Katixa Agirre: “Batzuentzat bloga da euskaraz aritzeko leku bakarra”

 

baga) Blogaria zergatik?
Dibertigarria delako, eta zure txokotxo propioa izatea ahalbidetzen dizulako, alegia, protagonismo apur bat eskuratzea.

biga) gaur egun, zeintzuk dira zure egitekoak, zelan uztartzen dituzu blogarekin?
Ordenagailu aurrean ordu ugari pasatzen ditudanez, erraza da blogen munduan erortzea behin edo behin, besteenak irakurtzeko eta baita norberaren blogean idazteko ere. Egia da (hau aitortu beharko dut) prentsarako-eta idazten ditudan beste artikuluak birziklatzen ditudala blogerako.

higa) euskarazko komunitate bat dagoenik esan daiteke? Zuk zeuk, zelan ikusten duzu?
Noski badagoela, eta handia dela esan daiteke. Nik badakit (tartean lagun batzuk ditudalako) zenbait pertsonentzat bloga dela euskaraz aritzen diren leku bakarra. Beraz, beste aukerarik ez dutenentzat euskaraz egiteko eremu bat sortu dugu, eta eremu txukuna da, egunero gauza interesgarriak topa baitaitezke.

laga) Irakurri, idatzi, erantzun, ikusi, jarraitu…Internet zer da zuretzat?
Nire munduaren zati bat, munduarekin harremanetan egoteko tresna inportantea. Aipatzen dituzun aditz horiek guztiak eramaten ditut aurrera.

boga) Eta zer gehiago behar du, behar luke, zure gustuko Internetek… Ausartuko gara zeozer asmatzen?
Benetan mundu guztira zabaltzea. Ez gaitezela geratu internautaren profil tipikoarekin: gizona, gaztea, maila kultur zehatz batekoa, lehenengo mundukoa eta abar.

sega) Internet bidez, ezagutu duzu lagun onik, nor? non? noiz?
Bai, noski, baina nik ez dut nire lagunak klasifikatzen non ezagutu ditudanaren arabera. Ez dakit zergatik oraindik harritzen garen jakitean ez dakit nork bere bikotea ezagutu duela internet bidez. Niretzat internet jende arteko harremanak garatzeko beste toki bat da.

zai) Internet gabeko egun bat kontaiguzu, zer egingo zenuke, goizean hasi eta gauerarte, hori posible ote den jakiteko irrikitan nago eta…
Posible da, bai, nik internet gabeko egunak pasa ditut uda honetan bertan. Altxatu, gosari ederra, gero hondartzara, bainatzera, eguzkia hartzera; paseo bat ezagutzen ez duzun herri batean, lagunekin hitz egitea, zerbeza hotz bat, izarren pean afaltzea… Deskonektatzeko gogoak piztu zaizkit! Baina galdetegiarekin jarraituko dut, lasai.

zoi) Webgune bat gomendatuiguzu, egunero irakurtzen duzun blog bat, besteok ere horren berri izan dezagun.
Egunero www.javierortiz.net irakurtzen dut, adibidez, artikulu zorrotzak idazten dituelako, eta badakidalako goizero zerbait berria eskainiko digula. Neatorama.com gunea ere bisitatzen dut, gauza frikiak ikusteko.

bele)) Orain etiketa ezazu zure burua, zure jarduna… laupabost etiketa nahikoak izango al dira.
idaztea siesta txapela_buruan INEM

arma)) Nahi baduzu, bota zuk orain galdera, nik erantzungo dut zure partez, atsegin handiz.
Aita zaren aldetik, zein adinetatik aurrera uste duzu komenigarria dela ume batentzat Interneteko saltsan sartzea? Umeen ziber-jarduna kontrolatzearen alde zaude?

Katixa, egia esan ez dakit. Galdetuko diot nire amari, ia Interneten sartzeko baimenik eman didan inoiz. Baina telebista baino osasuntsuagoa deritzot sareen sare honi. Kontrolaz, oso gauza polita irakurri berri dut ikteroen blogean. Ordenagailuak, seme-alabak eta Internet. Bizirauteko gida.

tiro pUm! Nori egingo diot hurrengo galdera sorta? E-lkarrizketa zeini egin proposatuidazu.. itaunok berari igortzeko.
Patxi Lurrari, blogari kuttuna delako.

885 thoughts on “Katixa Agirre: “Batzuentzat bloga da euskaraz aritzeko leku bakarra”

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude