e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

Gorka Bereziartua: Euskarazko Wikipedia edukiz gainezka ikusi nahi nuke

baga) Blogaria zergatik?

Ordenagailu bat etxean duenak goizago edo beranduago erabiltzen hasteko
arriskua duelako. Nik ez nuen arrisku hori kontuan izan eta begira, orain
egun osoa pasatzen dut pantailaren aurrean. Beraz, hau irakurtzen duenak ez
dezala esan ez diola inork abisatu!


biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu
blogarekin?

Kazetaria naiz Argia aldizkarian, eta beste medio batzuetan ere kolaboratzen
dut. Bloga ahal dudanean berritzen dut. Gainera bi kume elikatu behar,
eremulauak eta nire bloga. Momentuaren arabera nabil batean edo bestean, eta
egia esateko azken aldian nahiko nukeena baino gutxiago.


higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan
ikusten duzu?

Ez dakit komunitatea den hitza, baina sare batzuk badaude noski.
Zabaldu.com-en inguruan, Sustatu-ren inguruan… Kontua da horiek talde
“kontzientziatuak” direla nolabait. Baina hortik kanpo jende asko dabil
sarean euskaraz, beste pretentsiorik gabe, zerbaiten parte sentitu gabe.
Harrituta nago adibidez nire herrian fotologa zenbat jendek duen ikusita.
Euskaraz ari dira horiek ere eta ziur askok ez dutela Sustatu edo Zabaldu
ezagutzen. Eta horrek bere alde onak ditu (erakusten du jendea
naturaltasunez ari dela euskaraz sarean) eta txarrak ere bai (proiektu
handiagoak aurrera eramateko behar izaten delako kontzientzia maila bat duen
jendea egotea).


laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu… Internet zer da
zuretzat?

Oinetakoak bezala, eguneroko bizitzaren parte bat. Lan tresna neurri handi
batean, informazio iturria noski eta entretenitzeko bidea ere bai.


boga)
Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek…
Ausartuko gara zeozer asmatzen?

Zeozer berria asmatzeko ez naiz ni egokiena. Atzeko bagoiko internauta naiz,
asmatutakoa erabiltzen ikasteko nahiko lan izaten duena.

Beraz, nire ustez zer gehiago behar duen Internetek? Ba, adibidez,
euskarazko Wikipedia edukiz gainezka ikusi nahi nuke. Lan handia egin du hor
dabilen jendeak, baina jende gehiagok parte hartuko bagenu diferentzia
ederrekoa izango litzateke. Eta hor lehenengo harria nire kopetera bota
behar dut ni bainaiz edukirik sartu ez duen aurrenekoa.


sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

Eremulauak-en inguruan jende dezente bildu ginen ekin genionean eta geroztik
ere lagun berriak egin ditut. Dena dela, nahiago jendea aurrez aurre
ezagutzea.


zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi
eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

Esnatu, makarrak kendu, dutxa, jantzi, kafea, irratia, autoa etab. Lanera
iritsi eta idazten hasi. “Nola zen, hatxez edo gabe?” 600 tonako hiztegia.
Ez dira hor bukatzen zalantzak: entziklopedia hartu, thessaurusa, estilo
liburua eta Biblia (badaezpada). Iritsi naiz mahaira, nahiko ondo halere,
bizkarra normala baino apur bat kurbatuagoa, besterik ez. Baina zerbait ez
dabil. Entziklopedia, zaharkitua; erreferentzia faltan; hainbeste
libururekin ez daukat ordenagailuarentzako lekurik ere. Olivetti batekin
hasi naiz, gutxiago okupatzen duelako-eta. Bizarra egin izan banu. Atzoko
egunkarian Zumalakarregiren berri. Ezer onik ez gerra parteak. Zaldiak
trostan eraman nau etxera bazkaltzera. Atzamarrak miazkatu ditut zerrikia
bukatzean eta egurrezko godaleta tragoan hustu. Ilea hazten ari, besoetan,
masailetatik gora. Atzera lantokira. Lan egin behar dela, egon hadi geldi!
Zergatik ari haiz horman zaldiak marrazten? Egin ezak probetxuzko zerbait,
sua edo. Lankideek arraro begiratzen didatela uste dut. Baina ez nago
seguru, ez baititut ondo ikusten hemen goian beso bakarraz helduta adarretik
zintzilik nagoela. Hurbildu naiz ba, eta orduan eta arraroago begiratu
didate. “Ez ba, nola izango dut nahiago bi hanketan ibiltzea? Sartu zure
kontuetan aizu!”. Bueno, eta horrela izaki unizelular bihurtu arte, gutxi
gora behera (Big Bang-eraino atzera egitea aukerazkoa da, kreazionistek
mesedez alboko leihatilan galdetu).


zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok
ere horren berri izan dezagun.

www.papelcontinuo.net jarraitzen dut. Gauza interesgarriak jartzen dituzte,
nahiz eta batzuetan bizarroegia ere bihurtzen den. Eta noski, geroz eta
grazia gehiago egiten didate Marrapuntun jartzen dituzten gauzek (“Euskal
Herriko patila”-ren tankerako inkestak, bua!). Euskal Nerd-tasuna
bultzatzeko egiten ari diren ahalegina benetan txalogarria da.


bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa
nahikoak izango al dira.

Horra, EU & EN

1- dabilen 1- rolling
2- harriak 2- stone
3- goroldiorik 3- gathers
4- biltzen 4- no
5- ez 5- moss


arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez,
atsegin handiz.

Nik uste mundu guztiak noizbait galdetu nahi izan dizun zerbait dela hau:
Kazetaria, blogaria, aktibista… Zenbat ordu ditu zure egunak denetara
iristeko?

 

  • Gorka, nire egunek ere 24 ordu dituzte. Iritsi ez dakit, baina zenbat gauza ditugun egiteke pentsatze hutsak gehiago nekatzen nau.


tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin
proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

http://murgilduta.net-eko Julen-ek ziur oso gauza interesgarriak kontatuko
dituela.


Iruzkin Bat

  • Kevin Heredia

    edderra!

    inboluzionismoaren teoria interesgarria, Gorka. Hemendik aurrera Gorkista aitortzen dut ene burua. Errespeta ezazue nire kredoa.

    Kevin is Love