e-hizketan,  hamaiK -hamaika kontu-

Imanol Murua: zergatik daude EAJko hainbeste blogari eta ezker abertzaleko hain gutxi?

Imanol Murua
baga) Blogaria zergatik?

Lanarekin lotura zuzena duen bloga da nirea eta, beraz, lanbidearekin
lotua dago blogari izateko zergatia ere. Hitz gutxitan esanda: arau
zurrun samarrekin idatzi beharra dugu paperean, nolabait esatearren
kazetaritza tradizionalaren irizpideen barruan. Blogak libreago
aritzeko aukera ematen dit eta, bidez batez, erantzunen bidez
irakurleei tenperatura hartzeko aukera ere bai.

biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu
blogarekin?

Nire lehentasuna papereko ediziorako lana da. “Lanaren barruko
aisialdia” bezala da bloga. Atseden txiki bat, lan astunagoaren
barruan. Eta, egia esan. blogari ez daukat denbora askorik eskaini
beharrik, bestela egin ohi dudan lanetik elikatzeko aukera baitaukat.
Elkarrizketa bat egin dudala papererako? Galderak prestatzen, bidaian
joan-etorrian, grabatzen, transkribatzen, erredaktatzen… Hamalau ordu
igual behar ditut. Blogean komentario osagarri bat sartzeko, aldiz,
hamar minutu nahikoa dira.

higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan
ikusten duzu?

Jakina badagoela euskarazko komunitatea. Baina ez naiz baten batek
metablogging-a esan dion horretan aritzeko oso zale. Nahiago dut
blogosferan jardun, blogosferaz jardun baino.

laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da
zuretzat?

Informazio kutxa erraldoi bat, apur bat desordenatua (nire erruz,
neurri handi batean, tresnak ez baititut behar bezala ezagutzen).
Internet bidez jakin dut, adibidez, estimatzen dudan lagun batek
istripu latza izan duela A-8an eta, zorionez, onik atera dela.

boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek…
Ausartuko gara zeozer asmatzen?

Internet-ik ez zegoen garaiko informazioa digitalizatzeko ekimen
gehiago, adibidez. Armiarma.com-en moduko gehiago, alegia.

sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?

Jendea ezagutu dut: blogariak, nire blogean erantzuten dutenak… Baina
lagun onak, Internet bitartez, egia esanda, ez.

zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean
hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…

Jakina posible dela. Lan egunetan, ezinezkoa. Baina jai eguna izatea
eta plan on bat edukitzea aski izan daiteke Interneten sartu gabe
egiteko egun osoa.

zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat,
besteok ere horren berri izan dezagun.

Politika kontuak jarraitzeko zer blog begiratzen ditudan esan beharko
nizuke, baina egia esan, blog politiko interesgarri gutxi topatu dut.
Politikarien artean aktiboena, dudarik gabe, Iñaki Anasagasti da
(www.ianasagasti.blogs.com). Inoiz berarekin topo eginez gero, ez nioke
ezertaz hitz erdirik esango, nik esandakoa bere blogean argitaratuta
ikusi nahiko ez banu behintzat. Alegia, (komeni zaion) dena kontatzen
du.

bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost
etiketa nahikoak izango al dira.

Zalantza, enpatia, zalantza, independentzia.

arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure
partez, atsegin handiz.

Bi galdera, zure baimenarekin. Baga: zergatik daude, zure ustez, EAJko
hainbeste blogari, politikari buruz eztabaidan (arabatik, gipuzkoatik,
izaronews, izaronius…), eta ezker abertzaleko hain gutxi —nik ez ditut
topatzen behintzat—? Biga: zer moduz, istripu latzaren ondoren?

* Galdera oso interesgarria, Imanol. Hipotesi batzuk botako ditut, neure kasa eta boteprontoan. PNVk bizi duen egoera berezia da, nik ez nuen EAren banaketa gertutik bizi izan, baina oraingo krisi hau bideratzeko, elikatzeko, hedatzeko bloga hautatu dute jelkide askok. Egia esan, oso alderdi bertikala da, eta nolabait behetik lehertzen ari da egoera hori. PNVko kideen blog asko dago, baina gehienak gaztelaniaz gainera. Bitxia da hori ere.
Ezker abertzaleko hain gutxi? Egia esan  blogak gutxi dira, baina blog kolektiboak, herriz herri dexente daude. Egia da, kotileo politiko gutxi lantzen dela, zurrumurrutegiak ez du funtzionatzen horrenbeste ezker abertzalean. Asanbladak, funtzionamendua eta partehartzea irekia da, berez barne eztabaiden berri izateko ez da blogik behar. Nik ere nahi nuke ezker abertzaleko jendeak gehiago idatziko balu blogetan, partehartze aktiboagoa Interneten. Baina jendeak kezka asko ditu, nork bere herri eta auzoan. Baina galdera titularrarera eraman dut apropos, ea jendeak zer dioen, zer uste duen jakiteko.

*Eta ni ondo nago, ikusten duzu.

tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini
egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.

Bosco Garciari.

58 Iruzkin