e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

Teketen: Euskarazko edukiak Interneten konplexurik gabe sortuko dituzten pertsonak behar ditugu

teketen

baga) Blogaria zergatik?

Kontatzen ez diren gauzak kontatzeko sortu nuen, nire gogoak eta grinak besteekin banatzeko eta besteek egindako aportazio eta elkarrizketarekin aberasteko. Gaur egun nire Interneteko izaera eta sorkuntzaren nodo zentrala ere badela esango nuke.

biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?

Web aplikazioen garapenean eta informatikarekin zerikusia duten gai berrietan ikasten eta irakasten dut Elurnet enpresa txiki bezain interesgarrian. Lan hauetako batzuetatik ikasi eta blogera eramaten dut eta alderantziz, lan hauetako batzuek egiteko blogintzan sortutako jakintza aplikatzen dut. Erabat konplementarioak zaizkit biak, batzuetan banan ezin diren bi alderdi ere izatera iritsi dira.

higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?

Euskarazko komunitatea badago eta ez dut dudarik. Eztabaidatu dezakegu baina zer den komunitate bat. Komunitate bat gauzak elkarrekin egiteko elkar ezagutu, jarraitu eta lotzen diren pertsonak badira ez dut dudarik badagoela. Beharbada norbaitek dudan jarri dezake asko edo gutxi garen baina komunitatea badago. Gainera komunitate horren ingurunean pertsona gehiago dago banandurik komunitatean parte hartu ez baina hein batean parte sentitzen direnak. Komunitateak parte hartzen duten pertsonek osatzen badute ezin izan daiteke oso handia, ezagutzen al duzu espainiarren komunitaterik? Berriro hasierara bueltatuz, zer da komunitatea?

Egotekotan ez bakarrik bat euskarazko komunitateak denak nonbait elkarren arteko talkak eta loturak dituzte askotan. Zabaldu.com, Sustatu.com, Blogari.net, Blogak.com, Nireblog.com (eta plataforma euskarazkoa ez baina euskaraz egiten duten asko), Librezale.org, Indymedia Euskal Herria, Blogosfera jeltzalea, Wikipedia euskalduna, herrietako aldizkari euskaldunen inguruko komunitateak, etab. Denetan ez daude pertsona berdinak nahiz eta batzuk bat baino gehiagotan egon. Nonbait momentu konkretuetan bada ere komunitate txiki hauek (niretzako sareak) elkarren arteko loturak edo talkak egiten dituzte eta komunitatea baino beharbada sare txikien sare handiago bat osatzen dute. Elkarren artean ezagutaraziko bideak ematen dituzten pertsonak edota proiektuak dira komunitate zabal bat izateko garrantzizko tresnak.

Eta hala ere komunitatetik kanpo ere bizitza dago, euskaraz jakin bai baina sarean egiten ez duten jende interesgarri asko, my space edota msn spaces-etan dabiltzan gazteak, irakurri bakarrik egiten duten erabiltzaileak etab. Aukera guzti horiek egon badaude eta bakoitzak erabakitzen du, gurera biltzea nahi badugu erakarri beharko ditugu, baina bitartean hor daude eta hori ere ondo dago.

laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?

Irakurri, aztertu, lan, sortu, disfrutatu, estresatu, bildu, elkartu, idatzi, esan, egin, egon. Nire bizitzaren beste atal bat.

boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?

Mugikortasun gehiago edozein tokitan konexioa izateko aukera.

Sozialago izatea, baliabide teknologiko hauek gure egunerokotasunean herriaren mesedetarako erabiltzeko aukera ematea.

Euskarazko edukiak Interneten konplexurik gabe sortuko dituzten pertsonak izatea.

Jakintza banatu, elkartu, zabaldu, moztu, lotu, elkartu, elkarbanatzeko oztoporik jartzen ez duten bideak eta batez ere horientzako oztopo ez diren pertsona, lege, erakundeak.

sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

Zu, lehenengo ahotsez irratia.com-en, gero internet bidez eta pertsonalki edo alderantziz? Neurri espazio tenporalak ez ditut ondo kontrolatzen.

zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

Goiz esnatu, ondo gosaldu tortila bat edo ahal denean, txango bat ematera irten Zumaiara (txarra egiten badu etxean irakurtzen gelditu). Ondoren bazkaldu eserita lekuren batean menu bat edo lagunen baten etxean. Arratsaldean siesta bota eta kalera pasiatzera atera (txarra egiten badu zinera). Gau partean neskarekin etxera joan edota astebukaera bada lagunekin parranda pixka bat egitera atera.

zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.

Consultoria artesana en la red (http://artesaniaenred.blogspot.com/). Jorratzen dituen gaiak pentsarazi egiten naute eta ba al dago gaur egun gauza interesgarriagorik? oharra: kontuz gaztelera zitalez 😉

bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.

hiper(h)aktiboa, gertukoa, komunikatiboa, euskalduna, gorria (baina hau besteek egiten dute hobeto, Euskal Herriko kirol nazionala da etiketak jartzearena horregatik bai garela 2.0)

arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.

Imaginatu galdutako gauza guztiak dauden leku bat badagoela eta kalean zoazela Larrabetzuko kultur etxe alderantz zubia zeharkatzen ari zarela behe laino lodi batek bertara eraman zaituela. Zer gustatuko litzaizuke bertan topatzea?

tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

David Gonzalez (ketari)


65 Iruzkin