hurrengo geltokia

A8 …eta bizirik nago!

Hondarribira nihoan, lan kontuak tarteko, egun osoko bilera batera bertako Gazte aterpera. Itziarren gasoila bota, egunkariak erosi, eta lasai nihoan. Euria ari zuen, zarra zarra, eta arretaz gidatzen nihoan. Bereziki zaindu ditut Itziarko bihurguneak, Zumaiara heldu aurretik dagoen aldapa beherako bihurgunea ere mantso hartu dut, Donostian Amaratik atera beharrean aurrera jarraitu dut, eskuinerantza. Irungo norabidean.


Bapatean joan egin zait autoa, -aitaren 4×4 asto bat- ni baino gehiago izan, eta ezin izan dut kontrolatu. Eskuin hegala jo dut lehenbizi, bueltak ematen hasi naiz gero, ezkerraldera igaro arte. 5, 10, edo nik zer dakit zenbat segundu izan diren, buelta, itzulika… eta ni geldi jezarlekuan, mugitu ere egin barik, baina bueltaka. Gelditu denean, askatu dut gerrikoa, eta aurreko leihotik atera naiz, zutunik. Oinez.

Auto ilara geldirik zegoen atzean. Harrituta, ez zuten espero nonbait. Eta nire gauzak biltzen hasi naiz… ez dakit zenbat metro atzerago. Idazten dudan ordenadore hau, motxilan zegoen bide ertzean. Nire jaka beltza ere zikinduta haren ondoan. Egunkariak lurretik sakabanatuta, aitaren makila, neurriak hartzeko metroa, telefonoa autoaren ondoan…

Izugarria! Uste dut tarte batean ez dudala ahantziko. Eta bizitzak buelta eman didala une batez. Second life. horrela idatzi diet lagunei. Ohetik. Baina ondo nago, zauri txikiak egin ditut bapatean ateratzean, belarrian, eskuetan…

Gogoan hartuko ditudanak:

  • Zeinen txarto dagoen prestatuta autopista hau horrelako, edo are larriagoak izan daitezkeen, istripu eta ezbeharrentzat. Ez dago irteerarik, ez dago non buelta eman, ez da polizi auto edo anbulantzientzako bide berezirik.
  • Tokatu zaizkidan bi ertzainen jatortasuna. Euskaraz mintzatu zaizkit denbora guztian, bai istripua izan eta gutxira, zein atestatuak egiterako unean. Hikaz berbetan, tono hurbila, konfiantzazkoa… eta atestatua ere euskara hutsez erredaktatu dute. Oiartzungo ertzain etxean egondakoan, pertsona bezala tratatu naute, abegikor gainontzeko atezain, zaindari eta guztiek ere. Hamarra benetan.
  • Donostiako erietxean ere, erdiak baino gehiago euskaraz atenditu nau. Eta egia esan, larritasun momentuetan asko eskertzen da hori. Barrutik atera behar dituzu berbak, zer duzun, zer gertatu den kontatu behar duzu, kontatzeko beharra duzu… eta berotasun hori asko eskertzen da. Mediku batek, bi erizainek eta beste zeladore batek euskaraz egin didate. Itzela.

148 Iruzkin