e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

Luistxo Fernandez: Gauzak asmatzeko ausardia behar da

luis fernandez

>baga) Blogaria zergatik?

Euskarazko blog plataforma bat nola eratu zitekeen pentsatzen, norberak probatu behar makinariarekin lehenbizi, eta modu eleanitzean saiatu nintzen, alderdi teknikotik test interesgarria zelakoan. Eta halaxe hasi nintzen, asmo editorialik gabe.

>biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

Internetera dedikatzen den enpresa batean, blogetan idazten eta blogak jarraitzen denbora asko ematen dut. Nire lana oso uztartuta dago blogintzarekin.

>higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

Euskaldun batzuk konektatuta daude elkarren artean Internet bidez. Blogen bidez ere bai. Baina blogen aurretik ere bai. Nahikoa da posta elektronikoa komunitate zentzu bat eratzeko; Eibartarrak zerrendaren kasuan ikusi dut nik ia hamar urtetan zehar.

>laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?

Pasio dibertigarri bat

>boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

Eduki libre gehiago behar du. Konexio mugikorraren merketzea behar du. Gauzak asmatzeko ausardia behar da, baina baita inteligentzia, zortea eta indarra. Ez nago hain seguru ezer handia asmatuko dugunik. Zeozer asmatu dugu, baina, balio du edo balioko du? Ez dakit. Besteen asmakizunak gure fabore ondo erabiltzea ere ez litzateke txarra.


>sega)
Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

Bat baino gehiago

>zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

Familiarekin oso gustura igarotzen ditut egun horiek.

>zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

Egunero ez dut irakurtzen, ez duelako egunero mezurik idazten, baina jario batzailean abisua ikusten dudanean, taka! klik egiten dut azkar azkar Wheylona kaliforniarraren blog donostiarrean.

>bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

asoziala

>arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

Zein izango da etorkizuneko euskarazko telebista?

Ez da erraza asmatzen, baina Internet bidezko kanalak nagusituko dira, atoan gainera. Disko gogorra eta telebista pantaila elkarrekin daude etxe baten baino gehiago. iTunes, Apple TV eta abar hortik doaz. Eta iTunes-en basque jarrita… aspaldi emaitza bakarra dago: irratia.com
Egia esan ez daukat telebistari ekiteko gogorik, baina Hamaika telebista proiektukoek, hobe lukete bai, Interneti gehiago so egingo baliote. Jende ona dago proiektu horretan, Internetekin harreman estua eta ona duena, eta pentsatu nahi  dut, ez dutela iparra galduko. Lizentzia digital lokalak eskuratu dituzte, baina Interneteko telebista euskaldunen sarea ere osatu beharko lukete, halabeharrez.
ETB1 desagertze bidean da. Lehen haur programazioa+pilota+futbola+informatiboak zen. Futbola erori da, pilotarekin kasu (Asegarce+Bainet+Hamaika….), informatiboak ez omen ditu inork ikusten, eta haur programazio enlatatuarekin soilik ezin mantendu daiteke telebista bat. Goenkale eta Mihiluze ikusteko, hobe Interneten jartzen badituzte…. zinez.

>tiro pUm! Nori egingo zenioke galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu..

Leire Narbaizari, Hasier Etxeberriari edo Goio Aranari.