Durangoko azoka hasi da, biba festa!
Goizeko 10etarako Durangon geunden hiru lagunak. Herrian kafea hartu eta txiri txiri abiatu gara autopistatik. Atoan heldu gara, egia esan. Parking-ean furgoneta laga eta stand guztia txukundu dugu, saltzeko prest jarri edo.
Buruan nekarren, Azokari buruz egunero idaztea. Durangoko Azokak ibilbide berria hasi du, tokia berria da (bigarren azoka du aurtengoa), tokia aproposa, tokia handia da, tokia gozoa da, atsegina. Bost egun eman behar ditugu berton, eta eroso egotea da kontua. Liburuak saltzeaz gain, jendeagaz berba egin, nobedadeak ikusi eta erosi, lagunak agurtu eta asmo ezberdinak buruan. Tartean, bertatik blog honetan idaztea. Horregatik, Azoka zabaldutakoan Euskaltel gunera abiatu naiz. Eta pantailak bazeuden, bai, baina denak telebista pantailak, bideojokoetarako.
-Eta ez dago ordenadorerik? itaundu diot iñoso laranjaz jantzitakoari.
-Ez, baina wifi dago. Erantzuna berak. To, XXI. mendea nik neure buruari. Wifi dago. Ah! bale, portatilagaz etorriko gara denok. Eta bideojoko erdaldunak instalatzen jarraitu du laranjadunak.
Bueno, ba gauean ekin beharko etxetik idazteari. Eta une batez ahantzi egin dut bloga. Eta literaturari jarri diot arreta. Liburuei. Saltzeari.
Goizean ez da jende askorik ibili. Baina gustura. Berbaz, jendea lehenengoz agurtzen. Apurka apurka hasi dira salmentak. Jendeak lehen kalendarioak erosi ditu, lehen idazle eta kantari ezagunak hurbiltzen hasi dira, eta boltsak betetzen ordurako.
Zara parta
Eta holan, bapatean, boltsa batzuk ikusi ditut, Bilboko denda haundietan ikusten diren bezalakoak, kartoizkoak eta soka lodidunak. Zarakoak izaten dira horrelakoak. Eta kalitateari erreparatzen niola, argazki ezagun bat boltsaren gainean inprimatua. Ni hemengoa naiz eta argazki hauxe:
Sarri
Ez nuen sinestutakoa ikusten. Ezin begira jarraitu. -Zer? galdetu diot nire buruari. Megadenda baterako izena asmatu dute hauek ala?! Xalbador, Urretxindorra, Bilintx eta orain Sarri hil digute. Estanpatu digute. Ni hangoa naiz letra txikiagoan. -Hori ere bai? Nongoa? Hangoa? Beraz, kondenatu dugu, hemengotu eta hangotu. Ez dut konprenitzen ahal. Berdin du.
Liburuak irakurri, burua arindu, jendeagaz berbetan jarraitu, aktibitatea behar nuen, zeozer egin. Eta holan heldu dira arratsaldeko 20:00ak. -Azoka itxiko dugu entzun dudan arte.
Palentinora joan, lankideak agurtu, jende ezagunari aupa esan, eta etxera etorri gara. Txiri txiri. Ezin sinistuta. Bihar beste egun bat.
Gabon.
Iruzkin Bat
Pingback-a: