook lagunentzako eta Twitter lan kontuetarako erabiltzen zuela esan zidan. Bere bidea jarraituz, horrela erabiltzen saiatzen naiz. Are gehiago, uda osoa ia Facebooken sartu gabe egon naiz. Beraz, hauetatik apur bat aldentzen ari naiz, distantzia hartzen edo.

Eta gazte mundutik haratago, uste duzu sare sozialek badutela eraginik nazio identitatean, naziogintzan?

Erabat. Bai dimentsio sozial zein politikoan. Euskal identitatea eraikitzeko beste tresna batzuk eskaintzen ditu Internetek (argazkiak, bideoak) eta batez ere beste espazio bat (lehen aipatutako muga geografiko gabeko territorioa).

Eta aurrerantzean, zure ikerketa eta irakakuntza esparru izango da sarea? Ala beste zeregin edo eginkizunetan zabiltza egun?

Sarea eta euskal identitatea. Bietan jarraitu nahiko nuke. Sarea gure artean gutxi ikertu den espazioa izanik oso interesgarria iruditzen zait. Baina nire motibazioa euskal identitatea eta honen eraikuntza izanik, honekin jarraitu nahiko nuke. Aurtengo kurtsoa Tesitik ondorioztatutakoak dibulgatzeko eta eztabaidatzeko hartuko dut: bai artikulu zientifikoak idazten eta bai blogari lanetan. Oso kurtso polita izan daiteke.

Eta etorkizuna zelan ikusten duzu, bi esparruotan?
Ekonomistek esaten ohi dute aurreikuspenak oso zailak direla eta are gehiago etorikzunari buruzkoak badira
Azken hamarkadatan euskal identitatea Haiek batzuei begira (bereziki estatu espainol eta frantsesari begira) politikoki eraiki dela uste dut. Gaur egun, talde barneko harremanak eta sinboloak indartzea garrantzi berezia dutela ikusi dugu Tesian. Gainera, euskal identitateari kutsu politikoaz gain (batez ere kanpotik egindako irakurketa da hau: identitate espainola eta frantsesa “normala” den neurrian, euskalduna politikoa besterik ez da eurentzat), kutsu sozial eta kulturala aitortzen ari zaio. Etorkizunean euskal identitatearen eta gizartearen etorikzuna dimentsio sozial eta barneko erreferenteak indartzean datza
Interneti dagokionez, ordea, honen inguruan asko ikertzeko dago gure Herrian. Izan ere, beste leku batzuetan (Bartzelonan, Oxforden edo Buenos Airesen kasu) gai hauek aztertzeko laborategiak eta behategia dauden arren, Euskal Herrian ikerketa espazio ia ezagutu gabea da. Etorkizuna beraz, honen inguruko ikerketak bultzatzean egon daiteke

Elkarrizketaren bertsio digitala URIOLA.info atarian.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude